Antxoa garaian

2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Urtero antxoen garaia iristean, Habsburgoko Karlos enperadorearekin gogoratzen naiz. Jatun apetatsua, bere azken urteetan Yusten zegoenean, haraino ostrak eramanarazten zituen gurdizko bidaia luzean. Mutriku herrian gertatu zen batean, bazkaltzeko antxoa frijituak jarri, eta hainbeste atsegindu, non agindua eman zuen: «Aurrerantzean, egunero nahi ditut horrelakoak jan». Ondokoak esan: «Maiestate, hau pobreen janaria da». Berehala erantzuna: «Orduan kendu hemendik. Ez ditut inoiz gehiago probatu nahi». Erregeak beti errege, horixe drama.

Arrantzaleak zilarrezko bokarten bila bezala, politikariak urrezko botoen harrapaketa txoroan sasoi honetan. Botoa erabakitzeko arau soil batzuen jarraitzailea naiz. Lehenengoa: abstentzioa aukera politiko jakina ez bada, beti bozkatzea. Bigarrena: nori eman? Azokan salgai zer dagoen aztertu, eta maite ditudan helburu eta jarreren gertukoena aukeratu.

Hitz handien zaleek hauteskundeak demokraziaren zeremonia sakratua direla diote, parte hartzea beharrezkoa. Demokrazia txarrik onena dela jendarteak gobernatzeko. Beste batzuek, purrustaka, ez dute inondik ere botorik emango. Hauteskundeak alferrikakoak direla eta ez dutela ezertarako balio. Erretolikak segida izaten du: denak txorizo eta ezgauzak dira, bakarrik euren poltsiko eta lagunentzat aritzen dira, ezer ez da aldatuko... eta abar luzea.

Topiko horiek bai gezurra. Zeri esaten zaion demokrazia, hortxe da kakoa. Kontu formal hutsetan geratzen bada, txarrik txarrenetik hurbil ibiliko da. Bestetik, politikan denak ez dira berdinak, txorizoak edo ezgauzak. Eta botoek ere, ez soilik botoek, balio dute gizarte antolaketa nahi dugun norabidean eraldatzeko.

Mundua konplexua da oso, eta sortzen dituen arazoak maiz konponezinak. Edozein arlotan ikusten da politikan bezainbesteko edo handiagoko alferkeria, babukeria, lapurkeria, zitalkeria, krudeltasuna: etxeetan, enpresetan, erakunde publikoetan, auzo komunitateetan, langileen artean... Eta txorilapurrei dagokienez, alegiaren egia unibertsala ez ahaztu: Abaraska batean zegoen eztiak beregana zituen milaka euliak... Baina justuak izan gaitezen: maiz geure buruei baino gehiago eskatzen diegu politikariei.

Edaten ditugun hedabideen nahaspilak ere etsipenenera bultzatzen du: Macronen pentsioen makronada, edo makarronada; Negreira lagunaren festak; Ramón Tamamesek Opus Dein izena eman izana; euskaldunen semenaren kalitatea %70 jaitsi dela; Espainiako epaileak, politika jardunean, kanka eta kanka euskarari hegoak mozteko ahaleginean, eta Libertate sexualaren berme integralaren legea azpiko arkutik pasatzen; Xabi Tolosak min hartu eta finalera ezin agertu Altunarekin batera; Gasteizko Parte Zaharra berdeago bihurtu nahi dutela eta Eneko Goiak Donostian berdin egingo duela, tabernetako toldoak berde kolorekoak jarraraziz; berdeetan, Guardia Zibilaren amarru ekonomikoak azaltzen ari direla, bazen ordua; eliza ebanjelikoari keinu egin diola PPk... Zer gehiago nahi? Trumpen eta tranpen gero eta zaleagoak gara. Beldurrez bizi gara nonbait, gure kezkarik handiena segurtasuna da inkesten arabera, baina ez gara aspertzen. Iupi! Norentzat mesede?

Bada lanik jendartea hobetzen laguntzeko. Eta horretaz egungo gizarte antolaketa, non axerienak dena irabazten duen eta zuzenari tonto aurpegia geratzen zaion, kalamitatea dela aitortu beharko dugu, eta bestelako bideak bilatzen hasi. Epaileei gogorarazi beharko diegu Karlos enperadorea Nafarroako mandazainarekin euskaraz aritu zela: «Nafarroan gari asko?». «Bai, jauna, gari asko». «Gari asko, batere ez neretako» (foruengatik noski). Politikoei, Azti institutuaren lanei esker berriro itzuli dela antxoa gure itsasora. Eta eurak azti ibili beharko dutela garen antxoak galdu nahi ez bagaituzte. Eta antzera politika egiten duten epaileekin, justiziaren nagusiak diren aberatsekin, injustizia zabaltzen duten politikariekin eta kaka nahasten laguntzen duten kazetariekin, kokoteraino gaituztelako.

Hala ere, Xabier Leteren poema ederrean bezala, Hala ere, antxoaren garaitik kanpo ere, beti botoa ematearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.