2050ean gara. Zure haurrak helduak dira eta serioski zahartzen ari zarela onartu behar duzu kanapetik altxatzen zarelarik, ikusiz zein belaunetako min duzun.
Alta, egia da medikuntzak azken hamarkadetan aitzinamendu handiak egin dituela. Baina ez zuretzat. 2050ean, ez da gehiago ospitale publikorik. Ez da gehiago instituzio publikorik frantses lurraldean eta Europako beste lurralde gehienetan ere ez. 2033an aldaketa operatu zen. Bai, oroitzen zara, V. errepublika ezeztatu zutela diktadura bat plantan emateko? Egia erran, nahiz eta txoke bat izan zen, ez zen sorpresa. Momentu bat egiten zuen egoera lerratu zela. Ez zenuen manifestatu azken urteetako umiliazio, murrizketa eta debekuei aurre egiteko. Gisa guztiz, manifestazioa aspalditik debekatua da. Ez da gehiago inor karrikara joaten oldartzeko.
Bai, beti faxismoaren kontra zarela esan duzu, baina garaian ezin izan duzu ezer egin, damutu zara, noski. Oraindik pentsatzen duzu gauzak beste manera batez egin baldin bazenituen, ausartu baldin bazinen, gaur ez ginela egoera honetan izanen. Entseatu zara. Zinez uste duzu entseatu zarela jendearekin hitz egitera, gogoetatzera, sare sozialetan informazioak partekatzera, liburuak erostera eta banatzera... Debalde izan da. Nekatu zara. Makinak potoloegia zirudien zure parean. Momentu baten buruan, etsitu eta makurtu zara. Erabaki duzu ez zirela zure arazoak, zure osasun mentala babesteko. Eta nork leporatzen ahal dizu hori?
Gauzak aldatu dira gazteago zinenetik. Okertu direla esaten ahal da. Ez aberatsentzat, baina zuretzat egoera larritu da. Orain, bi klase sozial ezberdin agertzen dira: alde batetik oligarkia eta bestalde, gu. Masa. Janaria erosteko txartelak behar ditugu. Bai, Herri Urratsen bezala. Baina Herri Urrats ez da gehiago gertatzen, ez delako gehiago Ikastolarik. Gure bertako laborariak hil dira, laborantza intentsiboak gaina hartu baitu. Jaten ditugun elikagaiak kutsatuak dira eta gehienok, zuk bezala, minbizi bat dugu.
Gure haurrak handitu dira, baina zure alaba etxean egon da txikiez arduratzeko. Lau baditu. Oroitzen zara erraten zuelarik ez zuela haurrik nahi? Abortua eta kontrazepzioa ilegalak bilakatu dira. Zure bilobak nesken edo mutikoen eskola pribatuetara joaten dira. Han, haien generoari inposatutako estereotipoei erantzuten irakasten zaie.
«Zergatik ez duzue ezer egin egoera aldatzen hasi delarik?» Ez dakizu zer erran. Ez zenekien. Ez. Ez zenuen ikusi. Ez zara ohartu faxismoa hor zela eta egiazko, zinezko mehatxua zela. Zuretzat pailazoak ziren
Zure lagun bisexualak, lesbianak, trans, queer guztiak joan dira. Garaian beldurrean bizi baldin baziren, 2050ean, salatu behar ditugu, esparruetara eramateko eta sendatuak izateko. Batzuk gordetuz bizi dira, legez kontra. Egoera berdintsua da atzerritarrentzat: bederen lau belaunaldiz frantses lurraldean sortua izan behar da muga barnean bizitzeko, beraz, ezinezkoa da.
Gainera, sortutako eta banatutako kultura ereduak propaganda tresnak dira. Ezkerreko liburu eta filmak erreak izan dira, mediatekak hetsiak eta zineman ikusten ahal diren pelikulak sistema mantentzeko zabalduak dira. Maitasun ereduak bortitzak dira eta egunerokotasunean erasoak ahulenen kontra beti indartsuagoak dira. Hori aukera ona da sistema totalitarioarentzat, bere arauak oraindik gehiago zorrozten ahal dituelako. Haientzat, etsaia ezkerrekoa, atzerritarra, emaztea, homosexuala dira. Gisa guztiz, ez da kontrabotererik alderantzizkoa adierazteko eta ez da gehiago inor aberatsek zergak pagatu behar dituztela aldarrikatzeko.
Batzuetan, zure haurrek eta bilobek galdetzen dizute nolaz egoera hainbeste aldatu zen. Galdetzen dizute lehengo bizia kontatzeko. Emazteak karrikara joaten zirelarik, sendatzen ahal ginelarik eta elkarteak muntatzen ahal genituelarik. Esplikatzen diezu. Frustrazioa ikusten duzu haien begietan. «Zer pasa da? Zergatik ez duzue ezer egin egoera aldatzen hasi delarik?» Ez dakizu zer erran. Ez zenekien. Ez. Ez zenuen ikusi. Ez zara ohartu faxismoa hor zela eta egiazko, zinezko mehatxua zela. Zuretzat pailazoak ziren. Ez zenuen pentsatuko garaiko demokrazian gobernu batek eskuin muturrari atea irekiko ziola.
Egia da aurretik elementu beldurgarriak izan zirela. Adibidez, Palestinaren genozidioa salatzen zutenak antisemitak bezala erakutsiak zirelarik edo komunikabide nagusiak eskuin muturreko miliardunek haienganatu zituztelarik. Lapurdin, Urruñako zinemaren gainean gurutze gamatuak marraztuak izan zirelarik jabea lesbiana zelako edo Saran, maskulinistek izua sortu zutelarik ez zara ohartu. Ez duzu ikusi, ez duzu erreakziorik ukan. Ez ziren zure arazoak. «Besteen arazoak dira», Negu Gorriak-ek zioen bezala. Kantuaz oroitzen zara? Hori entzuten genuen gaztetxeetara joaten ginelarik 2000ko hamarkadan. A ze garaia! Gaur ez da gehiago gaztetxerik, ezta euskal musika entzuteko aukerarik, euskara debekatua delako. Euskaraz idazten dizut, ez dakit hizkuntza honetaz oroitzen zarenez? Espero dut ez duela nehork gutun hori topatuko. Badakit etxe guztietan kamerak badirela eta gure telefonoekin kontrolatzen gaituztela. Zure segurtasunerako egin behar duzuna badakizu: gutuna erre eta komuneko zilora bota ezazu, ez du nehork jakin behar oraindik batzuek euskaraz idazten dutela.