Agirre Getxoko alkatea Algortako gaztetxerantz goizeko bostak aldera

Beatriz Fernandez Fernandez
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Gazte jendearekin lan egiten dut Euskal Herriko Unibertsitatean. 18 urte dituzte gazteenek eta 22 urte inguru nagusienek. Berez eder bezain zaila den garaia are zailagoa bihurtu da azken hiru ikasturteotan eurentzat. Konfinamendua tokatu zitzaien lehenik, inorentzat samurra ez den arren, gazteentzat are makurragoa dena. Eskolara itzuli ziren gero txandaka: batzuk etxetik konektatzen ziren, beste batzuk ikasgelan zeuden bitartean. Goizean goiz leihoak zabalik, Gasteizko hotza senti zitekeen neguko berokiaren azpian. Elkarri hurreratu ezinik, musukoaren azpitik nekezago hizketan, gazteen artean ohikoak diren besarkadak, barre algarak eta txantxak ezezagun bihurtu ziren fakultateko pasilloetan.

Sufrimendu isila antzematen da batzuengan. Gaur bat datorkit, biharamunean hurrena, eta tantaka-tantaka, itogina daukat fakultateko bulegoan. Psikiatrarekin alta hartu berri duela diost batek irribarre lotsatiaz. Azterketa horren txarto nola egin ote daitekeen galdetu diot besteari, eta gailurrak eta haranak dituen olatu bat zehaztu du bere esku luzatuak, garai gorabeheratsua-edo adieraziz. Hurrena desenkusatu da: nahi baino beranduago dabil egin beharreko lanarekin, ezinean, adiskide bat bere buruaz beste egiten saiatu da-eta. Eta nik neure burua madarikatzen dut aditz sintagmez aparte ezer gutxi jakiteagatik gazte etsituen beharrez.

Horregatik beharbada ezustean harrapatu ninduen semeak erdizka esan zidanean Algortako gazteak zerbait egin nahian zebiltzala, leku bat nahi zutela. Etsipenak badu esperantzarako tartea, pentsatu nuen nire artean. Hiriko espazioaz hitz egin zidan, ea ba ote nekien Algortan zenbat taberna dauden, ea alkoholera kondenatu nahi ote ditugun gazteak, beste ezertarako espaziorik ez dutela. Isilik entzun nion, fakultateko gazteei entzuten diedan bezala. Gazteez ezer ikasi badut hogeita hamar urteotan da entzun entzungo dizutela, baina egin, senak eta gogoak agintzen diena baino ez dutela egingo. Hala behar du beharbada.

Ostirala omen egun seinalatua. Espazio libre baten aldeko aldarriarekin ibili dira gazteak Algortako kaleetan zehar Sarrikobaso kalera heldu diren arte. Edade bat dugunok etxe zahar huts bat jausi beharrean ikusten dugun leku berean, balizko lurralde libre bat ikusten dute gazteek gaztetxea deritzana: territorio libre bakarra.

Lotara joan da auzoa eta lotara auzotarrak. Gazte batzuk baino ez dira gelditzen gaztetxe inguruan. Txandakatu omen dira gauean zehar eta txanda aldaketa dute goizeko bostak aldera. Bi omen gaztetxe barruan, hamabost inguru kanpoan. Orduan-edo jaso du Agirrek, Getxoko alkateak, telefono deia. Zaratotsak esnarazi du. Gaztetxe hitza entzun dio telefonoz bestaldeko ahotsari, bitxia iruditu zaiona. Nahi baino arinago irten da etxetik, logurarekin, zapata distiratsuetako sokak estuki lotuta, jaka gainean gabardina jarriaz badaezpada. Erretratuetan antzematen zaion dotorezia bera du, adorea eta erabakimena. Gabardinako patrika batean agenda sartu du arineketan eta jakaren barruko beste batean idazluma. Eta badoa Agirre alkatea Sarrikobaso kalean behera.

Gazteak aurkitu ditu halako batean. Bera ere oso zaharra ez da. Inguratu zaie eta bostekoa luzatu die serio, etxe zaharrean sartzea ez zaio-eta oso egoki iruditu. «Ez al da hau jabetza pribatua?», galdetu die, eta baietz, badakitela, baina jabeekin tratuan dabiltzala erantzun diote koruko ahotsek dena aldi berean esplikatu nahian. Emakume gazte baten ahotsa gailendu da orduan alkateari zor zaizkion azalpenak eman dizkiona, gainerako ahotsak isildu diren bitartean. Agirre petrilean eseri da eta emakume gaztearen hitzak letraratu ditu agendan idazluma eskuan duela.

Eta halako batean esnatu naiz. Telefonora begiratu dut eta watxapak ikusi ditut ilara txikietan bata bestearen azpian ordenaturik. Gazte batena da lehena: «Ostia ederrak eman dizkigute», dio, «bota gaituzte». Arnas hartu dut eta poeta baten hitzak etorri zaizkit gogora: Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi zenean etengabe... Gerora mezu gehiago helduko dira, deiren bat edo beste jasoko dut eta bideoetako bat behin baino ez dut ikusiko: gazteetako bat arrastaka daramate, asfalto gaineko surf behartuan. Eta galipotezko olatuaren oldarrak erremediorik gabe Meñakotzeko haitzetara jaurti balu bezala doa gaztea etxera: buruan kolpea duela, izterra ubeldurik, belauna minberatuta...

Astelehenarekin itzuli dira gazteak ikasgeletara, Arkitektura eskolara bat, Ibaetara; Leioako campusera beste zenbait; Gasteizko campusera joan behar duenik ere badago —neu ere bertara noa—; lanera doaz nagusienak. Autobusa alegiazko gaztetxe paretik igaro denean, pankartaren ordezko ezereza ikusi dut leihotik zintzilik.

Baina hori baino askozaz ere lehenago, larunbat goizaldean, lekuko bat dago, guztiei oharkabean pasatu zaiena. Itzal bat dirudi koloreztatzen hasia den goizean. Distantziaz begiratzen du gaztetxea nahi lukeen espazioaren ingurura. Ertzaintza ikusi du, kotxeak eta furgonetak. Hotza sentitu du gabardinaren azpian eta eskuak sartu ditu patriketan etsipenez: «Ez zen beharrezkoa», dio bere artean, eta iraganera itzuli da.

P.D. Jose Antonio Agirre Lekube Getxoko alkatea izan zen 1931n, 27 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.