Alderdi, gobernu, estatu?

Floren Aoiz › Gara
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Begi bistakoa da, nire ustetan, espainiar Gobernua nahiz PSOE sortutako egoera berrian birkokatzeko egiten ari diren ahalegina. Baztertu egin beharko genituzke mugimendu hauen irakurketa sinpleak [...], jakina, baina aldaketak hor daude eta zerbait adierazten digute.

Hori zer den argitzea ez da hain erraza, alta. Bertsio ezberdinak kausitzen ahal ditugu komunikabideetan. Horietariko bat PSOEren saio partidistarena da. Bazter guzietara zabaldu da PSOEren jokaldi elektoralaren ideia. Horren arabera, alderdi horrek ulertu du ETAren bukaeraren inguruko operazio propagandistiko bat dela Moncloan jarraitzeko aukera bakarra. Irakurketa hau ontzat joz gero, alderdi baten hautu partidista baten aurrean ginateke.

Bitxia bada ere, ideia horrek oihartzun handia izan du hainbat esparrutan. Bitxia diot, ez baitut uste Zapateroren alderdiak estatu estrategia alderdiaren interesen menpe jartzeko ahalmenik duenik [...].

Espainiar estatuaren ibilbide historikoa ezagutuz gero, pentsaezina da estatuko hainbat botere eta estatukoak izan gabe benetako botereak diren beste batzuek honelako alderdikeria bat onartzea estatu mailako estrategia batean uztartzen ez baldin bada. [...] Mundu errealean, inork hautatu ez dituen botereek ahalmen handia dute, batez ere estatu aferak tartean daudelarik.

Eta aipatzen ari garena estatu afera da. Estatu afera nagusia, estatuaren etorkizuna baitago kolokan. Sortzen ari den egoerak kezka handia eragin du Estatuko botereen esparruan. Ez dagoela erantzun bakarra, baina lehen ez bezala, irizpide berriak agertzen eta indartzen ari dira.

[...] Madrilgo Gobernuaren aldaketaren gibelean alderdiaren interesetatik haragoko arrazoiak daude. Egoera ekonomikoaren inguruko kezkara mugatzen ez direnak.

[...]Mahai gainean ziklo historiko bati ekiteko aukera dago. Espainiar nazionalismoaren krisi egoera honetan, espainiar nazionalismoan oinarritzen den Estatuak bidegurutzea dauka bere aurrean. Hautatu beharreko bideaz iritzi bat baino gehiago agertzen dira, denok ikusten ahal dugunez. Alderdiak, Gobernua eta Estatua nahasten dira lehia horretan, baina ez genuke hori alderdien arteko lehiekin identifikatu beharko, askoz ere sakonagoa baita.

Euskaldunok, gure txikian, erakutsi eta ikasi dugu estatu handi eta boteretsuak mugiarazteko gai garela. Horrenbestez, ongi dago estatuen jarduerari so egitea, baina gure indarrei erreparatu behar diegu batez ere. Gure jendartearen aktibazioa baita egoera berriaren giltza nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.