AHTa eraiki eta energia aurreztu?

Martin Zelaia
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteotan, Estatu Espainiarreko Gobernuak etorkizunaren bilakaerarendako bi plan garrantzitsu aurkeztu ditu. Hasteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektu tipikoen bertsio berri bat, alferrikako azpiegitura erraldoietan xahutze-energetikoz eta ingurugiroaren suntsiketaz josia. Handik egun batzuetara, berriz, energia aurrezteko Kontingentzia Energetikoaren Plana aurkeztu ziguten.

Aurrez aurre ditugu, beraz, erabat kontrajarriak diren bi plan. Lehendabizikoak energia gastuaren betiereko hazkundearekin jarraitzen du, azpiegitura berriak eraikiz, eta bigarrenak aurrezte plan berritzailea dakarkigu, behin-behineko izaerarekin, ezohiko egoera bat konpontze aldera.

Aurrekontu Orokorren kasuak azpiegitura handien eraikuntzan fokuraturik jarraitzen du, bereziki AHT abiadura handiko trenaren hedapenarekin, ohiko trenaren hobekuntzaren kalterako, mota honetako azpiegituretan egingo den inbertsioa %7 igoko delarik aurreko urtearekin konparatuta. Eta Nafarroa ez da salbuespena. Aurrekontuetan aurreikusten diren inbertsioetatik %69 AHTaren lanetara bideratuko da, egun Nafarroako Erdialdeko eremua deuseztatzen ari direnak. Bestetik, ezin dugu alde batera utzi Estatuko Aurrekontuetako sail militaristendako %25eko igoera, gudak elikatzea eta suntsipen energetikoa suposatuko duena.

Bitartean, Energia Aurrezteko Planak «gudutik eratorritako» krisi energetiko bati aurre egitea du helburu, testuak dioenez. Honek kontsumo energetikoa gutxitzea planteatzen du, batez ere gas naturala, heldu den martxora arte. Ikus daitekeen moduan, plana behin-behineko kontzepzioetan oinarrituta dago, eta iraupen motza du. Ematen du esan nahi duela arazoa «laster» amaituko dela.

Hala ere, egungo krisi ekonomikoa eta baliabideen krisia ez da koiunturala. Energiaren Nazioarteko Erakundeak, ELGAren organismo bat, jada jakinarazi zuen ohiko petrolioaren erauzketaren gaina 2006an gauzatu zela. Bitartean, lurrazpitik erauzitako eta petrolio moduan ezagutzen ditugun likido guztien gaina 2018an gauzatu zen, nahiz eta azken datu hau denborak bakarrik berretsi ahalko duen. Halaber, mundu osotik erauzitako gas naturalaren maximoa heldu den urteetan iritsiko da. Datu hauek guztiak txosten andana batek berresten ditu, baliabideen mugara iristen ari garela diotenak, gure mundu finituaren beste mugetako bat, zientzialariek bizi dugun ingurugiro krisiaren kausatzat hartu izan dituztenak.

Zientziak gaur egun bizi dugun krisi energetikoaz ohartarazi izan digula dakusagu orain, egungo guda koiunturala baino askoz lehenago. Eta panorama honen aurrean, gobernuek plan absurdoak diseinatzen dituzte; hauen artean:

—Gasa eta energia nuklearra energia berde izendatzen dituzte, trantsizioan lagun diezaguten. Ez dute kontuan hartzen lehenaren kasuan erauzte-gainaren gertutasuna edota berotegi efektuko isuriak, ez eta, bigarrenaren kasuan, hondakin nuklearra eta uranio erreserben agortzea ere. Horrenbestez, festak jarrai dezan saiatzen dira, plan honek ingurugiroari ekarriko dizkion arazoak kontuan hartu gabe.

—Gainera, trantsizio energetikoa energia berriztagarri modernoen hedaduraren bitartez proposatzen dute. Funtsean, eguzki-panel eta haize-errota proiektu erraldoien instalazioan dautza, batez ere elektrizitatea sortzen dutenak. Hala ere, egun Nafarroan kontsumitzen dugun energiaren %21 besterik ez da energia elektrikoa, eta gainerakoa erregai fosilak dira. Kasu gehienetan, ez da erregai fosilak elektrizitatez ordezkatzeko aukera bideragarririk. Horrez gain, egun gertatzen ari den elektrizitate kontsumoaren joera beheranzkoa da, bai Nafarroan, Estatu Espainiarrean eta Europan. Arazo honen adibide bat dugu Nafarroa, proiektu berriztagarriz erabat beteta dagoen lurraldea eta apenas trantsizio energetikoari hasiera eman diona, kontsumoaren %78 erregai fosilena izanik.

—Baina absurdoaren gaindia, beste garai batzuetan, baliabideen krisiaren hedapena baino lehen alegia, diseinatutako azpiegituren zabalkuntzarekin jarraitzeko gogo bizia da. Honen guztiaren adibiderik argiena AHTaren eraikuntza da, «errailen gainean doan hegazkina», ohiko trenak baino energia kontsumo askoz handiagoa duena eta baliabide material eta energetiko andana bat behar duena errail konplexuak eraikitze aldera.

Egoera honetan, normala da hiritarrek arazo handiak edukitzea errealitatea ulertzeko. Izan ere, gobernuetatik defendatzen diren diskurtsoak eta planak erabat kontraesankorrak dira, eta baliabideen eta ingurugiroaren mugekin talka egiten dute. Agerikoa baita energia berriztagarrietarako trantsizioa, saltzen ari zaizkigun moduan berean, nekez eraman daitekeela aurrera. Eta boteretik gertaera eta datu hauek guztiak ezkutatzen dizkigutelako, zeinak egoeraren analisia zailtzen baitu, benetako egoera nahikoa den transparentziarekin planteatzen ez dutelarik.

Munduko ekonomiaren hazkundea mantentzea jadanik ez da posible baliabide naturalak agortzen ari diren mundu batean. Beharrezkoa da, beraz, gizateriak mundu honetan bizitzen jarraitu ahal izateko neurri egokiak ezartzea. Honetarako, nahitaezkoa da sistema ekonomikoa, politikoa eta kulturala errotik aldatzea. Beharrezkoa da kontsumoa murriztea, energiarena zein produktuena edo zerbitzuena. Eta nahitaezkoa da habitat natural eta bioaniztasunaren galera geldiarazteko neurri egokiak ezartzea.

Bistako gertakari hauek, datu zientifikoek babesten dituztelarik, kapitalismo berdearen planekin nabarmen egiten dute talka. Eta alderdi politikoek zein administrazioek hau guztia kontuan hartzen ez duten bitartean, gizarteak errealitatea ulertzeko arazoak izango ditu.

Krisia estrukturala da eta edozein irtenbide saiakerak egungo eredu ekonomikoaren aldaketan izan behar du oinarri, honen pilaketa logikan zein mozkinak ateratzean, helburu produktibo gisa. Hori onartu ez eta gauzak dauden moduan mantentzeak erabateko krisi eta giza-irrazionaltasun egoera batera eramango gaitu. Etsipen kolektibo honek gehiengo soziala arazo konplikatuendako irtenbide errazak planteatzen dituzten horien besoetara eraman dezake arrastaka. Kapitalismoa mantentzeko intentzioarekin, desberdintasun, arrazakeria, autoritarismo, gizarte kontrol eta militarismo gehiago ekarriko diguten irtenbideak planteatzen dituztenen besoetara.

Bada garaia, beraz, argi hitz egiteko eta gauzak haien izenez izendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.