1986-2016, Euskal Herriak NATOri ez

2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
E uskal Herriak 1986ko martxoaren 12an ezezko borobila eman zion NATOri. Kataluniak eta Kanaria uharteek ere ezetza eman zuten arren, baiezkoa nagusitu zen estatu mailan, eta PSOEren gobernuak aurretik inposatuko erabakia legitimatzeko erabili zuen emaitza.

Euskal Herriaren ezetzak izugarrizko garrantzia izan zuen. Oroitu beharra dago alderdi gehienek NATOren aldeko apustua egin zutela. Batzuk, EAJ esaterako, erdi ezkutuan ibili ziren, ofizialki botoa emateko askatasuna emanaz beren kideei, Arzalluzek, Ardanzak eta beste batzuek baiezko botoa emanen zutela iragarri zuten bitartean. Gauzak horrela, emaitzek argi utzi zuten alderdien sistemaren araberako argazkia eta herriaren borondate zehatzarena oso ezberdinak zirela. Horrek kolokan jartzen zuen Franco hil ondotiko erreformaren zilegitasuna alderdien botoetan sustengatu nahi zuen narratiba, eta, beraz, kezka handia ekarri zuen erreformaren aldekoengan.

Euskal Herrian, bi izan ziren ezezkoaren aldeko herri ekimen garrantzitsuenak; euskal subiranotasunaren defentsaz lotutako Euskal Manifestua batetik, eta ezkerreko eta herri mugimenduetako hainbat talde eta pertsona biltzen zituen NATOren kontrako Mobida bestetik. Esanguratsuki, bi eragileetako pertsona erreferentzialak lanean daude elkarrekin gaur egun EH Bildun eta beste hainbat esparrutan. Hirugarren eragilea Pakea eta Desarmearen aldeko Kolektiboa izan zen. Beste talde asko ere oso aktibo izan ziren: Jarrai, ikasle eta langile mugimendua, feministak, ekologistak...

Oro har, lehia eta emaitzak ezker abertzalearen garaipen gisa irakurri ziren. Esanahi politiko argia hartu zuen testuinguru hartan ezezkoaren garaipenak, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan gertatu baitzen. Aintzat hartu behar da Bardeako Tiro Poligonoaren salaketak leku berezia izan zuela mobilizazio eta sentsibilizazio lan horietan eta horrek eskala nazionala indartu zuela, garai hartan eragile erreformistak indar oroz bultzatzen ari ziren lurralde zatiketaren aurrean.

Edonola ere, hura ez zen izan soilik ezker abertzalearen eraginaren fruitua: huts eginen genuke termino sinple horietan aztertuz gero. 1986an arrakasta izan zuena artikulazio hegemonikorako hautua izan zen. Artikulazio horretan, subiranotasuna, desarmea, antimilitarismoa, gehiengoaren bizi eta lan baldintzak lerrotu ziren alde batean, bestean elitismoa, militarismoa, krisia, subiranotasunaren ukapena, estatu terrorismoa eta gero eta haserre gehiago pizten zuen erregimena irudikatzen zirelarik. Artikulazio horretan «NATOri ez» leloak indarrak bildu zituen, betiere batzuendako eta besteendako ezezko horrek esanahi ezberdinak zituelarik.

Franco hil ondotiko erreformaren kudeatzaileendako lehen mailako erronka zen nazioarteko sare kapitalista-atlantistetan uztartzea. Europar Komunitatea batetik eta NATO bestetik uztarketa horren euskarri nagusiak ziren, helburua espainiar estatua inperialismo kapitalistaren geoestrategian mantentzea zelarik.

Erreferendum horretatik 30 urte pasa direlarik, NATOri ezetza emateko arrazoiak biderkatu dira. Inperialismo neoliberal atlantistaren tresna erasokorra da NATO erakundea, herriak suntsitu eta gutxiengoen interesak ezartzeko bitarteko kriminala, munduko bazter askotan ikusten ari denez.

Nabarmena da NATO gerlarako egitura dela, Ukrainan eta beste leku askotan gatazka zabalen arriskuak sortu eta areagotzen dituena. NATO interes ekonomiko eta politiko estrategikoen arabera antolatuta dago eta gaur egun inperialismoaren berregituraketaren euskarri nagusietako bat da, nazioarteko komertzio itun gisa agertzen diren uztarketa planen (TTIP, TISA…) osagarria.

Gauzak horrela, 1986an boto kutxetan adierazitako errefusa baieztatu beharra dugu 2016an. Arrazoiak ugariak dira: besteak beste, 30 urte iraganda, Bardeako Tiro Poligonoak, herritarren arbuio eta mobilizazioen gainetik, espainiar armadaren eskuetan eta NATOren zerbitzura jarraitzen du.

Bada, beraz, NATOri emandako ezetza berrindartzeko beharra. Urteurrenak parada eskaintzen digu eztabaida berpiztu, militarismoaren kontrako jarrera berrindartu eta mobilizazio haren izpiritua gogora ekartzeko. Ez da komenigarria, alta, orduko garaipenaren oroimenean gelditzea.Gaur egungo egoera eta erronken araberako mezu eta jarduerak behar ditugu, borroka zahar honetarako bide berriak bilatuz.

Euskal Herriak erabaki behar du zer-nolako harremanak izan nahi dituen beste herriekin, eta bere burua eratu behar du kanpokoen menperatze saiorik gabe, eta beste inor menperatzeko saioen konplize izan gabe. Horrek halabeharrez eskatzen du gure lurraldearen desmilitarizazio osoa, baita egitura, narratiba eta jarduera militaristekiko apurketa ere.

Herri gisa erantzun zion Euskal Herriak 1986ko erronkari, eta orain ere, herri gisa erantzun behar diegu neoliberalismoaren erasoei, geure bidea hartuz eta herriaren hitza errespetaraziz. Orain ere, burujabetasunaren defentsa funtsezkoa da, jendarte aldaketa, berdintasuna eta demokrazia biltzen baititu, herritar libreak izateko herri librea behar baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.