1975-2015, korapiloaren aurrean, euskal haustura demokratikoa

2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Duela 40 urte hil zen, gaixotasunak jota, Francisco Franco, 1936ko estatu kolpe faxistaren ondorioz ezarri zen diktaduraren burua. Hitler edo Mussolini ez bezala, inork ez zuen Espainiaren Kaudilloa agintetik kanporatu. Bigarren Munduko Gerlaren irabazleek ez zuten frankismoa erorarazi. Alta, Mendebaldeko eragileen babesari esker iraun zuen lau hamarkadaz. Are makurrago, laguntza horrek ahalbideratu zuenfrankismoak berak bere ondorengo erregimenerako trantsizioa diseinatu eta lotu izana.

Helburu bat partekatzen zuten estatu frankistak, atzean zeuden espainiar eliteek eta nazioarteko tutoreek: gainezkapen demokratikoa eta eredu sozioekonomikoaren aldaketa galaraztea. Gauzak horrela monarkiaren errefusa, frankismoaren kriminalen zigorra, estatu aparatuen garbiketa, mendebaldeko esparru kapitalista-inperialista mailako uztarketaren kolokan jartzea eta herrien autodeterminazio eskubideak marra gorriak ziren. Garai hartan «haustura» gisa ezagutzen zen alternatiba ereduaren oinarriak, hain zuzen.

Ez zen hausturarik izan, dakigunez. Iniziatiba izan zuten hastapenetik frankismoaren erreformatzaileek, prozesuaren kontrola bermatuz. Azkenean, erreformak ia dena izan zuen bere alde: aurretik zetorren estrategiaren abantaila, eliteen jarrera, nazioarteko tutoreen babesa eta —era berezian azpimarratu behar den— antifrankista historiko askoren etsipena. Antifrankista izandako horiei esker nagusitu zen erreforma, haustura baztertu eta klaudikazio historikoa egin zutelako. Erreforma bera mitifikatzen lagundu zuten, gainera, Trantsizio Eredugarriaren Mito atzerakoi eta desmobilizatzailea bultzatuz.

Dena ez zen errendizioa izan, alta. Euskal Herria bilakatu zen frankismoaren erronka nagusia diktaduraren azken urteetan, eta talka areagotu zen Franco hil ondotik. Bete-betean jo zuten euskal eragile hausturazaleek garai hartan, egin zuten azterketan nahiz erreformaren kontrako jarrera politikoan. Zenbaitek orain «deskubritu» dutena atzeman zuen duela 40 urte borrokaren sen kolektiboak, hau da, frankismoarekiko lotura horiek eta erreformaren ezaugarriek mugatu zutela erabat «espainiar demokrazia».

Euskal eragile hausturazaleek, eta bereziki orduan gorpuztu, berritu eta indartu zen ezker abertzaleak aurre egin zioten erreformari, beste aunitzen etsipena salatuz. Ezker abertzalea eta oro har frankismoaren garaietan piztu eta erreformaren aurrean berrindartu zen euskal matxinada etsai nagusia bilakatu zen.

Orduan ezarritako paradigma sozioekonomikoa, eredu juridiko-politikoa eta ardatz ideologiko-kulturalak krisian daude: Erreformaren Erregimena krisi sakon eta larrian dago murgilduta, Trantsizio Eredugarriaren Mitoa kolokan, irakurketa kritikoak ugaltzen direlarik.

Duela 40 urte bezala, gainezkapen demokratikoa eta eredu sozioekonomikoaren aldaketa dira eliteen kezka nagusiak. Baina, batez ere, bi arrisku horiek estatuaren batasunaren apurketa gisa irudikatzen da. Nabarmena da, berriro ere, nazio auzi gisa lehertzen direla egitura arazo sakonenak, estatu mailako alternatiba demokratizatzaile eta eraldatzaile sendorik ez baita existitzen.

Ereduaren gainbehera testuinguru honetan, batzuendako, mitifikatutako iragana itzultzea da kezka nagusia, aldaketa sakonei atea ixteko, baina indar demokraziazale eta aurrerakoien ikuspegitik ezinbestekoa da erreformaren irakurketa kritikoa, hausturaren beharra azpimarratuz.

Haustura hau, berriz, ezin da duela 40 urte bezala ulertu, ez bederen Euskal Herrian. Ezta, nabarmena denez, Katalunian ere. Garai batean erronka espainiar estatua demokratizatzea baldin bazen, gaur egun haustura aipatzean espainiar estatuarekiko hausturaz ari gara. Euskal agenda eraikitzaile eta eraldatzaileari lehentasun osoa emanaz. Euskal bidea da, finean, gaur egungo euskal haustura demokratikorako bidea.

Franco hil ondotik, aurreko urteetatik zetorren joera areagotu eta bide propioa hartu zuen Euskal Herriak. Bide-banaketa izan zen erreforma prozesua, euskal matxinada demokratikoaren erresistentzia deskonexio eta intsubordinazio saioa izan zelarik. Deskonexio eta intsubordinazio hura indartzeko eta berrasmatzeko tenorean gaude egun, herria subjektu politiko nagusia bilakatuz.

Francok dena lotuta eta ongi lotuta utzi nahi zuen, eta korapilo hori apurtzeko ordua da.

Iratzar Fundazioan iragana, gaur egungo egoera eta etorkizuna uztartu nahi ditugu. Korapiloa izeneko egitasmoa (www.iratzar.eus/korapiloa) garatzen ari gara, oroimena eta pentsamendu nahiz jarduera eraldatzaileak bultzatzeko.

Hausnarketa kolektibo honek belaunaldien arteko transmisioa eta elkarlana erraztu nahi ditu, milaka lagunen esperientzien sistematizazioa bideratuz. Ibilbidearen irakurketa komun honek, parte hartzeari bideak eskaintzeaz gain,pentsamendu kritikoa eta trebakuntza politikoa bultzatuko ditu, ondare erraldoi hori transmitituz, ikasi duguna aintzat hartuta.

Duela 40 urte hil zen Franco diktadore madarikatua. Euskal Herria eta ezker abertzalea, berriz, bizi-bizirik daude, indarberrituta, korapiloa askatzeko determinazioak bultzaturik, urrats berriak emateko prest daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.