Haurrak etxetik euskaldun eta euskaltzale haztearen garrantziaz eta helduok horretan dugun arduraz hitz egin nahi dut gaur. Horretarako, nire haurtzarotik bidaia txiki bat eginez, gure amona zena eta harekin izandako harremana ekarri nahi dut gogora.
Gurasoekin eta anai-arrebekin batera aitona-amonekin hazteko zortea izan dutenetakoa naiz. Zahartzearen kontuak izango dira ziurrenik, baina gero eta eskertuagoa sentitzen naiz aurreko belaunaldietakoekin.
Enkarna Mendia Zufiria zuen izena gure amonak, gure amaren amak. 1918an jaio zen, langile familia batean, Legazpin, eta 18 urte zituela harrapatu zuen 36ko zorigaiztoko gerrak. Gerra aurreko urteetan parte hartze aktiboa izan zuen emakume abertzaleen mugimenduan eta herriko batzokiko antzerki taldean. Argazki zahar horituetan azaltzen da ekitaldi abertzaleetan parte hartzen, artean 13 urteko gaztetxoa zela.
Espainiar faxistek piztutako gerrak eten lazgarria eragin zuen gazte belaunaldi idealista eta politizatu harengan. Bizitzaren zati handiena Francoren diktadurapean pasatu zuen Enkarnak, zapalketa sufrituz baina bere oinarrizko konbikzioei muzin egin gabe. Franco hil ondoren, etxeko sukaldean pozik gogoratzen dut balkoian jartzeko ikurrina eskuz josten. 1987an hil arteko azken urteetan, frankismoaren amaierak ekarritako arindua gozatzen oroitzen dut, eta autonomia estatutuarekin hasieran piztutako ilusioa pixkanaka itzaltzen. Gatazka armatuak eta euskaldunen arteko ezinikusiek eta zatiketek eragindako mina hor egonda ere, gehienetan irribarretsu eta alai gogoratzen dut amona Enkarna.
Etxeko transmisioaz hitz egiten dugunean, eta ukatu gabe gurasoen, gainerako aitona-amonen, osaba-izeben eta gainerakoen eragina, esango nuke amona Enkarnak eragin berezia izan zuela etxeko umeongan. Elkarrekin pasatutako ordu zenbatezinetan, euskal kantak eta bertsoak kantatzen zizkigun, ipuinak kontatzen, bere gazte garaiko antzerki emanaldiak gogoratzen eta etxeko sukaldean dantzan erakusten.
Asumitu dezagun guraso, aitona-amona, osaba-izeba edo zaintzaile gisa zer ardura dugun inguruko umeen hezkuntza linguistiko, kultural eta politikoan
Euskarako azterketan Bikain ateratzen bagenuen, postrerako jogurtak erosten zizkigun (ez baitziren egunero jaten garai haietan!). Euskaraz zer edo zer gaizki esaten genuenean, zuzendu egiten zigun, eta erdarara pasatzen ginenean, zorrotz galdetzen: «Iñaki, gu ez al gara ba euskaldunak?».
Harrokeriarik gabe erakutsi zigun ez ginela beste inor baino gehiago, baina euskalduna izatea gauza ederra zela. Ez ginela ez frantsesak eta ez espainolak; herri zapaldu bateko umeak ginela, euskaldunak, eta egunen batean lortuko genuela zegokigun askatasuna.
Kontu kontalari aparta zen, eta aspaldiko pasadizoak kontatzen zizkigun: gerra aurreko garai biziei buruzkoak, gudari aritutakoei buruzkoak, errepresioaren pasarteak, frankismo luzeko pasadizoak… Mundua ikusteko begirada zabalago baten hazia ere erein zuen gugan: harrokeria eta alferkeria adiskide eskasak direla bizitzan, okerrago dagoenari lagundu egin behar zaiola, eta maitatzen eta barkatzen ikasi behar dugula, besteak beste. Eguneroko elkarrizketek, portaerek eta ideien zein emozioen joan-etorriek lorratz argia utzi zuten gugan.
Tankera horretako zenbat ama eta amona hango eta hemengo euskal etxeetan! Gure amona Enkarnaren izena, eta antzeko eragina izan zuten beste milaka euskaltzaleena, ez dira behar luketen ohorez gogoratzen gure historian: patriarkatuaren albo kalte bat gehiago zerrendarako. Bidegabea da haiekiko, eta ez oso zentzuzkoa gure komunitatearen erreprodukzioaren eta autoestimuaren ikuspegitik. Asmatu beharko genuke modua etxean eta kalean haien ekarpena balioesteko, funtsezkoa izan baita haien ekarpena: euskal izaeraren eta euskal gogoaren haziak hurrengo belaunaldietan landatu dituzten gizon eta, batez ere, emakumeena.
Haiekin alderatuta, esango nuke atzetik etorri garen askok ez dugula neurri berean asmatu guraso izatera iritsi garenean euskaltzaletasunaren sua transmititzen. Horretan pentsatzen dut politikan konprometituta ari diren gazte asko beste kausa batzuekiko sutsu baina euskaltzaletasunean epel ikusten ditudanean. Edo familia abertzaleetako seme-alabak Espainiako edo Frantziako selekzioen golak ospatzen entzutean. Zer edo zertan kale egin dugu.
Ez da erabateko porrota izan, bistan da: guk ere egin dugu gure ahalegina eta, batez beste, etxe euskaldunetako seme-alabak nabarmen euskaldunago eta euskaltzaleago dira gainerako etxeetakoak baino. Hala ere, iruditzen zait urruti samar gelditu garela gure aurrekoek transmisioan lortutako mailatik. Garaiak aldatu egin dira, eta horrek zerikusi zuzena izango du. Baina, garaiekin batera, geu ere aldatu gara, eta esango nuke askotan konplexuz beteta aritu garela, ez behar bezain sendo, gauzak argi esateko beldurrez bezala.
Belaunaldi berriak hezteko lana ez da bukatu. Oraindik ere guri dagokigu. Asumitu dezagun guraso, aitona-amona, osaba-izeba edo zaintzaile gisa zer ardura dugun inguruko umeen hezkuntza linguistiko, kultural eta politikoan. Gure etxeetako milaka Enkarnek egin zuten bezala: hizkuntzarekiko, herriarekiko eta umeekiko maitasunetik, naturaltasuna eta goxotasuna irmotasunarekin eta koherentziarekin uztartuz, lotsa eta konplexuak alde batera utzita. Izan ere, etxean eta familian egiten den transmisioa funtsezkoa da etorkizuneko euskaldunak hezteko.
Ez diezaiogun izkin egin dagokigun ardura horri.