Musikaria, Osasun Mental Kolektiboan graduondokoa egina

Ahaztua nuen ahaztua zintudala

Alejandro Luaces
2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure gizarteen hasiera-hasieratik, zuzeneko musika eta kantua funtsezko tresnak izan dira giza harremanak sendotzeko eta estutzeko, nortasuna eta emozioak lantzeko. Era berean, lagungarri garrantzizkoak izan dira buru osasuna zaintzeko, eta, hala, bertako zein kanpoko musika tradizionalek eta herri musikek balio berezia izan dute, batera interpretatzekoak eta bizitzekoak baitira, eta ardatz nagusia baitira bai ospakizunetan eta igarotze errituetan, bai banakoen eta taldeen errituetan.

Jakina da zeinen tresna baliotsua den musika prozesu klinikoetan eta ospitaleetakoan, baina harago jo behar da: komunitatearen osasuna zaintzeko proiektuetan, guztiz lehenetsi behar da zuzeneko musika eta kantua erabiltzen dituzten egitasmoak martxan jartzea eta gomendatzea, zeren zuzeneko musika eta kantua lotuta baitaude gure bizi historiarekin, historia kolektiboarekin eta herri kulturarekin. Lehentasuna emanez gero, ahotsa emango litzaioke esateko asko daukan baina isilarazita dagoen sektore bati: adineko gizon-emakumeei. Funtsezkoa litzateke halako musiken eta musikarien gizarte funtzioa berreskuratzea eta egokitzea, haien transmisioan oinarriturik: azken batean, osasun eragileak sortuko lirateke, esku hartze puntual, anekdotiko eta boluntaristarik egin beharrean.

Europan egiten ari garen biran (La vida sigue igual), adinekoekin batera aritzen gara kantuan, eta egiaztatu dugu musikak orain ere lehen bezalaxe duela, oso-osorik, harremanetarako ingurune egokiak sortzeko gaitasuna, baina gune duinak behar dituela. Azken urteotan gure gizarteen bilakabidearen eta gurasokeriaren ondorioz, adinekoei ezinezkoa zaie aisialdian eta kulturan parte hartzea, eta horrek prestigioa kentzen dio, baita profesionalki ere, herri musikariaren lanbideari. Herri musikariak, ordea, funtsezkoak dira gure kulturetan, baina, hala ere, ez dute izaten estimu handiak dakarren lan baldintza duinik, ezta beren poltsikorako moduko eta maiz erabiltzeko moduko musika gune hurbilik ere, nahiz eta gure gizarteetan onartzen den bizitzari berezkoa zaiola lantegi hori.

Gaur egun, artista batzuek, hala nola Rodrigo Cuevas Oraingo Musiken Sari Nazionalaren irabazleak, modernitatearen barruan arrakasta handia dute ondare ezin baliotsuago baten ondorengo zuzen eta legitimoak diren aldetik, eta garrantzitsua litzateke adinekoei itzultzea gogotik eskatzen dizkiguten musika gune horiek: tresna ezin hobeak izango lirateke, dudarik gabe, ondo pasatzeko eta bizimodua hobetzeko, eta dirua aurreztuko litzateke behargabeko gastu farmakologikoz beteriko aurrekontu publikoetan —interes ilunen aldeko osasun planteamenduen zerbitzuan egoten dira halakoak—.

Osasun positiboa lantzeko gune adeitsu eta humanoagoak bultzatzea, zentroetako, elkarteetako eta organizazioetako langileekin elkarlanean: horra hor zer lehenetsi behar luketen administrazioek, bai eta musikariek ere; hala, gutako bakoitzaren onena aprobetxatuko litzateke, eta gizartearen zerbitzuan jarri, arte diziplina horretako langile garen aldetik. Musika, beste eragile bat bihurtuta.

Dena dela, garrantzizkoa litzateke neurtzea zer arrisku dakarren esku hartzeko gune artistikoak baino ez sortzeak, eta kontuan hartu behar litzateke onuragarria dela hori guztia lotuta egotea lehendik dagoen elkarte sarearekin eta sare komunitarioarekin. Hala jokatzen ez bada, musikako eta musika terapiako profesional berrietako batzuek erabil ditzakete, hain zuzen, desagerrarazi nahi ditugun planteamendu horiek: planteamendu asistentzialistak, joera biologizistekin edo farmakologikoekin bat datozenak.

Alde horretatik, ondo zedarritu behar genuke zer den lan komunitarioa, adinekoen bakartze egoera benetakoan —bene-benetakoa baita— lan eginez, lehengo estrategia komunitarioekin elkarlanean, eta haren kausa askotarikoen sarea aztertuko duen teoria batean oinarrituta. Eta, hala, kantuen bitartez borrokatuko gara zahartzaroko bizimodua gaizkitzearen kontra. Hartara, behar bezalako garrantzia emango diegu adinekoen osasunean eragin erabakigarria duten faktore sozialei, hala nola pobrezia estrukturalari. Eta nabarmena izango da musikak nolako eragin onuragarria duen aisialdia ordaintzeko modurik ez dutenentzat.

Kantak baditugu, eta horregatik aritu gaitezke kantari, horregatik bakarrik. Izan ere, ez daukagu konponbiderik bakardadearen arazo estrukturaletarako eta horren ondorio diren patologietarako —ondoriotzat jo baititu Osasunaren Mundu Erakundeak berriki, bere ikerlanetan—. Denok heldu behar diogu osasun publikoko arazo horri; are gehiago, egoitzetan eta etxeetan, emozio eta erritmo konplexuak baitaude toki horietako bizimoduan.

Geure egin ditzagun, berriz ere, osasun ibilbideak, eta kantak eta musika izan daitezen gure errezeta. Duindu dezagun gure bizimodua, bizitzea ez baita irautea. 

(*) Erredakzioan itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.