Amonaren motxila urdin ezkutua

Oihana Mujika Lazkano
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gabonetako oporretan amona-aitonen baserrira joaten gara. Han beti izaten da zer egin eta zerekin denbora pasa. Gustatzen zait helduak dauden lekutik aldendu eta baserriko zirrikituetan muturra sartzea. Lehengusuei ezkutaketan jolastea proposatu diet eta berehala hasi da Kattin «1-2-3-4-6-5-2-4-10» kontatzen; badakigu ez duela ongi zenbatu, baina 3 urte ditu eta inork ez dio ezer esan. Ni baserriko ganbarara igo naiz aurkituko ez ninduten leku ezkutuaren bila. Traste piloa dago ganbaran, eta, alde batera eta bestera begiratuta, ongi gordetzeko modukoa den amonaren kutxa zaharrean sartzea erabaki dut. Sartu eta ipurdi azpian enbarazu egiten zidan linterna baten argiak argitu dit kutxa barrua. Argazkiak, liburuak, jantziak, egunkari zaharrak, gutunak, marrazkiak, eta 113 zenbakia idatzita duen motxila urdin bat topatu ditut bertan. Motxilaren kremailera irekitzearekin batera hasi zait bizkarzorroa hizketan:

«Motxiladun haurren ikurra izan nintzen duela urte asko. Motxiladun haurrak aita-ama edo biak kartzelan zituzten haur-nerabeak ziren. 2018ko urtarrilean 18 urte arteko 113 haur-nerabe ziren Euskal Herrian; 93k aita zuten kartzelan, 9k ama, 11k aita eta ama; eta, gainera, Izar, Xua eta Haitz euren amekin bizi ziren kartzela barruan.

»Motxiladun haurrrek zigor hirukoitza pairatzen zuten; lehena, aitaren-amaren absentziarekin bizitzea; bigarrena, euren gurasoei aplikatzen zitzaien ez ohiko legedia zela eta, gurasoak etxean izateko itxaropenaren ukazioa; eta hirugarrena, legediak presoak zigorra bere bizilekutik gertuen duen espetxean bete behar duela dioen arren, gurasoak bisitatzeko egin beharreko ehunka-milaka kilometroak».

Ordura arte entzundakoak pentsakor utzi nau... zer esan nahiko ote du horrek? Haur horiei ez ziela inoiz aitak lo hartu aurreko muxurik eman? Edo haur horiei ez zitzaiela sekula ama ikastolara bila joan? Eta, gainera, urruti, oso urruti joan behar izaten zutela eurak ikustera? Puf, guk oporretara joateko gauez egiten dugu bidaia, bestela oso aspergarria eta astuna egiten baitzait hainbeste ordutan kotxeko aulkiari lotuta egon beharra. Eta haur horiek hilero-hilero behin edo bitan Murtziara, Saint Murera, Parisera edo Galiziarainoko bidaia egin behar izaten zuten?

Nire pentsamenduak entzun izan balitu bezala, motxila berriz ere hizketan hasi eta baiezkoa eman dit. Ostiral askotan lagundu izan ziela Harri, Xare, Lur, Jare, Ekhi eta Garikoitzi Andaluziara autobusean; hiru orduz euren aita/amekin egoteko 48 orduko bidaia egin behar izaten zutela autobusean. Eta behin baino gehiagotan geratu zela motxilan atera ezinik Aiurrek amari oparitu nahi baina kartzelariak sartzen utzi ez zion marrazkia. Eta urtean birritan betetzen zituela Amaiurrek urtebetetzeak; bat urteak betetzen zituen egunean, eta bestea aitarekin bisitan ospatzeko aukera zuenean. Eta Maleni aitari esan nahi baina esan gabeko gauza asko geratzen zitzaizkiola mihiaren puntan telefonoak 4,59 segundora pi-pi-pi egiten zuelako. Eta «zenbat lo geratzen dira aita etxera etortzeko?» galdetzean isiltasunaren oihartzunak asko-asko-asko erantzuten ziola Euriri.

Orduan, zaku barruan gordetako kartel zaharkitu bat atera dut. «Elkarrekin aurrera egiteko, prest gaude! Giza Eskubideak, konponbidea, bakea» irakur daiteke bertan. Txirikordak dituen neska motxiladun bat ageri da; irribarre handi bat, eta begiak ilusioz diz-diz, indartsu. Baina nola da posible galdetu diot motxilari. Motxiladun haur bat irribarrez, ilusioz? Baietz erantzun dit. Motxila horietan gurasoen ondoan hazi ezinak sortutako zama handiaz gain, etorkizun koloretsu baterako indar eta grina ere bor-borka zutela ume-nerabe horiek. Horren erakusgai mobilizazio horretan parte hartzeko nerabeek esandako hitzak gogora ekarri dizkit, honela zioten: «Ez dugu inoiz ama gure zain ikusi ikastetxetik atera garenean. Ez gara inoiz elkarrekin egon Olentzero eta Mari Domingik ekarritako opariak irekitzean. Ez ditugu sekula familia kide guztiak mahai beraren bueltan ikusi. Gure lagun minenek ere ez dute ama ezagutzen. Aitak ez daki gure etxea nolakoa den, ez da inoiz bertan egon…

Baina 13an Bilbon egingo den manifestazioan irudikatu nahi dugun bezala, motxiladun haur eta gazteak prest gaude etorkizun koloretsu baten alde lan egiteko. Horrela irudikatzen baitugu etorkizuna, kolore argi eta biziez. Gorria, laranja, morea, horia... Heldu da gure gerrian koloreak askatzeko garaia. Kolore guztiak askatu eta motxilak airera botatzekoa. Iritsi da zamak askatzeko unea.

Gure etorkizunean, aita eta ama etxean irudikatzen ditugu. Gure bila datoz ikastetxera edo entrenamendura. Planak eta proiektuak elkarrekin egiten ditugu, eta gure urtebetetze festan egongo dira lehen aldiz. Ama, aita eta gu, denok etxean elkarrekin! Baina etorkizun hori orain hasi behar da eraikitzen, ez ume eta nerabe izateari uzten diogunean. Ez nagusitzen garenean. Orain behar ditugu ama eta aita etxean. Ez 30 edo 40 urte barru.

Euskal Herrian benetako bakeaz hitz egin daitekeela uste duzue gure gurasoak kartzelan mantenduta? Eraiki dezagun denon artean benetako bake eta elkarbizitzan oinarrituko den jendartea. Presoen auziari irtenbidea emateak ez dakar onura senideontzat bakarrik, jendarte guztiarentzat da ona benetako bake eta elkarbizitza bidean pausoak ematea. Gu bide horretarako Prest gaude!».

Nire adin bertsukoek aspaldi esandako hitz horien pentsamenduetan murgildurik nengoela, gordeta nengoen kutxa zaharra ireki eta Kattinek: «Hara, hemen zaude, aurkitu zaitut azkenean» garrasi egin du eta korrika joan da «Haitzengaaatik» esatera.

Nik jada ahaztua dut kutxa zaharrera eraman nauen ezkutaketa jolasa. Amonari proposatuko diot ea gurekin jolastu nahi duen, baina begiak itxi eta «1-2-3-4-5...» kontatu beharrean, guri begietara begiratu eta bere barruan dituen bizipenak kontatzeko eskatuko diot.

Sukaldean topatu dut; jada behin txirikordatuta zeraman ilea urdindua du eta jantzita bota arrosarik ez duen arren karteleko neskatoaren begi diz-diz berberak ditu gure amonak.

HONAKOEK ERE SINATU DUTE HAU: Maialen Zuazo Aurrekoetxea, Edurne Irazu Alonso, Nahia Zuriarrain Mendiguren eta Eider Zuriarrain Mendiguren (haur motxiladunen amak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.