Berriki jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar mankomunitateak Aralarren kudeaketarako akordioa sinatu dutela. Lehenak Parke Naturalaren eta Babes Bereziko Eremuaren ardura du, eta gipuzkoar guztiak ordezkatzen gaitu. Mankomunitateak bere jabetzako eremuan gizakion erabilerak arautzeko erantzukizuna du, eta hamabost herri ordezkatzen ditu.
EAJk eta EH Bilduk sinatu duten akordioa Hazi fundazioak hamar urtera begira egindako Plan Orokorrean oinarritzen da. Plan horren arabera, helburua litzateke Aralarko natura eta kultura ondare baliotsua giza jarduerekin, bereziki abeltzaintzarekin, bateragarri egitea. Baina ez du horretarako bermerik eskaintzen, eta ez bakarrik larreen kudeaketarako baimendu nahi den abereen bazkatze-presioa oinarri zientifikorik gabe arautzen jarraitu nahi delako. Baita ere, Gipuzkoako gainerako parke naturaletan bezala, ez direlako Babes Bereziko Eremuetarako ezarritako helburuak kontuan hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak entzungor egiten dio legealdi honetan Naturkonek egindako eskaerari, eta hala, Gipuzkoak biodibertsitatearen zaintza eta kontserbaziorako estrategia eta plangintzarik gabe jarraitzen du.
Egoera honetan, bi alderdi politikoek ustiapena areagotzeko neurriak adostu dituzte. Babes Bereziko Eremuaren (BBE) helburuetako bat larreak kontserbatzea izanda, akordio honek abereen kopurua handitzeari, sastrakadiak urritzeko erreketei eta sasi garbiketei edota fitosanitarioen erabilerari (salbuespeneko egoeretan) bide ematen die, nahiz eta badakigun neurri horiek, larreen kalitate ekologikoa kaltetzeaz gain, lur eta ur baliabideak kutsa ditzaketela. Bereziki, ikusita zer bilakaera izan duen azken hogei urteotan Enirio-Aralarrera igotzen dituzten ardi eta azienden kopuruak: ardien kopurua %13 murriztu da, eta behiena eta behor-zaldiena %30 eta %44 handitu, hurrenez hurren. Ardiek eta aziendek ez dute berdin larratzen, ezta ur kopuru bera edaten ere buruko, eta belardietan egindako hanka-zulo eta zapaltzeengatik higadura maila ezberdina sortzen dute. Hazi fundazioaren planak ez du hori guztia kontuan hartzen; abereek ingurumenean izango duten inpaktuaren neurketa eta aurreikuspen zehatzik gabe arautu nahi da larreen kudeaketa, zientziari bizkar emanda.
Basoei dagokienez, beste hainbeste. BBEaren baitan derrigorrezkoa izan arren, ez da plan teknikorik proposatzen berrikuspenetik harago. Natur kontserbazioaren aldeko neurri positiboak jasotzen dira (abereen mesederako bada ere, babesleku klimatikoak sortzea eta abar), baina ez da planifikatzen basoen berreskurapena Aralarko biodibertsitatearen kontserbazioak eskatzen duen neurrian.
Bukatzeko, inguruko herritarrengan ez ezik, Aralar maite dugun guztiongan haserrea eta tristura sortzen duen gaia aipatu behar da: mendiko pistak. EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek pista berriak ireki edota egokitzeko adostasuna erakutsi dute. Baimendutako 4x4 ibilgailuentzat eta atoi txiki batean ganadua eta materialak eramateko izango direla aipatuz justifikatu badituzte ere, pistak ingurumen sentsibilitate handiko eremuan egin edota egokitu nahi dira, malda handiko eremuetan, sekulako higadura eraginez. Kontuan izanda, gainera, txabolak berrantolatuta eta pisten ondoan daudenak lehenetsita ez legokeela pista gehiagoren beharrik.
Zehaztasunik gabe bada ere, planean aipatzen da pistak behar direla txabolak ez dauden eta ganadu handia bazkatzen den inguruetara hurbiltzeko. Abeltzainen tipologia hori ez da inoiz ezaugarritu nahi, ezein modutan. Zenbat dira ibilgailuekin gora eta behera ibili nahi duten horien artean profesionalak? Nolako ekarpena egiten diote sektoreari? Artzainen duintasunaren izenean justifikatzen dira azpiegitura horiek, baina benetan zeinen interesak dira lehenetsi nahi direnak? Hazi fundazioaren planak ez du jasotzen horri buruzko argibiderik. Artzaintza eta abeltzaintza sustatzeko laguntzak ematea egokia ez ezik, beharrezkoa ere bada, baina betiere Aralarko ondare naturala kaltetu gabe. Mendiko pistak bateraezinak dira helburu horrekin.
EH Bilduk eta EAJk adostutako akordioarekin Plan Orokorra ontzat eman bada ere, oraindik Mankomunitateko Batzarrak ez dio onespena eman eta ez da eztabaidatu ez herrietan ezta udalbatzetan ere. Plan hau ezin da bere horretan onartu, ez dituelako betetzen Aralarko Parke Naturalaren eremu banaketaren arrazoibideak eta Euskadiko Natura-ondarearen Kontserbazio legearen xedeak, ezta Europak berriki onartutako Natura Leheneratzeko Legearenak ere: konplexutasun ekologiko handiko natur eremuak berreskuratzea, ustiapenetik salbu. Helburu hau lehentasunezkoa da gurea bezalako eremu antropizatuan; izan ere, biodibertsitatearen eta ustiapenaren arteko orekatik oso urrun daude Gipuzkoan babestutako eremu guztiak.
Aralar larreak, pistak eta abereak baino gehiago da: sastrakak, harkaiztegiak, errekak, leizeak, basoak eta bertan bizi diren bizidun guztiak dira. Haziren planean jasotzen denez, antzinatik gizakiaren ustiapenak eragin du gaur egun ikusgai dugun natura humanizatua. Halaxe, natura izan zelako da, baina natura delako izaten jarraitzea nahi badugu, bada garaia, natura eta biodibertsitatea berreskuratzeko planak gauzatzeko, gizarteak dituen bestelako beharrak balioan jarriz: natur ingurune aberatsak eta osasuntsuak.