Heziketa digitala

Adimen artifiziala haurren sexu-esplotazioko irudiak online sortzeko ari dira erabiltzen

Julen Linazasoro
2024ko otsailaren 09a
05:00
Entzun

2023ko abenduan Internet Watch Foundation-ek (Internet zaintzeko fundazioa) adimen artifizialak sortutako haurren sexu-esplotaziorako materialari buruzko lehen txostenak sortu zituen. Hasierako ikerketek testua irudi bihurtzeko teknologiaren mundu berri eta garatu bat aurkitu zuten. Laburbilduz, ikusi nahi duguna online sorgailuetan idatz dezakegu eta software desberdinek irudiak sortuko dituzte.

Adimen artifizialaren bidez sortutako haurren sexu-esplotazioko irudiak kezka-eremu berria dira, gero eta handiagoa. Teknologia azkarra eta zehatza da, irudiak oso ondo egokitzen zaizkio testuaren deskribapenari eta irudi asko sor daitezke aldi berean. Egia esan, muga bakarra ordenagailuaren abiadura da. Ondoren, gogokoenak aukera daitezke, editatu daitezke eta teknologia zuzendu daiteke nahi dena zehazki ekoizteko. Adimen artifizialak sortutako irudi horiek hain sinesgarriak izan daitezke, ezin direla benetako irudietatik bereizi.

Ikerketan, hilabeteko epean, adimen artifizialak sortutako 20.254 irudi argitaratu ziren web ilunaren (Dark Web) haurren sexu-esplotazioko irudien foro batean. Horietatik 11.108 irudi hautatu zituzten IWFko analistek ebaluatzeko. Horiek ziren kriminalak izateko probabilitate handiena zuten irudiak. Adimen artifizialak sortutako gainerako 9.146 irudiek ez zuten haurrik, edo haurrak zituzten, baina irudiak argi eta garbi ez ziren kriminalak. 2.562 irudi pseudoargazki kriminal gisa ebaluatu ziren, eta 416 debekatutako delitu-irudi gisa.

Software egileek ezin dute aurreikusi nork erabiliko duen softwarea eta nola. Gaizkileek legez deskarga dezakete irudi horiek sortzeko behar duten guztia, horrelako softwarea erabiltzea ez delako delitua. Gero, nahi adina irudi sor ditzakete, konexiorik gabe eta, oro har, detektatzeko aukerarik gabe Internetetik kanpo egiten dutelako. Sortutako material hori antzemateko aukera bakarra irudi horiek partekatzen badira ematen da.

Adimen artifizialak sortutako haurren sexu-esplotazioko irudi sinesgarriena haurren sexu-esplotazioko irudi errealengatik bereizezina da, baita IWFko analista gaituentzat ere. Web ilunean zeuden erabiltzaile askok ere ezin zuten benetako argazki bat adimen artifizialak sortutako irudi batetik bereizi, eta horrek komentario desberdinak sortu zituen. Batzuei ez zitzaizkien adimen artifizialak sortutako irudiak gustatzen, haien hitzetan, «arrisku sentsazioa falta zaielako». Besteek irudi horiek nahiago zituzten, haurren sexu-esplotazioko irudiek normalean kalitate gutxi zutelako eta horiek kalitate handiagoa zutelako. Beste batzuek adimen artifizialak sortutako irudiek haurrak ez zituztela mintzen esaten zuten, irudi mota horiek legalak bihurtzeko asmoarekin.

Txostenak ere arlo honetan negozio eredu berri batez ohartarazten du. Alde batetik, gaizkileak irudiak sortu eta saltzen dituzte, eta, beste alde batetik, irudi horiek sortzeko gidak saltzen dituzte.

Testua irudi bihurtzeko teknologia hobetu egingo da denborarekin, eta erronka gehiago planteatuko ditu IWFrentzat eta legea betearazteko ardura duten agentzientzat.

Gaizkileek ezagutzen dituzten haurren irudiak, haur ospetsuen irudiak edo jada sexu-abusuaren haur biktimen irudiak oinarri bezala hartzen dituzte eta irudi desberdinak sortzen dituzte. Ez dago limiterik. Orain, ebidentzia erreala dago. Adimen artifizialak sortutako haurren sexu-esplotazioko irudiek haurren sexu-abusuaren biktima ezagunak birbiktimizatzeko potentziala handitu du, baita haur ospetsuak eta pederastek ezagutzen dituzten haurrak biktimizatzeko potentziala ere.

Sei hilabetean adimen artifizialak sortutako irudien kalitatea izugarri handitu da; beraz, sortutako irudiak oso errealistak diren arren, IWK-k azpimarratzen du hemendik aurrera sortutako irudien kalitatea asko hobetuko dela.

Eta ez hori bakarrik, hemendik gutxira, adimen artifizialak sortutako mugimendua duen bideo errealista arrunta bihurtuko da. Dagoeneko ikusi dira adimen artifizialak sortutako haurren sexu-esplotazioko bideo laburren lehen adibideak, eta horiek errealistagoak eta hedatuagoak bihurtuko dira.

Oraindik goiz da adimen artifiziala haurren sexu-esplotaziorako irudiak eta bideoak modu zabalduago batean sortzeko erabiliko den adierazteko, baina txostenean adi egon behar dugula azpimarratzen da.

Testuetatik irudiak sortzean oinarritutako adimen artifizialeko konpainia nagusiak lege-arauketa zorrotzei aurrea hartzen saiatzen ari dira. Konpainia horiek erabilera-baldintzetan haur pornografia, helduen pornografia edo indarkeria bezalako edukien debekua ezartzen dute, baina teknikoki ez dago inolako mugarik horrelako edukiak sortzeko. Konpainia horiek ezin dute haien sorrera prebenitu, eta oso anbiguoak dira sortutako materiala nola kontrolatzen duten edo kontrolatzeko gai diren edo ez zehazterakoan.

Teknologia informatikoen aurrerapenek, adimen artifiziala sortzailearen aurrerapena barne, potentzial handia dute gure bizitzak hobetzeko, baina teknologia hori gaizki erabiltzea buruhauste handia da.

Guk, gure aldetik, beste arrazoi handi bat dugu Interneten haur eta nerabeen pribatutasuna gehiago babesteko eta sare sozialetan haurren irudiak ez jartzeko. Teknologia berri honekin edozeinen argazkiak hartu daitezke eta horiekin eduki sexuala sortu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.