Abortu klandestinoa, errealitatea Guatemalan

Batirtze Diez
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Abortua Guatemalan legearen bidez zigortuta dago, amaren bizitza arriskuan dagoenean izan ezik. Hala ere, urtero, gutxi gorabehera 15 eta 49 urte bitarteko 65.000 emakumek haurdunaldiak modu klandestinoan geldiarazten dituzte, horien osasuna eta bizitza arriskuan jarrita.

Legeria oso murriztailea izateaz gain, agintari erlijiosoek eta politikoek kondena gogorrak ezartzen dituzte, eta ondorenez, abortua estigmatizatu egin da. Gainera, Guttmacher Institutuak egindako azterlanean jaso den bezala, «abortu orok, bat-batekoak edo eragindakoak, gizarte- eta familia-zehapena izango du, baina, jakina, eragindako abortuak zehapen handiagoa jasango du». Hori dela bide, guatemalarrek isilpean egiten diren metodoak hautatzen dituzte, zalantzazko baldintzetan, eta sarritan, gaituta ez dauden langileek egikarituta.

Abortuaren klandestinitatea, eta beraz, haurdunaldiaren geldiarazpenaren ondoriozko erikortasun- nahiz heriotza-tasei buruzko datu ofizialen gabezia direla medio, eragindako abortuak herriko osasunari begira dagoen arazo larria agerian uzten du.

Izan ere, abortua Guatemalan ama hiltzeko arrazoi nagusietakoa da. Haurdunaldia modu arriskutsuan geldiarazten bada, medikuaren arreta nahiz ospitalizatzeko arrazoiak sorrarazi ditzaketen arazoak sor daitezke. Kasuen larritasuna kontuan izanda, halako arazoak jasaten dituzten emakume guztiek medikuaren arreta jasotzen ez dutela edo beranduegi jasotzen dutela nabarmendu behar da.

Guatemalak ugalkortasun-tasarik handienetakoa du Latinoamerikan eta altuena Ertamerikan. Guttmacher Institutuak egindako azterlanaren arabera, Ertamerikako familia-kopuruaren batez bestekoa 2,9 seme-alaba emakume bakoitzeko da, eta Guatemalan, aldiz, 4,4 seme-alaba emakume bakoitzeko. Biztanleria indigenaren kasuan, familiaren tamaina Ertamerikakoaren bikoitza baino handiagokoa da, eta nazioko batez bestekoa gainditu egiten du, hots, bi seme-alaba gehiago.

Zernahi gisaz, gaur egun, gero eta emakume gehiagok familia ugari gutxiago izan nahi dute. Horregatik, ziurrenik ere abortuen kopurua areagotu egingo da, modu paraleloan antisorgailu eraginkorren erabilera modu esanguratsuan bultzatzen ez bada.

Beraz, askatasunez aukeratutako amatasun-eskubidea badirudi herrian betetzeko urrun geratu dela. Patriarkaren mintzaldia, ugaltzea ezkontzaren funtsa gisa eta amatasuna emakumea eratzeko bide nagusia dela onartzen duena, oraindik ere gizartean modu sakonean errotuta dago, bai eta emakume askorengan ere.

Familiaren plangintzak eta nahi ez diren haurdunaldien prebentzioak Guatemalan hesi ekonomikoei, geografikoei, irisgarritasun-arazoei eta osasun-baliabideen eskuragarritasunari aurre egin behar diete, bai eta kultura-hesiei ere —neurri handian landaguneetan—.

Horrenbestez, abortu arriskutsua osasun publikoaren arazoa da, osasunaren nahiz emakumeen bizitzaren, ongizatearen eta duintasunaren aurkako benetako mehatxua, bederen. Medicusmundi Bizkaia erakundearen ustez, familiaren plangintzarako eskuragarritasuna presazkoa eta lehenespenezkoa da herrian. Gainera, abortuaren osteko arreta sendotu eta ahalbidetu behar da, eta horrez gain, gizarte osoari zuzendutako informazio- nahiz hezkuntza-kanpainak garatu behar dira (osasun-zerbitzuko langileak barnean hartuta), emakumeen sexu- eta ugalkortasun-eskubideei buruz. Gisa bertsuan, beharrezkoa da zerbitzu horien ezarpena babestu, bermatu eta aldarrikatzen dituzten legeria eta benetako borondate politikoa sustatzea.

Medicusmundi Bizkaia erakundea Guatemalan garapenerako lankidetza-proiektuen garapenean orain dela hamarkada bat baino gehiagotik murgilduta dago. Ikuspegi osoa aintzat hartuta, eta giza eskubideen ikuspuntutik, emakumeen osasunaren gain zuzenean eragiten duten genero-desberdintasunak ezabatzeko lanean ari gara, bai eta jaiotza-tasak kontrolatzeko neurrien eskuratzeko, eta azken finean, horiek nahiz euren familiak garatzeko aukerak lantzeko ere. Hori dela eta, irailaren 28an Latinoamerikan eta Kariben Abortuaren Despenalizaziorako Eguna izan baita, Guatemalan modu sistematikoan egiten den abortu klandestinoa salatu dugu, batik bat, herrian ama hiltzeko arrazoi nagusietakoa izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.