Aietetik Euskal Herrira, konponbidera

2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ikusmin handia sortu zuen eguna izan zen duela bost urte orain, iragan zen urriaren 17ko eguna. Inoiz biziizan ez genuen eguna, nazioarteko pertsonalitate, Hego zein Ipar Euskal Herriko arduradun politiko eta sindikalak bilduak, Donostiako Aieteko jauregian. Gogoan ditugu oraindik delegazioen arribatzeen irudiak, eta arratsaldeko itxoitea, bilkura horretatik aterako zen deklarazioaren edukiaren zain.

Arratsaldeko bostak pasa ziren Berthie Ahern Irlandes lehendakari ohia deklarazioa irakurtzen hasi zenean.

Lehen aldiz nazioarteko pertsonalitate baten ahotik Frantses gobernuaren ardura Espainiar gobernuarenaren heinean jarria zela. Eta Ipar Euskal Herriko eragile politikoak, sindikalak, gizarte zibila, elkarrizketaren bitartez gatazka honen korapiloak askatzera gonbidatu gintuztelarik nazioarteko arduradunek.

ETA erakunde armatuak, Aieteko konferentziatik hiru egunera, bide orrian luzatu zitzaion deialdiari baikorki erantzun zion, bere jarduera armatua definitiboki bukatutzat ematen zuela iragarri zuelarik.

Oholtza politiko berri eta historiko horrek inork irudikatuko ez zuen oihartzuna izan zuen Ipar Euskal Herrian. Aieteko deklarazioari erantzunez, laugarren puntuan proposatu zuen metodoa ontzat hartu eta martxan jarri zen alde batetik gizarte zibilaren parte hartzea eta Aieten egondako Ipar Euskal Herriko arduradun politikoen gogoeta bestalde.

Paraleloki abiatu baziren biak, fite ohartu ginen, Frantziar eta Espainiar ukazioaren aitzinean eta prozesu honen garapenaren kontrakoen aitzinean, Aieteren deklarazioaren aldeko gehiengo politiko eta sozialaren inplikazioa irudikatu behar zela.

Bake prozesu parte hartzaile baten eraikitzearen beharra ikusirik, zertaz mintzo ginen ulertzea izan zen gure lehen lana. Frantziar eta Espainiar ukazioaren aitzinean, bake prozesuaren eraikitzearen aldeko gogoeta eta elkarrizketa esparru anitzak egituratu ditugu Ipar Euskal Herri mailan. Elkarrizketa esparru horiek konfiantza eta zubi berriak eraikitzera eraman gaituzte. Estatuetatik bake prozesuaren kontrako erasoak kudeatu behar izan ditugu. Baita elkarrizketa guneak babestu ere, hori lurralde honetan zegoen hauteskunde ziklo eta lurraldetasunaren egutegi politiko azkarra zegoenean.

Ez da beti erraza izan, eta ez dugu beti asmatu. Hala ere, momentu inportanteak eta azkarrak irudikatzea lortu ditugu, bake prozesuaren aldeko foroetan, baita euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio azkarretan ere. Eta begi bistan gelditu da gizarte zibilaren inplikazioa eta parte hartzea prozesu honetan funtsezkoa dela.

Aieteren hirugarren urtemugaren biharamunean, 2014ko urriaren 24an, Frantziako Euskal Herriko elkarrizketarako taldeak (Aieten egondako Ipar Euskal Herriko arduradun politikoen taldea) Baionako Adierazpena plazaratu zuen. Horren bidez, ondorioen gainditzeko bide orri zehatza plazaratu zuen, Frantses estatua haren erantzukizunen aitzinean jarri eta gizarte zibilari gogoetarako eta adostasun zabalak biltzeko aterabide proposamen bat gaineratuz. Adostasun zabal horrek esperantza, gogoa eta bultzada berezia eman zion bake prozesuari.

Ipar Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko aniztasun horri esker, Pariseko Asanblada Nazionalean, euskal gatazkaren konponbidearen aldarria eta Frantses estatuaren inplikazioaren beharra mahai gaineratu zen. Eta are gehiago, Ipar Euskal Herritik haratago doazen sostengu berriak bildu eta bakearen alde aktibo izatea lortu zen.

Aitzinamendu inportanteak egon badira ere, Aieteko nazioarteko konferentziaren bosgarren urtemuga honetan, ETA erakundeak jarduera armatuaren bukatzearen iragarpenarekin, frantziar zein espainiar gobernuengandik espero pausoak bere horretan gelditu dira, ondorioen atal guzietan. Eta etsipen, frustrazio eta sufrimendu gehiago eragin du.

«Ausardia, arriskuak hartzeko borondatea eta konpromiso sakonak» behar zirela zioen Berthie Ahernek bake iraunkor eta justu batera heltzeko.

Gaur egun, talde armatuaren eta bi estatuen arteko elkarrizketa mahaia hutsik gelditzen da eta, horren aitzinean, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen inguruko pausorik ez den momentu honetan, arduraz eta ausardiaz jokatzeko momentua dugu. Euskal Herriko lurraldeetako eragile, instituzio arteko elkarrizketaren bitartez,manera ordenatuan eta adostasunean pauso berrien ematearen parioa egin behar dugu.

Euskal Herritik, euskal herritarrekin bake bidea obratzea, horretan dugu erronka.

Gaur Aieten, 2013an bake prozesua indartzeko sortu zen foro sozialak bihurgune berri bat hartzeko deliberoa hartu du. 2016ko urriaren 22 honetan, Aieteko deklarazioa buruan eta gomendioak oinarri, iraunkorki egituratzeko apustua eginen du.

Bosgarren urtemuga hau gatazkaren konponbidean mugarri berria izan dadila: Euskal Herriko gizarte zibiletik, Euskal Herriko eragile eta bake prozesuaren alde engaiatuak diren aktoreekin eta instituzioekin eraikitako konponbidearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.