Plazara Dantzara herri ekimeneko kidea

Aitortza da bidea

Kattalin Ezkerra Sobrino
2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baztango mutil dantzetan, xixtularien aireak gidatuta eta atabalariaren erritmoak markatuta, norbanakoen gorputzen baturak gorputz bakarra osatzen du; elkarrekin dantzatzen den komunitatearena. Borobil irekian, erlojuaren kontrako noranzkoan, buruaren eta buztanaren artean, nahi duen herritarrak dantzan aritzeko aukera dauka, bakoitza bere estiloan, bere beztimendan eta bere identitatean. Libre.

Mutil dantzak Baztango jauziak edo mutxikoak dira. Pirinioetan hedatua dagoen dantza sistema dantzatzeko dugun Baztango manera. Herri aunitzetako bestetan dantzatzen dira; eguerdiz, bestetako egun nagusiko ekitaldian; eta arratsetan, bestetako egun gehientsuenetan. Baztandarrendako garrantzitsuak diren bertze egun batzuetan ere dantzatzen dira, Baztandarren Biltzarra egunean, adibidez.

Arras baztandarra den kultur adierazpen hau bizi genuen zisheteropatriarkatuaren isla zen XX. mendearen akabailan. Herrietako besten erdigunea hartzen zuen, ospea zuen eta ohorea zen dantzan aritzea eta zer erranik ez mutil dantzetan buru izatea, hau da, borobil irekian lehendabizikoa joatea. Gizonek, zakildunek, soilik izan zezaketen ohorea. Gorputz horiek, elkarrekin dantzan, gorputz bakar bat osatzen zuten; boterearen gorputza.

Errealitate matxista horren aitzinean, emakume eta genero disidente aunitzek gure gorputzaren boterea erabili dugu. Gorputza erabili dugu boterearen gorputza aldatzeko. Gorputza dantzan jarri dugu gurea ere baden plaza aldarrikatzeko, gurea ere baden komunitatea eraldatzeko. Borroka gogorra izan da, irainak eta mehatxuak jaso ditugu, paktu patriarkalari aurre egin behar izan diogu, moduak epaitu dizkigute eta beldurra pasatu dugu. Baina borrokak merezi izan du, plazek alimaleko eraldaketa izan baitute. Egin dugun borroka feministari esker, plaza berdinzale eta askeagoak ditugu gaur den egunean. Baztan feminista eraikitzeko aitzinamendu nabarmena egin dugu.

Baina, duela hogeita hamar urte genuen mutil dantza bizi genuen jendartearen isla zen gisara, gaur egun plazetan dugun mutil dantza bizi dugun jendartearen isla da?

Ezezkoan nago ni.

Mutil dantzetan buru izatea gizonek, zakildunek, soilik izan zezaketen ohorea zen. Errealitate matxista horren aitzinean, emakume eta genero disidente aunitzek gure gorputzaren boterea erabili dugu boterearen gorputza aldatzeko

Mutil dantza askotariko gorputzek osatzen dugun komunitate berdinzalearen isla izan nahi duen ekintza bilakatu da. Borroka feministaren ikur. Plaza betetzeak berak eta mutil dantza baztertzailea akitu izanak zisheteropatriarkatua gainditu nahi duen komunitate sendo bat dugula erran nahi du; ez da guti. Baina, dena ez dago eginda, dena ez dago irabazia eta oraino bide luzea dugu egiteko.

Mutil dantzetan bazterketa akitu badugu ere, baztertzaileak ez dira desagertu. Bazterketa ez da akitu haiek egindako hausnarketaren ondorioz, antolakuntzaren eta borrokaren bitartez ideia misogino eta baztertzaileak zilegitasunik gabe gelditu direlako baizik. Hau da, mutil dantzen gatazka ezkutuan gelditu den gatazka bilakatu da.

Plazak libreak eta parekideak diren arren, emakumeak dantzatzea onartzen ez duen jende bat badago, mutil dantzei indarra eta ospea kentzeko zenbait estrategia erabiltzen dituena: ez dira emakumeekin dantzatzen. Plazan dantzan ari garenon dantzakera, itxura eta beztimenda gutiesten dute. Mutil dantzen tenorean ez dira plazan egoten, boikota egiten dute. Ez dituzte beren herrietako bestetan mutil dantzak antolatzen edo antolatu ez daitezen presioa egiten dute. Baztanen hilabetero antolatzen dituzten bailableetan ez dituzte mutil dantzak jotzen eta mutxikoak indartzen dituzte, jauziak dantzatzeko bertako dantzakera baztertu eta euskal hirietan hedatzen ari diren joerak landa eremura ekarrita.

Ez dugu ahantzi behar inposatzen zaigun jendarte zisheteropatriarkal uniformatzaile honetan emakumeen gauza bilakatu dela dantza, feminitateari loturiko adierazpena. Euskal Herriko gizon zis gehienek ohorearekin eta herriko kultur adierazpen maskulinoarekin loturiko dantzetan parte hartzen dute soilik. Horrela, aunitzetan mutilendako gordeak ziren dantzetan emakumearen* presentzia areagotzearekin batera, gizonena gutitzen da. Mutil dantzetan ere, gizonezkoek hegemonia galdu dutenez, geroz eta gutiago dira dantzatzen diren mutil eta gizon zisak. Gainera, transmisioa arriskuan dago, jende guti dabil mutil dantzak irakasten eta ez dago gure ondare kultural hau zaintzeko eta indartzeko politika publikorik.

Eraldaketa feminista erabatekoa izan dadin, gaur den eguneko mutil dantzek aitortza behar dute. Komunitatearen inplikazioak handiagoa izan behar du hain gureak ditugun dantza hauek amesten dugun etorkizuneko jendarte feministaren isla izan daitezen. Horretarako, batzuek kendu nahi dioten ospea berreskuratu behar dugu. Baztango eskoletan eta ikastolan haurrei eta nerabeei gure dantzak erakutsi behar zaizkie. Bertako adierazpen kulturalak mantentzeko politika publikoa egituratu behar da. Udalaren urteko jarduera eskaintzan mutil dantzak sartu behar dira. Bertako dantza taldeek eta dantza eskolek mutil dantzak erakutsi behar dituzte. Musika eskolan bertako dantzen doinuak entzun behar dira. Eta jendeak, orokorrean, gure folklorea dantzatu behar du. Finean, bizirik dagoen herriak bizirik mantendu behar ditu bere kultur tradizioak.

Eutsi diezaiogun erronkari eta egin dezagun elkarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA