Anai Artea, argibideak

Txomin Hiriart-Urruty
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Azken asteetan, nire ikerketa lanaren argitaratzearen ondotik Juan Mari Arregik iritzi artikulu bat plazaratu du Anai Artearen sortzeari buruz (Naiz, 2021eko abenduaren 29a). Artikulu horretan kontsideratzen du haren rola elkartearen sortzean ez dela aski aipatua eta nahita baztertua dudala «ezker abertzaleko historialari ofizial» gisa. Gainera, artikulu horrek oihartzuna izan du, Iñaki Galdosek BERRIAn (2022ko urtarrilaren 4a) eta Urko Apaolazak Argia-ko blogean (2022ko urtarrilaren 13a) aipatu baitute. Horiek horrela, erabaki dut erantzun honen idaztea.

Historialari metodoa

Liburu hau idazteko elkartearen artxiboetan murgildu naiz, milaka orrialde landu ditut, elkarrizketak eraman eta bildu jada eginak izan zirenak. Informazio masa handi hori sailkatu ordenatu eta gurutzatu dut beste ikerketa lan eta liburu batzuekin, kontakizun koherente eta argi baten eraikitzeko. 50 urteetan zehar Anai Arteak egindako ibilbidea laburtzea ez da gauza erraza izan. Irakurleei elkartearen irudi argi bat eraiki nahian, hautuak egin behar izan ditut.

Anai Artearen sortzea

Juan Mari Arregik Anai Artearen sorrera bere iniziatiba izan dela aldarrikatzen du. Ene partetik ez dut erraten rol handirik jokatu ez duenik sortze prozesuan, baina ez da bakarra aitatasun hori bere egiten duena, Xabier Zumaldek ere hala egin zuen. Larzabalek utzitako lekukotasunek, aldiz, ez dute Juan Mari Arregiri horrelako paperik ematen. Bakoitzak bere bertsio eta bizipenak ditu. Ene aldetik, dokumentazioan agertu zaidana da Anai Artea elkartea modu kolektiboan sortu zela. Bertan, Juan Mari Arregi sortzaileetako bat izan zela ikus dezakegu, baina bere inguruko erreferentziak, Xabier Zumalderen gisan, fite desagertzen dira. Ondoan, Piarres Larzabal, Telesforo Monzon eta Angel Arregiren protagonismoa handia izan da, eta haiek dute bai egin bilakatu dena. Azkenean, iniziatiba indibidualen gainetik, Anai Artea behar sozial bati erantzuteko sortu zela azpimarratuko nuke. Denak dira Anai Artearen sortzaileak.

Juan Mari Arregiren esanetan, Larzabalek eta Monzonek «ez zuten ezer egin errefuxiatuentzat», proposatu arte elkartearen lehendakaritza eta idazkaritza hartzea. Hori, aldiz, arrunt okerra da. Larzabalek bazuen jada zenbait urte iheslariak haren apez etxean hartzen zituela, eta hori berak kontatzen du Nere mendixkatik eta Anai Artean liburuetan. Horrez gain, lekukoek ere konfirmatzen dute, Belen Arizmendik, besteak beste. Bazuen jada urte bat Belen eta haren senarra Esteban Piarres Larzabalen etxean bizi zirela elkartea sortzerakoan, eta biak iheslariak ziren.

Ezker abertzalearen historialari

Bururatzeko, Juan Mari Arregik «Ezker abertzaleko historialari ofizial» bati konparatzen nau, eta beste kazetariek haren oharra luzatu dute inolako ñabardurarik eman gabe. Argiki ikusten dut liburua argitaratzearekin bere ibilbidean izan zauriak berpiztu zaizkiola apez ohiari. Hark kontsideratzen du merezitako lekua ez zaiola eman. Beharbada arrazoi du, baina, egin dudan lau urteko ikerketa sakonaren ondoren, bere inguruko erreferentziak denboran fite desagertzen dira. Gainera, bere abiatzearen inguruan bertsio desberdinak ukan ditut, baina benetako arrazoiak argitzeko froga material fidagarririk ez nuenez, minik ez sortzeko, pasartea baztertzeko hautua egin nuen.

Historialari gisa, ez dut ene lana alderdi edo mugimendu politiko baten zerbitzura ematen. Anai Artearen historiak ezker abertzaleari lotua den historia kontatzen du, baina, are gehiago, Euskal Herriko historia garaikideari lotutakoa. Ene lana ez dut sekula nihungo agintari politikoren baldintzapean ezarri. Anai Arteko kideek baizik ez dute irakurtzeko eskubidea izan argitaratu aitzin. Haien iritziak bildu ditut, bai, baina nik hartu dut beti azken erabakia. Anai Arteak egitura politikoekiko beti independentzia atxiki du elkarte humanitario bat baita, baina, dirudienez, hori batzuek ez dute ulertu edo ulertu nahi. Baina kalapita edo interes guztien gainetik, elkarte humanitario gisa, Anai Artea kolektiboki eraikitako eta aitzina eramandako egitura independente bat izan zela argi utzi nahi izan dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.