Idazlea

Ahal bezain txikiak

Idoia Rodriguez Mondragon
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda da, azkenean! Bero egiten du eta hondartzara joan nahi duzu. Zure iazko bainujantzi maiteena, bikini urdin eta ubel polit hori armairutik atera duzu eta jantziko duzu. Baina, bainugelan biluzten zarelarik, ispiluan nahi gabean zure isla ikusten duzu. Puaaaaaa! Zer da gorputz hori? Gris-grisa, motel-motela eta iletsua da. Ez da posible hain itsusia izatea. Neguak Chewbaka bilakarazi zaitu? Gogoeta ilun horiek etorri bezain laster, saihesten saiatzen zara. Ez gara gehiago 2000ko hamarkadan, ez zara zure fisikoa epaitzen hasiko! 2026an gure itxura maitatzen ikasi behar dugula erran genuen! Denok ederrak gara! Ez ote duzu aski lagunei errepikatzen norma deseraiki behar dela? Ez duzu patriarkatuaren begirada zure teilatupean eta preseski bainugelan gonbidatuko, hala ere!

Zure kokotsa altxatzen duzu, arnasa hartzen duzu eta bikini hori janzten duzu. Ez da zure gorputza ez delako Bella Hadidena ezin dela bainatu eta eguzkitara joan. Ez da inor itsutuko zure azal zuria ikustean. Kulota eta gainekoa ezartzen dituzu, baina ez zara ongi sentitzen barnean. Dena hertsia da. Zer pasatzen da? Kulota ipurdi barnean sartzen zaizu edozein mugimendu egitean eta besoak altxatzen dituzularik, titi ontzia igotzen da. Ez da posible, loditu ote zara? Nolaz ez zinateke lehenago ohartu?

Orain arte ispiluak erakusten zizuna saihestu baldin baduzu, hor, errealitateari aurre egin behar diozu. Zure irudia ikusten duzularik, hatsankatua zara. Izterretako gizena zure erien artean hartzen duzu. Zer da hori? Ahal bezain finki tinkatzen duzu desagerrarazteko esperantza zozoarekin. Zer pasatu ote da? Hainbeste izozki jan ote dituzu?

Eta beso horiek? Begira itzazu beso horiek! Altxatzen dituzu eta mugitzen dituzu, ohartuz azala, grasa, zentzu guztietara mugitzen dela. Ipurdia ikusteko ez duzu arazorik, erraldoia bilakatu delako, baina ez Kardashian familiak duen ipurdia bezala. Ez, zurea zelulitisez betea da... Tripa begiratzeko indargabetua sentitzen zara, badirudielako buia bat duzula zure gerriaren inguruan.

Geure burua gorrotatu behar ote dugu norma ukiezin bat ez dugulako kausitzen? Gure osasun fisikoa eta mentala hautsi, mindu behar ote ditugu maitagarriak izateko? Eta norentzat maitagarriak?

Beharbada hobe litzateke bainatzeko short bat eta bainujantzi bat beso luzeekin erostea? Errango duzu ezin duzula eguzkia hartu minbizia duzulako adibidez? Beti zure gorputz itsusia erakustea baino onargarriagoa litzateke...

Badakizu zer eginen duzun? Lehenik, zangoak, besazpiak, pubisa depilatzeko estetizistara joango zara, zure gorputza motela izango da, baina leuna. Ondotik, krema belzgarria ezarriko duzu edo UV kabina batera joango zara. Koloreak ditugularik, berehala gure itsuskeria gutxiago agertzen da. Gero, edo ez, ez gero, berehala, korrika egitera joango zara. Squat-ak ere egingo dituzu. Bai, eta gaur gauean, zuku bat edango duzu. Uztaileko irudi ideala ez baldin baduzu ukanen, agorrilekoa eskura dezakezu diziplina pixka batekin. A, ber maneran, ile apaintzailera joango zara, beharbada beste orrazkera batekin, ez duzula gorpu baten antza ukanen. Makillajea ere erosi beharko duzu.

Ez da ezinbestekotasunik, zure afruskeriari aurre egin diezaiokezu indarrak eginez.

Zure telefonoari begiratzen diozu, Instagramera zoaz eta JLoren abdoak ikusten dituzu. Nola, 50 urte pasatuta hain ederra izaten ahal ote gara? Eta begira iezaiezu Ariana Granderi, Emma Stoneri eta Kelly Osbourneri, zein meheak diren! Nola egin ote dute? Beharbada meheegi hala ere... Bai, egia da, emazteen fisikoa ez da kritikatu behar. Baina hala ere, haien hezurrak geroz eta gehiago agertzen dira eta haien mazelak desagertzen dira. Ez dirudite hain... osasuntsuak. Entzun zenuen Hollywooden emazteak geroz eta finagoak zirela Ozempic medikamentua hartzen dutelako. Eta badakizu Estatu Batuetako moda ondotik gure etxeetara heldu dela.

Harrigarria da, uste zenuen silueta guztiak maitagarriak zirela eta errespetatu behar zirela... ez ote zen hori feminismo berria? Body Positive-aren mezua? Markek asmatu zuten kontzeptua baizik ez ote zen borroka sozialen bizkar gainean dirua irabazteko?

Orduan, orain zer? Berriz mehetasun estremora itzuli behar ote gara? Emazteak ahal bezain txikiak, ahulak, isilak izan behar ote gara? Gure itxurarekin faxistak izan behar ote gara jendartea gurekin den bezala? Geure burua gorrotatu behar ote dugu norma ukiezin bat ez dugulako kausitzen? Gure osasun fisikoa eta mentala hautsi, mindu behar ote ditugu maitagarriak izateko? Eta norentzat maitagarriak?

Saltegira zoaz, zure erabakia hartua da, hondartzara joateko, zure enborra prest izan behar da. Bainujantzi berri bat erosi behar duzu. Onargarria den bat. Zure estetika onargarria bilakaraziko duen perla behar duzu.

Zure bainujantzi berria iazkoa bezalakoa hautatu duzu. Baina tamaina handiagoan. Orain bai, azkenean, hobekiago sentitzen zara. Orain bai, zure irudia gehiago maite duzu. Kulota ez da gehiago ipurdian sartzen eta arnasa har dezakezu. Beste guztiak ez du garrantzirik. Ez zara txikituko eta ez da inor itsutuko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA