Nabarmena da Jose Amedo polizia ohia hamaika sekreturen jabe dela. 1983tik aurrera GAL siglak erabiliz Iparraldean egindako gerra zikinari buruzkoak dakizki. Eta oso litekeena da lehenago beste sigla batzuk erabiliz egindako hainbat atentaturi buruz ere asko jakitea.
Zalantzarik ez Amedo frankismo garaian hasi zela «lanean» Iparraldean, eta komeniko litzateke ikertzea garai hartan hainbat pertsonarekin izan zituen harremanak, hala nola, Amedoren beraren hitzetan, «aspaldiko ezaguna» zuen Ramon Lillorekin. Izan ere, Lillok mertzenario talde bat gidatu baitzuen 1976an. Iparraldean. Errefuxiatuen kontrako atentatuak egin zituen talde hark, espainiar Poliziak Ameriketako Estatu Batuetan erositako metraileta batzuk erabiliz, Mariettak, eta ez litzateke batere arraroa izango Amedok zerikusia izatea atentatu haiekin.
Lillo eta Amedo polizia inspektoreak ziren orduan. Lehenak CESED izeneko Zerbitzu Sekretu frankistarentzat egiten zuen lan. Bigarrenak, Wikipediaren arabera, urteak zeramatzan «ETA erakunde terroristaren inguruko espioitza lanetan». Eta 1976an desagertu ziren Iparraldean, hain zuzen, Amedorekin pisu berean bizi ziren beste bi inspektore. Handik urtebetera topatu zituzten bien gorpuak, eta gertakari hark izugarri markatu zuen.
Urte hartan bertan hasi zenCESEDen lanean Amedoren beste aspaldiko lagun bat, Jesus Diego de Somonte, zeina 1983an dagoeneko komandantea zen eta Zerbitzu Sekretuetako buru Euskal Herrian. Bilboko Poliziaren Buruzagitza Nagusian biltzeko ohitura zuten biek.
Cal viva bere azken liburuaren promozioaren harira, Amedori ihes egin zion Alberto Martin Barrios kapitaina ere ezagutzen zuela. Gogoratu, 1983ko urrian, ETA (pm)-ko zortzigarrenek bahitu egin zutela kapitaina, eta bi aste geroago hil. Bertsio ofizialaren arabera, hilketa hark abiarazi zuen GALekoen gerra zikina, baina arrazoi sendoak ditut pentsatzeko gertaerak erabat lasterragotu zituena ez zela hilketa izan baizik eta bahiketa bera.
Martin Barriosen bahitzaileek komunikatu batean esan zuten «zorrotz galdekatzen» ari zirela bere «benetako zereginaz», «isilpeko lan berezi batean» zebilela susmarazi zieten kapitainaren «mugimendu arraroak» antzeman zituztelako. Orduan, Poliziak zabaldu zuen, beharbada, bahitzaileek aipatu berri dudan Diego de Somonte komandantearekin nahasi zutela kapitaina.
Ene ustez, gezur haren zioa egia ezkutatzea zen: Martin Barrios ere Zerbitzu Sekretuetakoa zela. Hori erakusten duten zantzu garbiak hor daude behintzat. Besteak beste, askoz ere ulergarriagoak direla bere bahiketaren harira gertatu ziren hainbat gauza ulergaitz, baldin eta kapitainaren lan ofizialak, Bilboko Gobernu Militarraren farmazian, haren benetako zeregina estaltzea bazuen helburu.
Martin Barriosek benetan egiten zuen lanari buruzko ene susmoa zuzena bada, pentsatzekoa da bahiketak Estatuaren argi gorri guztiak piztuko zituela. Amedo eta konpainia Iparraldean prestatzen ari zirenaren jakitun bazen kapitaina, espainiar agintariek bazuten, bai, zeharo urduri jartzeko arrazoirik.
Testuinguru horretan, oso ondo ulertzen da eman zuten agindua ematea: lehenbailehen, kosta ahala kosta, kapitainaren bahiketa bere gain hartua zuen taldearen buruzagietako bat bahitzea; Joxe Mari Larretxea, hain zuzen. Eta ondoren gertatu zena ere ez da hain harritzekoa: lehen bahiketa-saioan frantziar poliziek harrapatu egin zituzten arren, tematu egin ziren Larretxea bahitu nahian. Berriro saiatu ziren, eta berriro harrapatu zituzten, eskandalu galanta eraginez.
Dena den, Amedori galdegin beharko litzaioke ea nondik ezagutzen zuen Martin Barrios. Eta, bide batez, baita argitzea ere Diego de Somonte komandantearekin zuen harreman estuari buruzko hainbat gorabehera. Adibidez, ea egia den haren alargunak esandakoa: senarra maiz joaten zela Amedorekin Iparraldera eta horrek handik bueltan autobidean istripua izan zuen egunean ere, 1983ko irailaren 23an, elkarrekin joatekoak zirela.
Amedok dio Ertzaintzak maletatxo bat atzeman ziola orduan, eta bertan hainbat mertzenariori buruzko oso datu konprometigarriak zituela. Handik aste gutxira, GAL siglak erabiliz, atentatu mordoa egiten hasiko ziren mertzenarioenak, hain zuzen. Eta nabarmena da Ertzaintzak ez zituela inoiz inongo epaileren esku jarri maletatxo hartan zeudenak.
Amedok izugarri daki, halaber, Barne Ministerioak kudeaturiko diru berezien truk gerra zikinean parte hartu zuten hainbat frantziar poliziari buruz, hala nola Cal viva liburuko protagonistetako bat den Jean-Louis ezizenekoa, zeinaren nortasuna, eta gaur egun Polizian duen kargua, Amedok primeran ezagutzen duen.
Beste hainbaten nortasuna ere ederki asko ezagutzen du, baina agerian geratu ziren polizienak besterik ez du aipatzen, Jacques Castets eta Guy Metgerenak. Azkena auto istripu batean hil zen, eta Amedok dio «frantziar informazio zerbitzuek» eragin zutela istripu hura, bide batez, oso mezu garbia helaraziz frantziar zein espainiar informazio zerbitzuei. Izugarri dakiela abisatzen die, eta ondo gordeak dituela sekretu horiek, Sancristobal eta Danboreneak eskuz idatzitako GALen komunikatu famatua gorde zuen bezalaxe.
Diego de Somonteren alargunaren arabera, senarrak esaten omen zion edozein egunetan Amedo desagerrarazi egingo zutela. Eta Amedok berak ere garbi utzi izan du zenbateraino den horren beldur aspalditik. Dioenez, horregatik egin zion uko espetxean zela jaso zuen proposamen bati. Espetxetik ospa egin, Hego Ameriketara joan, eta bertan beste nortasun batekin bizitza berregiteko proposamenari ezezko borobila eman omen zion, Guy Metgeri gertaturikoaren antzeko zerbait gerta zekiokeen oso beldur zelako.
Horregatik ditu Amedok ederki gordeak hamaika sekretu konprometigarri, bizitza-aseguru gisa, eta horregatik hitz egiten du hain lotsagabe sekretu horietaz bere elkarrizketa eta liburuetan, gerra zikinaren biktimak erabat mespretxatuz. Eta baita Justizia bera ere.
Eta zer dio espainiar Justiziak horri guztiari buruz? Txintik ere ez. Eta egin, are gutxiago, jakina.

Amedoren sekretuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu