Altsasu: mendeku infinitua

2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ez da Krimen Gaietarako Politikan masterduna izan behar jakiteko justizia administratzearekin ikustekorik batere ez duten printzipioei erantzuten dietela Altsasuko kasuko akusazioek —zeinengatik neurri hain bidegabeak eskatzen dituen fiskaltzak—. Bide batez, ez al ditu fiskaltza horrexek ikertzen arrazoi ez-naturalengatik izaniko heriotzak edota tratu txarren eta torturen salaketak, atxilotuei edo presoei Poliziako edo kartzeletako funtzionarioen zaintzapean gertatutakoari dagozkionak.

Delitutzat jotako horiek ez ditu Guardia Zibilak berak ere sinesten. Bere garaian, nolabait erantzuten ahalegindu ziren, hainbat enpresa mediatiko pribatu eta estatalek baliatuak zituzten argudioei aurre egin nahian, haiek egintzak beren gogara interpretatu baitzituzten.

Fiskaltzak hori ustez politikarako baliatzeak, kasu honetan, hainbat helburu izan ditzake: alderdi batzuen erreakzioa bultzatzea, halako burugabekeria bat sala dezaten eta, hala, jarraitzaileak gal ditzaten, «terrorismoagatik susmagarriak diren eta polizia guztiz santuaren ustezko erasotzaileak diren euskaldun» batzuk babesteagatik; blokeo egoerari eustea baketze prozesuan, hala alderdi hegemonikoek beren «konfort eremuan» iraun dezaten; degradazio zeremonia bihurtzea senideen eta akusatuen sufrimendua, atentzioa desbideratzearren Espainiako Gobernuari zilegitasuna eta sinesgarritasuna kentzen dioten gaietatik.

Funtsezkoa da agerian uztea perbertsio hori, bat egitea mobilizazioekin, desegitea haien argudio zitalak, salaketen kostu politikoa handiagoa izan dakien gatazkak merkantilizatzearen logikak emaniko etekinak baino.

Norberak pozoi bat hartuta bestea hil dadin nahi izatea bezala dira mendeku desirak, eta, irabazi asmoen antzera, aseezinak dira. Horretan datza, hain zuzen, interes ekonomiko eta politikoen zerbitzura dagoen justizia mendekuzkoaren gainean egituratutako zigor sistemaren funtsa. Horretaz asko daki Espainiako Erresumak, zeinak bere buruari zuzenbide estatu sozial eta demokratiko baiteritzo. Izendapen iruzurti horren atzean ezkutatzen da gerra, zigor edo polizia estatu bat, bere historiako sorburuan zuen funtsari erantzuten diona: zergak biltzeko eta gizartean diziplina ezartzeko makineria bat izatea, kapitalaren zerbitzura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.