Hizkuntza plangintzan aditua - Filologoa

Adostasunak bizi(ko) gaitu, aniztasunean

Patxi Baztarrika - Joseba Erkizia
2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernat Etxeparek 1545ean euskara, jalgi hadi mundura! aldarrikatu zuenean ez zen Frantzian Senaturik, orduan oraindik mendeak falta baitziren Estatu modernoa eraikitzeko. Nolanahi ere, lau mende geroago, 1970eko hamarkadan, guk geuk Etxepareren olerki hura Xabier Letek jarritako musikarekin kantatzen genuenean, gure artean izan ote zen inor imajinatu zuenik –ametsik gozoenean bazen ere– noizbait, norbait, non eta Frantziako Senatuan hitzaldia euskara hutsean egitera iritsiko zela? Bada, horixe egin berri du Euskadiko lehendakariak, Imanol Pradalesek, ametsetan ez baizik eta egiazki egin ere: euskal autogobernuaren eredua azaltzeaz gainera, Europar Batasuneko erakundeetan euskararen ofizialtasuna bultzatzeko bidelagun izatea eskatu dio Frantziako Senatuari berari.

Euskarak behar zuen, nola ez, Etxepareren 1545eko aldarria. Eta bost mende ondoren euskarak behar ditu lehendakariarena bezalako erresonantziak, erresonantzia positiboak, alegia. Tamalez, ordea, gaur ez dira halakoak bakarrik euskararen erresonantziak gure artean, bai baititu oso bestelakoak ere, erresonantzia negatiboak alegia, kaltegarriak zaizkionak.

Kezkatzen gaitu euskarari buruzko mezuak liskarrarekin eta adiskide ala etsai moduko dikotomia baztertzaileekin behar baino gehiagotan lotuta ikusteak. Urrutira gabe, duela gutxi, guztiona (omen) den euskararen etsaitzat seinalatuak eta euskararen unibertsotik eskumikatuak izan dira hainbat herritar eta erakunde; gure iritzian, argi esanda, guztiz bidegabeki seinalatuak eta eskumikatuak. Tartean dira sindikatu bat (CCOO) eta euskararen sustapenari –dela mundu akademikoan, dela enplegu publikoaren arloan eta gizarte zibilean– urte askoan loturiko ibilbide euskaltzalea egina duten hainbat pertsona. Euskara biziberritzeko langintzan ere ez gara inor alboratu eta eginkizun horretatik eskumikatzearen lagun; ez bakarrik, kasu honetan bezala, ez delako zuzena afektatuekiko, baizik eta, gainera, horrelako dinamiketatik ez datorkigulako aurrerabiderik hizkuntza berdintasuna eta bizikidetza eraikitzen jarraitzeko.

Zilegizkoa jotzen dugu epaitegietatik datozen sententziekin bat ez etortzea eta kritikatzea. Irakurri ditugu epai horietako batzuk eta ez gatoz bat horietan irakurri ditugun gauza askorekin. Esate baterako, erabateko desadostasuna dugu Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen gainean Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiarekiko: sententzia hartan jasotako bi magistraturen boto partikular landuarekin gatoz bat, inondik ere ez epaiarekin. Baina esan behar dugu, baita ere, ez dugula uste zuzena denik epai guztiak zaku berean sartzea, erabilitako argudioak ez direlako guztietan maila eta modu berekoak, eta epaitutako xedea ere ez delako beti bat eta bera.

Gorabehera honetan guztian kontu ezberdinak daude, nahiz eta askotan nahasian azaltzen diren. Esaterako, gauza bat da lanpostuei zer hizkuntza eskakizun eta zer-nolako irizpideren arabera asignatu behar zaien, eta horretan gure ustez badago zer hobeturik; beste kontu bat da, aurrekoarekin apenas zerikusirik duena, lanpostu jakin bati edo besteri asignatutako hizkuntza eskakizunak derrigorrezkoa edo merezimenduzkoa izan behar duen, eta erakunde bakoitzari dagokion derrigortasun indizea gutxieneko moduan edo sabai moduan aplikatu behar den; interinoen problematika espezifikoak berariazko soluzio bat beharko lukeen edo sistema orokorra aplikatu behar den, eta abar. Hainbat gai ezberdin. Ez da kontu hutsala ere zenbaiten aldetik garrantzirik ez ematea erakundeetan hartutako erabakiak kasu askotan joera oso ezberdinetako ordezkarien artean hartuak izateari. Honenbestez, han eta hemen egon litezke elementu kritikagarriak, dena baita eztabaidagarria. Beharrezkoak dira modu eraikitzailean egindako eztabaidak eta kritikak. Egon litezke, eta badaude, ikuspuntu diferenteak. Eta hori guztia bideratzeko dira hizkuntza araubidea eta bitarteko demokratikoak.

Sinetsi nahi dugu euskararen gaineko kontsentsuan nabarmen ikusten diren pitzadurak gainditzeko bidea aurkituko dela. Eragile politiko, instituzional eta sozial guztiak daude ahalegin horretara deituak. Arrainak ura nola, halaxe behar baitu euskarak adostasuna

Zabala da euskararen autopista, eta den baino zabalagoa balitz, askoz hobe. Bi erreikoa txiki geratu zaigulako hiru edo laukoa beharko bagenu, askoz hobe. Autopista horretan dagoen inor ez dago soberan, eta daudenak baino gehiago egotea komeni zaio euskarari: gero eta erabiltzaile gehiago izatea, gero eta osasuntsuago egon dadin. Euskarak batu egin behar gaituela esan ohi da, ez zatitu, eta horixe bera pentsatzen dugu guk ere. Guztion ondaretzat onartua da, baina guztion hizkuntza izatera iristeko oraindik bide luzea –eta ez erraza– geratzen zaigu egiteko. Bide hori eraginkortasunez urratzeko, besteak beste atxikimenduak behar ditu euskarak gizartearen baitan. Eta atxikimenduak, ezinbestez, askotarikoak bakarrik izan daitezke, askotarikoa baita gure gizartea.

Beraz, euskararen auzian politika egiazki eraginkorrak garatzeko, gure iritzian klabea izan da –eta izango da– aniztasuna oso-oso aintzat hartzea. Izan ere, euskararekiko identifikazio eta atxikimenduak ere askotarikoak dira gurean. Euskaldun izateko eta sentitzeko modu ugari daude. Baita euskaltzale izateko ere. Gainera, paradoxikoa badirudi ere, zenbat eta euskaldun gehiago –espero dezagun hala izango garela–, orduan eta aniztasun handiagoa izango dugu euskal hiztunen eta euskaltzaleen artean. Euskarak azken lauzpabost hamarkadetan izandako jauzi handiaren ondorioz gaur egun askoz ere anizkoitzagoak dira euskaldunen eta euskaltzaleen munduak. Espero dezagun biharko egunean are aniztunagoak izatea, euskararen hazkunde sozialaren seinale litzateke eta.

Ildo horretatik, konbentziturik gaude nahitaezkoak ditugula adostasun soziala eta politikoa ere. Ezinbestekoa dugu etengabe lantzea euskararen sustapenaren aldeko adostasun politiko-sozial ahalik eta zabalena, askotarikoen artekoa. Kontsentsu horren beharraz ondotxo jabetu ziren 1982an Euskararen Legea ondu eta adostu zutenak. Lege hark, haren babespeko politikek eta herritarren gogo-ekimenek ahalbidetu dute azken hamarkadotan euskarak izan duen hazkundea. Adostasun hark, ordea, badu orbaindu beharreko pitzadurarik. Bestalde, adostasun hartan egondako batzuen aldetik ere sumatzen da, batzuetan, adostasun haren giltzarri batzuk era murrizgarrian berrinterpretatzeko joera; baina, jakina, dena eztabaidatu daiteke –argudioekin, deskalifikaziorik gabe–, 82tik datorren adostasun soziala eta politikoa sendotzea eta zabaltzea helburu hartuta.

Kontsentsu politiko-soziala ez da euskarak etorkizun oparoa izan dezan behar duen elementu bakarra, ez da nahikoa, baina bera gabe jai du euskarak. Askotarikoen kontsentsuarekin ere Sisiforen harritzarrak gora eta behera gelditu gabe jarrai dezake denbora luzez; kontsentsurik gabe, ordea, behera bakarrik egingo luke. Sinetsi nahi dugu euskararen gaineko kontsentsuan nabarmen ikusten diren pitzadurak gainditzeko bidea aurkituko dela. Eragile politiko, instituzional eta sozial guztiak daude ahalegin horretara deituak. Arrainak ura nola, halaxe behar baitu euskarak adostasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA