Anoetak eraberritzea behar du

Oier Marigil
2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Anoetak eraberritzea merezi du. Ia 25 urte pasa direnean azpiegitura diseinatu zenetik, eta eraikuntzan parte hartu zuten erakundeei Anoetak helburuak bete ahal dituzten aztertzeko ordua iritsi zaie. Hasierako xedeak bete ote diren aurreikusitako kirol eta jarduera bakoitzean, politika publikoen edozein ebaluaziok eskatzen duen moduan. Eta hausnartzen hasita, baita jabego publikoko estadio eredua hiri aurreratu batek behar duena ote den ere.

RealSocialismo!-k, Realeko akziodun eta zaleen lantaldea den heinean, ezetz uste du. Anoetak ez ditu hasierako aurreikuspen guztiak asetzen, 1990eko hamarkadaren hasieran susmatzen zen moduan. Ia 25 urte nahikoak dira Reala azpiegituraren erabiltzaile nagusia dela ondorioztatzeko. Agian hasieran uste ez zen moduan. Ia 25 urte nahikoak dira beste edozein erabilera oso puntuala izan dela nabarmentzeko, baita Anoetari «Euskadiko Estadio Nazional» izena jarri ziotenek ere halako izenik justifika dezaketen jarduerarik bultzatu ez dutela ikusteko.

Realaren botere ekonomikoa defendatzen duen moduan, RealSocialismok gustuz hartuko lituzke urtero Anoetan atleta onenak eta 30.000 ikusle erakarriko lituzketen lehia garrantzitsuak. Ez hori bakarrik: Lillen (Frantzia) gertatzen den moduan, kornerretako batean eskubaloi edo saskibaloi pista zabaldu, eta goi mailako partidak jokatzea, harmailetan 15.000 ikusle dituztela. Anoeta, Donostia eta Gipuzkoarentzat oso berri onak izango litzateke. Baina ez da. Eta ezta horretarako saiakerarik egin ere: Bruce Springsteenek ezin du 42.000 pertsonarentzat kontzertua eman hilero Anoetan.

Legearekin eta diru publikoaren erabilpen zorrotzarekin egin beharreko eraberritzea merezi du Anoetak. Are gehiago, Donostiako Udala, Anoeta Kiroldegiaren bidez, eta Reala elkar ulertzera kondenatuta daudela dirudienean. Bigarrenek ezin dute asmatu gauetik goizera Anoeta bezalako azpiegitura bat, eta lehenengoei ez litzaieke interesatu behar Anoetak bere erabiltzaile nagusia, galtzea.

Horrek2016ko futbolak zer eskatzen duen ulertzea dakar. Donostiari Europako Superkopa finala hartzeko aukera irekiko lioke Praga, Cardiff, Tbilisi eta Trondheimek hartu duten bezala (horietako batzuk Anoeta baino edukiera txikiagoarekin), eta estadioaren beste erabilpenekin bateragarri izaten jarraitu. Bide horretatik, RealSocialismo!-k joan den abenduan bere laugarren analisi-lana plazaratu zuen: Estadiotik futbol zelaira. Zergatik Anoeta berritu.

Hiru arrazoi mota daude behar horren oinarrian: gizarte-arrazoiak, kirol-arrazoiak eta komunitarioak. RealSocialismorentzat hiru argudio dira nagusiak: eserlekuen ikus-eremu eskasa, behe eraztun osoko lehen hamar lerroak euripean daudela 1993az geroztik eta estadioko gune merkeenek (etorkizuneko belaunaldiak normalean hemen egiten dira bazkide) zein garestienek (palkoak %100 okupatuta daude 1993tik) hazteko duten zailtasuna.

Gaurko kirol-arrazoietan sartu gabe, Realak inguruan duen eragina azpimarratzekoa da. Gomendagarria litzatekeen ikerketa publiko eguneratu baten faltan (amaierako itxuraz gain, prozesua egiteko modua bera ere jokoan baitago), Donostiako Sustapenak 2007an egindakoa dago, Reala Bigarren Mailara jaitsi baino lehenagokoa. Garai hartan, Realak 60 milioiko eragina zuen bere ingurunean.

Jarduera higuingarriak gertatu ziren urrutieneko iragan hura behin gaindituta, non Anoetaren eraberritzearekin kritiko diren batzuek tematuta jarraitzen duten, beharrezkoa da gogoratzea Realak Foru Ogasunean 110.495.582,41 euro utzi dituela, 2011. eta 2016. urteen artean zorraren likidazioa eta kopuru erregularrak kontuan hartzen baditugu. Ez da inongo meritua. Realak egin behar duelako eta ahal duelako egiten du. Baina finantza egoera ona erakusten duten 110 milioi dira, nahikoa Anoeta inguruko beste azpiegitura publikoen hobekuntza ere ekarriko duen lanen ardura maila altua bere gain hartzeko.

Formulak formula, paragrafo batean bada ere, komeni da zenbakiak aztertzea. BEZa kontuan hartu gabe, lanen 50,7 milioietatik Realak 36,7 milioi ordainduko ditu hasieran behintzat. %72,4. Hasieran, lanek 40 milioiko aurrekontua zutenean, espero ziren 10 milioietatik urrun. %25etik %72ra. Klubaren jabeen onespenarekin gainera, nahiz eta plastikozko eserleku bakar baten jabe izan gabe jarraituko duten.

Horrekin guztiarekin eta zezenketaren inguruko hurrengo herri kontsultan zer gertatuko den jakin gabe, Donostiak saskibaloirako eta, akustikak uzten badu, beste edozertarako birmoldatutako Illunbe eta kirol jarduerentzat hobe daitekeen belodromoa ditu, Madrid Arenan gertatutakoaren ondoren Kursaal txikiegia eta estadioa handiegia geratzen zaien kontzertuak egiteko aukera galdua duten instalazioak; hirugarrenik, baldintza oso txarretan dagoen miniestadioa eta, azkenik, futbol klub batek gehien bat erabiltzen duen eta eguneratze sakona eskatzen duen estadioa. Ez dirudi elkar ez ulertzeko egoera aproposena denik.

Egoera honek Reala arrakastaren eta porrotaren artean kokatzen da. Edonork du gustuko arrakasta bizitzaren edozein arlotan, baina arrakasta horrek lorbide txikiegia du guztiok bertan sartzeko. Aurrean dugun operazioa puntuz puntu aztertzea merezi duten horietakoa da, tamaina kontuan hartuta. Eskari eta eragin ikerketak eginik, eta masa soziala zentzu onean hankaz gora jartzeko behar diren neurri iraultzaileak hartuta. Erakunde publiko askok beharrezkoa ulertzen duten eta beharrezkoa suertatzen den eraberritzerako behin betiko bultzada litzateke. Eta Anoetak eraberritze hori merezi ez badu, Realak ulertu beharko du futbol zelaia behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.