Israelez eta Palestinaz mintzatzea ez da erraza, ez behintzat alemaniarrekin. Gobernantza Masterreko ikaskide ohi bat —Alemaniakoa bera—, bisita egitera etorri zen Bizkaira orain dela aste batzuk. Gure bizitzez jardun genuen, gure proiektu pertsonalez eta masterra bukatu ondorengo gorabeherez. Berbetan ari ginela, itsumustuan, hizpide debekatua azaleratu genuen: Israel eta Palestina. Sutsuki eztabaidatu genuen, debate-mahai bateko tertuliakideak bagina bezalaxe, eta, azkenean, konturatu nintzen eztabaida hura ondorio argia ateratzeko baliagarria izan zitzaidala: alemaniarrek konplexu sionista beldurgarria daukate.
Ondo ulertzeko alemaniarrek zer darabilten buruan Israelez, 1940ko hamarkadara bidaiatu behar dugu. II. Mundu Gerraren ondotik, mendebaldeko alemaniarrek Erinnerungskultur (memoriaren kultura) deritzotena sortu zuten. Horren ondorioz, beren gain hartu zuten holokaustoaren gaineko erantzukizuna, promes eginez ez zutela onartuko holokaustoaren antzeko ezer errepikatu zedila. Bloke sozialistan azkendu zen ekialdeko Alemanian, berriz, ez ziren hain autokritikoak izan juduen genozidioari dagokionez.
Erru historiko hori dela eta, germaniarrek ezbairik eta durduzarik gabe aldeztu dute Israelgo Estatua, argudiatuz «juduek estatu propioa behar» dutela «babesturik eta bakean egoteko, eraso egin zieten eremuetan ez dutelako babes eta bake hori erdietsiko». Finantzaketa ekonomikoa, harreman diplomatikoen sustapena, armen salmenta eta hornikuntza militarra... Israeli dena eman diote, beren hoben-sentimendua arintzeko helburuz. Ekialde Hurbileko estaturik artifizialenaren segurtasuna eta ongizatea munta handiko afera bihurtu da Alemanian, Angela Merkelek 2008. urtean adierazi zuen legez.
2025era bueltan, konplexu sionista gaindiezin horren lekuko ari gara izaten: Netanyahuren gobernuaren basakeria onartezinen despit, Alemaniako goi-agintariek uko egiten diote etengabe Palestinari laguntzeari, Palestinako Estatua aintzatesteari eta genozidioa eta gosetea geldiarazteari. Beren memoriaren kultura arriskutsuak eragindako erru historikoaren eraginez, Israelen aurkako kritikarik ñimiñoenagatik ere antisemitatzat hartuko ote dituzten beldur, pasiboki jokatzen dute, eta benda ipini. Ez dakusaten begiek...
Egoera horrek geure buruari honako hau guztia galdetzera garamatza. Zein punturaino da zilegi, gaur egun, trauma historiko batek hain intentsitate handiz baldintzatzea estatu baten kanpo-politika? Onargarria al da, iraganeko gaizki eginen ondorioz, hiltzaile krudel eta odolzaleek eraenduriko estatu bat babesten jarraitzea? Eta hiltzaile horiei aski dela esateko ezinbestekoa den autoritate morala galtzea? Germaniarrek beti ezkutu gisa erabiltzen duten «erantzukizun historikoa» al da ala giza eskubideei buruzko eztabaida blokeatzen duen zor azkengabea? Nik txit argi daukat.
Herri oso batek pairatzen duen esetsi jasanezina, genozidio nardagarria, sarraski masibo negargarria, ezin dezake ezerk bidezkotu. 2023ko urriaren 7an palestinarren sakailaketa hasi zenetik, Alemaniak justifikatu egin du Netanyahuren administrazioaren mugimendu oro. Are gehiago: abuztuaren 26an, Israelek Gazako Nasser ospitalea atakatu ondoren, Friedrich Merz kantzilerrak zalantzan jarri zuen Israelek erasoa deliberatuki gauzatu izana. Lehengo biktimak, oraingo biktimagile; lehengo biktimagileak, oraingo sopikun.