EHUko irakasle eta ikertzaileak

Aire zabaleko hezkuntzarako ateak irekita

Larraitz Altuna eta Jon Diaz
2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Esan dezagun ozen eta argi: aire zabaleko hezkuntzak, eta zehazki, baso-eskolek berezko tokia bereganatu dute curriculum berrian. EAEko 77/2023 Dekretuak eta Nafarroako 67/2022 Foru Dekretuak ainguratze ugari dituzte aire zabaleko hezkuntzarekin. Esan daiteke LOMLOEk eta EAEko zein Nafarroako gobernuek onartu duten curriculum dekretuek lehen aldiz onetsi egiten dituztela aire zabaleko hezkuntza-proposamenak.

Azken urteetan, COVID-19 izurritearen ondoren, eta neurri handi batean, haren ondorioz, baso-eskola proiektuek loratze sasoia bizi dute, bereziki Gipuzkoan. Osasun larrialdiak lehendik zetorren mugimenduari bultzada izugarria eman dio oso epe laburrean. Horren atzetik, orain, derrigorrezko hezkuntzako curriculumek larrialdi ekosozialari egiten dioten aitortzatik nagusiki, baina ez bakarrik, aire zabaleko hezkuntzak fruitu are eta gehiago eman ditzake.  

Aldaketa oso positiboa da. Ez dugu esango marko berriak aire zabalekoa naturaldu egingo duenik, oraindik ere muga ugari egon badaudelako. Normalizaziotik, beraz, urruti gaude. Baina gorabidean datorren mugimenduari euskarri ezin sendoagoa emango dio, beldur asko uxatu egingo ditu, eta nolabait, frogaren zama eskualdatu ere bai. Gaurtik aurrera zertara dator baso-eskola galdetzen diguten aldiro, lasai ederrean erantzun genezake: curriculumak jasotzen du.

Curriculum berriak oinarrizko hezkuntzaren printzipio pedagogiko bilakatu ditu garapen jasangarrirako helburuak. EAEko legezko testuak hitzez hitz jaso du «oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasleek gai izan beharko lukete garapen jasangarrirako helburuei begira aldaketak eragiteko eta erronkei aurre egiteko». Hori indartuz, «arlo, ikasgai edo eremu guztietan zeharka sustatu behar dira (...) jasangarritasunerako eta kontsumo arduratsurako hezkuntza». Aitortza horren ondotik, irteera profilak konexio zuzena egiten du XXI. mendeko erronkekin, eta beraz, baso-eskola proiektuak erraz aingura daitezke curriculumeko ikaskuntzekin. Bestelako keinuak ere ugari baitira. Esate baterako, diziplinartekotasuna ahalbidetu, hezkuntza ekintzatik elikatu eta ikaskuntzak ikuspegi globaletik bateratu, ikaskuntzak pertsonalizatu, eta bizitza errealarekin eta naturarekin loturak areagotu, edota ongizate emozionala esparru guztietan zaindu.  

Hamar bat urte igaro dira Ozetan eta Donostian baso-eskolak abiatu zirenetik. Segidan, eta ibilbide paraleloan, Kutxa Fundazioko Ekoguneak, garaiko curriculumeko edukietan oinarrituta, Gipuzkoako hezkuntza sarean baso-eskola proiektuak sustatzeari ekin zion, eta horretan jarraitzen du. Hasierak errazak izan ez ziren arren, bidea urratuz baso-eskolak bideragarri eta egingarri direla frogatuz joan gara. Horrela, zalantzarik gabe, ereduak sinesgarritasuna irabazi du hezkuntza-komunitatearen begietara. Horri esker, gaur-gaurkoz, Gipuzkoan bakarrik hogeita hamarretik gora ikastetxe publiko eta itunpeko garatzen ari dira baso-eskola proiektuak Haur Hezkuntzan, eta horietatik hamasei zabaltzen Lehen Hezkuntzara, Ekoguneko informazioaren arabera. Ez da kontu makala!

Hori ikusita, egun berrikuntza pedagogikoa ikastetxeetako hormak zabaltzetik ere badatorrela baiezta genezake. Gainera, gurean bizi duguna ez da salbuespena, mundu zabalean antzeko zerbait gertatzen ari baita. Hazkunde fasean dabil baso-eskola, nonahi.

Guztiarekin, aire zabaleko hezkuntza balioztatuz esparru arauemaile berriak jauzi kualitatibo handia ekarri digu. Orain ez dago basoa ikasgela bihurtu beharrik, ikasgela eta hezkuntza arautua bera naturara zabalduz baitoaz. Hezkuntza arautuan, aire zabaleko irteeretan batzuetan curriculuma bete beharrak pisu handia hartzen zuelako, beste batzuetan irakasleek curriculumarekin loturak nola egin asmatzen ez zutelako, orekei eustea ez zen samurra. Bigarren kasuan, ondorio zuzen modura curriculumaz gaindiko jardueratzat jo zitekeen, eta era horretan balioa galdu. Eskolako errutinari haustura zekarkion, eta hori ikus zitekeen arren, zailagoa zen, berriz, bestelako onurak onestea.

Hemendik aurrera, aire zabaleko hezkuntza curriculum berriarekin erraz egitura daiteke, eta bide horretatik, baso-eskola proiektuak iraunkortu. Egiturazko euskarri bat izatea abantaila handia da. Curriculuma aldeko izanda ere, beste maila batean, baso-eskola proiektuak justifikatu beharko direla? Jakina baietz. Lau pareta artean ematen diren ikaskuntzak gehienetan ez dira arrazoitu behar, gizarte-iruditeriak eskola eskola-eraikinarekin duen identifikazio ezin handiagoagatik. Halaber, baso-eskolak testuinguru askoz zabalagoan eta aberatsagoan kokatzen du ohiko eskola. Bizipena eta esperientzia ikasbide hartzen ditu eta lehen lerrora eramaten. Irakaslearen eta haurraren rolak birdefinitzen ditu haurren autonomiaren eta ekimenaren mesedetan. Haurraren mugimendu, esplorazio eta jolas beharrei erantzun asegarria ematen die. Era guztietako emozioak autorregulatzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Eta horiekin batera, nola ez, hondamendi ekosozialaren aurrean kokapen ezin aproposagoa eskaintzen dio haurrari, begiratu, jarrera, eta gaitasun ekosozialak garatze aldera. Ez dezagun denbora gehiago gal!
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.