Neure herri maiteak badu minetik jokatzeko joera, historian zehar mina pilatu baitzaigu belaunaldietan zehar; eta oraindik ez dugu izendatu, ez ditugu zauriak aireratu senda daitezen, eta bizirik diraute.
Munduko txoko askotan bezalaxe, hizkuntza eta kultura ez hegemoniko guztiei gertatu zaien moduan, zapalkuntza, isilaraztea eta kriminalizazioa jasan ditugu geure erroetan; oraindik orain izendatu eta duindu ez den kaltea pilatu zaigularik. Hau ulertzeko lepo irakurri eta aztertu dugunok ulertu dugu oso ohikoa dela hau planetan zehar, egituratua eta globalizatua dagoen dinamika baten fruitu dela, domeinu dinamika baten fruitu. Ikastearen poderioz ulertu dut botere interkontinentala kolonialismoak sostengatzen duela, eta hau ekonomikoki kapitalismoak. Domeinu sistema hau maila makro horretan mantendu ahal izateko gure eguneroko bizitza eta ekosistema sozialak antolatzeko beharra dute, antolakuntzarako gaitasuna dugunon konplizitatea bermatuz; honetarako sortua dago ingurumari kolektibo antolatu bat, opresio erroak sostengatzen dituena guri eroso zaizkigun argumentuak erabiliaz.
Psikologia ikastea erabaki nuenean neure kuriositatea subjektuaz haratago zihoan; subjektua eta gizartearen arteko elkar-eragina interesatzen zitzaidan. Eta ia 25 urte beranduago oraindik ere txunditua gelditzen naiz ikustean norainoko lotura dagoen mundua antolatu duten modua eta neure barne pentsamenduaren artean; nola sentitzen eta ulertzen dudan neure burua eta besteekiko erlazioak, nor sumatu dezakedan lagunkoi eta nor etsai edo erasotzaile, begirada soil batekin. Gure ekosistema soziala klasismoa, arrazakeria, kapazitismoa, eta patriarkatuak definitzen ditu. Indar horen guztien elkar eragina aztertu eta ulertzea oso-oso konplexua da, eta gaur egun kontzeptuak eta ezagutzak sinpletzera jo dute gure kategorizazio beharra esplotatu asmoz, sinplean eta azkarrean ulertzen badut noren alde (eta ondorioz, noren kontra) kokatu behar naizen, jarrai dezaket produktibo izaten edo aisialdia produktibitatez aprobetxatzen.
Ez dut ahizpa bat etsaitzat hartuko, etsai moduan sumatu banau badakidalako bere minetik ari dela, ez da gai izan ahizpa nauela ikusteko nahiz eta neu honela aurkeztu
Kontuan izan behar dugu gizakiok dugun superboterea (pentsamendu gaitasuna) geure kriptonita ere badela; pentsamendua geure gorentasunaren seinaletzat goratzen badugu argumentuei eta dialektikari emango diogu garrantzia; baina gorpuztu gabeko pentsamendua erraz moldatu daiteke. Premisa sinpleek segurtasuna ematen digute, kategoria irmoak erosoak zaizkigu; baina ez gara konturatzen domeinu dinamika batean soilik daudela egia bakarrak eta borobilak.
Trauma bizirik eta ezkutuan dugunean barnean, domeinua, jazarpena, edozein eratako opresioa jasan dugun garaian normalizatu ditugun dinamikak ez ditugu identifikatu ez landu, eta mina bihur daiteke gure indarra. Mina sostengatzea gogorra da, eta errudun bat bilatzeak arintzen du; honela, geure komunikaziorako zailtasunak onartu beharrean erosoago zaigu bestea intolerantetzat jotzea, geure premisak zalantzan jartzen dituzten argumentuak jasanezinak zaizkigu minetik, ezjakintasunak beldurra baitakar, eta trauma pizten du, jazarpen eta domeinu dinamika oro baita aleatorioa, aurreikusi ezinekoa, babesgabetasun sentipen bortitza pizten diguna; beraz, definizioz iragarrezina.
Feminismoa ez da inorena, bere egiten duenarena besterik. Feminismoa zientzia sozial bat da, ez ideologia bat; gizateriaren historian zehar patriarkatua noiz eta nola sortu zen eta nola txertatu eta barneratua izan den aztertzen duen zientzia, eta honek munduan zeharreko emakumeei nola eragiten dien aztertzen duena. Ez da sinesmen kontua, beraz ahizpa batekin ados ez banago gai baten inguruan irmoki neure uste edo pentsamenduan mantentzea baino askoz aberasgarriagoa da gaian sakontzea, elkar entzunaz hausnartzea, eta norbere bizipenekin lotzean dator egiaren ezagutza. Bakoitzak, bere bizitzan izan dituen opresio esperientziak entzunaz, eta hauek bizitzari aurre egiteko garaian nola eragin dioten jakinaz goaz osatzen geldiezina den ikuspegi kolektiboa. Neurea definitzeko bestearena gutxietsi eta etsaitzat kategorizatzeko beharra sumatzen badut, mina dabil hitz egiten neure ordez, egia bakarra defendatzen duen boterearen logikak pizten dituen minetik.
Nik ez dizut inoiz esango zure eginbeharra zein den, nik aspaldi egin nuen aukera, ez dut ahizpa bat etsaitzat hartuko, etsai moduan sumatu banau badakidalako bere minetik ari dela, ez da gai izan ahizpa nauela ikusteko nahiz eta neu honela aurkeztu.