Gaur jaiki naizenean, Polen mezu bat neukan. Aberriari beti bezain leial, katalanez. Asko poztu nau bere berri izateak eta astebete barru hainbat urtetan hain ondo zaindu nauen hirira itzuliko naizela gogoratu dit. Zenbat aldiz sentitu ote nintzen etxean ikasle pisu hotz horren lau pareten artean. Zenbat aldiz sentitu ote nuen herrimina eta etxearen falta hiri handi horren abiaduraren erdian. Etxea deitu nuen horretan, kontraesankorra badirudi ere, batzuetan etxearen falta sumatzen nuen. Zenbat etxe eta aberri ditut?
Urte hauetan zehar, ni hitza nola luzatu, eraldatu eta destolestu den ikusi dut, inoiz imajinatu ez nituen esanahiak hartu dituen arte. Nor naiz ni? Ni bakarra dago? Edo ni bat existitzen al da? Duela hamabost, bederatzi, sei, lau edo bi urteko pertsona bera naiz, baina etapa horietako bakoitzeko niak tonalitate desberdinak biltzen ditu. Leibnizen legearen arabera, bi entitate gauza bera dira, baldin eta biek propietate berberak badituzte. Beraz, ziurtasun osoz esan al dezaket denbora igaro arren nire niak gauza bera izaten jarraitzen duela? Jaio nintzeneko kiribil berdinak ditut, nahiz eta hainbeste urtean zehar saiatu horiek leuntzen. Jakina da Teseoren itsasontziaren paradoxak filosofian sortu duen eztabaida. Gaur egun onartzen den dualismo zientifikoaren arabera, Leibnizen teoriari denboraren aldagaia gehitu behar zaio. Denborak nian eragiten du, izatearen barruan aldaketak egiten ditu. Baina denborak bakarrik aldatzen al du gure niaren esanahia?
Ez dut uste. Denborari beste aldagai bat gehitu beharko geniokeela uste dut: besteak. Egiten duguna garen bezala, eta ez esaten duguna; inguratzen gaituztenei esker gara. Pertsona duintzat hartzen gaituztenei, babesten eta zaintzen gaituztenei esker. Denboraren martxa garailearen emaitza gara, baina baita denboraren kausazko lorpen horretan sortzen ditugun loturena ere. Nire bizitzan egon diren, dauden eta egongo diren pertsonengatik naiz eta izango naiz naizena. Eider Rodriguezen liburuan bezala, gure niaren eraikuntzarako materiala besteak ere izan dira. Naizenaren oinarria egunero erein zuten nire etxekoek, pazientziaz, irmotasunez eta maitasun handiz. Apurka-apurka, etxearen kontzeptua eta sentimendua zabalduz joan da, gaur egun, familia ere dei ditzakedanak barne hartu arte.
Aitxitxaren belauneko ubelduraren muxuetan; lo egin aurreko amaren eta amamaren ipuinetan; lehengusinaren lehen algaran; lagunekin egindako lehen bidaian; gero lagun bihurtuko ziren fakultate hasierako ezezagunetan; lagun horrek kaleratutako lehen diskoan; lorpenak zein porrotak nirekin ospatu dituztenetan; katalanezko klaseak itzultzen zizkidan horretan; izan nituen eta ditudan ikasleetan; elkarrekin baldin bagaude mundua politagoa dela gogoratzen didaten horietan guztietan ikusten naiz.
Baina badakizue non ere ikusten naizen? Eman nahi ez nuen agur bakoitzean; egindako akatsetan; laguntza eskatzen ez dudanetan; nahikoa sentitzen ez naizenetan; aukeratu ez nautenetan; nitaz espero zena egin ez dudan guztietan; kotxean noala errepidean doazen txirrindulariak nire barrurantz iraintzen ditudanean (barkatu) edo galtzak nahi bezala geratzen ez zaizkidanean sentitzen dudan horretan.
Gure niak besteen nietan korapilatzen, hausten, eraikitzen eta hazten dira. Batzuetan kosta arren, begirada ongi zuzentzen baldin badugu, gugan sumatu ahalko ditugu izan garen ni horiek guztiak. Gaur, Pol, gogoratu didazu azken aldiz hirian egon zen niaren arrastoak badaudela oraindik. Urte askoren ostean, gaur azkenean konturatu naiz hainbeste bilatzen nuen etxea ni neu naizela. Ni neu naizela nire aberria eta nire babesgune nagusia. Baina argi dago, Ariadnaren hariarekin balitz bezala, nire niaren tonalitate guztiak urteetan zehar josiak izan direla. Zuek josi nauzue. Beraz, aurkikuntza bikoitza izan da. Etxea, ez leku bat ere badelako. Etxea zuek ere bazaretelako eta nire nia ez delako nirea bakarrik. Gurea ere bada. Eskerrik asko izan, zareten eta izango zareten guztioi. Jarraitu, mesedez, nire nia zuen niaz koloreztatzen.