Alec gure laguna zen

German Kortabarria
2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alec Reid 2000ko ekainean ezagutu nuen, Bilboko erakustazokan ELAk antolatutako jardunaldi-baraualdian Irlandako bake prozesuari buruz hitz egitera etorri zenean, Elkarri-ren eskutik. Lehen aldiz etorri zen Euskal Herrira gero gurean hain ezaguna egingo zen apaiza. Gogoan dut lehenbizikoz bildu ginenean denbora luzea egin zuela apaizak hitzik esan gabe, batzuen eta besteen azalpen eta adierazpenei adi; soilik entzun beharreko guztiak entzun zituela iruditu zitzaionean ekin zion apaizak, ahotsa grabe, begiak zorrotz, Irlandako gatazkatik ateratako oinarrizko ikasbideak aletzeari.

Harrezkero, behin baino gehiagotan izan ginen Alec Reidekin, batik bat 2003tik 2006ra bitartean, euskal gatazkaren konponbidearen alde hainbeste lan egin zuenean. «Beti egin ahal da zerbait» esaldiak laburbiltzen zuen haren bakea lortzeko grina. Elizgizona zen aldetik, lehentasuna zuen oinaze gehiago eragozteko bakea albait arinen lortzeak, eta asko kezkatzen zuen talde armatu baten azken astinduak eragin zezaketen giza galerak. Gatazkaren oinarrian, Euskal Herrian Irlandan bezala, giza eskubideen arazoa ikusten zuen, eta bakea ekarriko zuen edozein akordiok denen eskubideak errespetatu behar zituela aldezten zuen; autodeterminazioa bera eskubide moraltzat zeukan. Emakumeak ezinbestekotzat jotzen zituen bake prozesuan, hainbesteraino non gune guztietan haien %50eko presentzia proposatzen baitzuen. Uste osoa zuen elkarrizketaren bidean: «Pistolen bideak ez du inoiz funtzionatzen; elkarrizketarenak, berriz, beti». Bakerako bideak eragileen konpromiso serio eta zehatzak eskatzen ditu; irtenbideak, irekitasuna eta malgutasuna. Hauek Alec Reidekin izandakoetatik gogoratzen ditudan gogoeta batzuk.

Irlandan horrelakorik izan ez bazen ere, sindikatuek euskal gatazkaren konponbidean zeresan handia zutela baiesten zuen, jendearentzat oinarrizkoa zen dimentsio soziala jasotzen baitzuten: «Bandera ezin da jan», esaten omen zuen John Humeren aitak. Ziurrenik, LABeko idazkari nagusiak armen aroaren amaiera ahalbidetzeko bere buruari jarritako eginbideak—oraindik larrutik pagatzen ari denak— izango zuen eraginik Alec Reidek gurean sindikatuen paperari eman zion garrantzian. Dena dela, gogotik saiatu zen apaiz irlandarra ELA Ezker abertzaleak paratutako konponbiderako antolakundeetan engaia zedin, nahi baino gutxiago lortu bazuen ere; horregatik, errieta bat baino gehiago entzun behar izan genuen Anoetak jarritako errail politikoaren mugak nabarmentzeagatik edota, batez ere, LABekiko harreman gozakaitzagatik. Apaizarekin harreman estua zuen Rafa Diezek, eta haren eragina hautematen genuen guk agiraka haietan; ez dakiguna da inoiz Rafari egin ote zion errietarik bi erakundeen arteko konponezina zela eta.

Azkenean gauzak nahi bezala atera ez baziren, ezingo diogu behintzat apaiz zintzoari errurik bota, adinari eta osasun makalduari jaramonik egin gabe, dena eman baitzuen berea ez zen lur honetan ez zedin odol gehiagorik isuri eta herritar guztiak bere eskubideen jabe izan zitezen. Erlak Kennedyri buruz baino arrazoi gehiagorekin esan dezakegu Alec Reid gure laguna zela.

Har beza atseden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.