Aranzadi eta memoria historikoaren harira

Javier Buces
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Historialariaren funtsezko lanaez da epaitzea, ulertzea baizik,baita ulertzeko zailenagertatzen den hura ere».

Eric Hobsbawm

Dena 2000. urtean hasi zen. Duela bi hamarkadatik gora, Aranzadi Zientzia Elkarteko profesional batzuk, Pako Etxeberria forentsearen zuzendaritzapean, erregularki esku-hartzen hasi ziren hobi komunak desobiratzeko eta 36ko gerran eta diktadura frankistaren lehenengo urteetan desagertutakoen eta exekutatukoen giza aztarnak aztertzeko prozesuetan. Esku-hartze horiek senideen eta memoria historikoko elkarteen borroka nekaezinaren ondorio ziren; 2002tik aurrera Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Horren guztiaren emaitza modura, gutxi gorabehera 9.698 gorpu berreskuratu dira Espainiar Estatu osoko 785 hobi komun ingurutan.

Gainera, lan horrek beste ondorio batzuk izan zituen; izan ere, tokiko euskal instituzioak nahiz elkarte zibilak urrunago zihoazen ikerketak eskatzen hasi baitziren historialariei. Hau da, jada aurkitu dugu hobia, azkenean berreskuratu ditugu bertako gorpuak, baina zer gehiago gertatu zen nire udalerrian? zenbat eta nortzuk izan ziren espetxeratutakoak, depuratuak, erbestera joandakoak...?

Ez zen eskakizun berria, nahiz eta gero eta nabarmenagoa bihurtu desobiratze horietatik eta horien garrantzi sozial eta mediatikotik aurrera. Gabezia demokratikoa agerian uzten zuen eskakizuna zen: diktadorea hil eta 25 urtera, ez genekien nork jasan zuten errepresio frankista, izen-abizenekin. Ordurako, lan akademikoek borroka handien, kolpisten arrazoien eta protagonista nagusien berri eman ziguten. Hala ere, orokorrean, ikerketa akademiko horiek ez zieten erreparatu historia lazgarri hartako benetako biktimei.

Beraz, giza eskubideen urraketa larrien biktima orori dagozkion egia, justizia eta erreparazio printzipioak lortzeko prozesu horretan funtsezkoa da euskal udalek herritarrekiko hartzen duten konpromiso utziezina. Hortaz, udalek lanari ekin zioten eta, Aranzadiren eta beste elkarte batzuen laguntzarekin, aipatutako lehen printzipioa betetzeko zeregin nekezean murgildu ziren: udalerrian gertatutakoa ezagutzea, biktima guztiak izen eta abizenez identifikatzea.

Baina, zoritxarrez, diktadura ez zen 1940ko hamarkadan amaitu. Gainera, 50eko amaiera aldetik aurrera diktadurari aurre egiteko prest zegoen belaunaldi bat agertu zen. Euskal kasuari dagokionez, aldarrikapen sozialen eta nazionalen bat egitea funtsezkoa izan zen antifrankismoa sendotzeko orduan eta, ziur aski, Espainiar Estatuan mobilizazio-gaitasunik handienekoa izan zen; errepresioa diskriminaziorik gabe erabiliz erantzun zion diktadurak, giza eskubideen urraketa sistematikoan oinarritutako erregimen bati dagokion moduan. Motibazio politikoko beste indarkeria garai bat (berr)ireki zen orduan, Euskal Herrian sustrai historikoak dituen gatazka politikoa (baina baita soziala, kulturala eta ekonomikoa ere), gaur egunera arte zabaldu zena, eta giza eskubideen urraketa larriak eragin zituena.

Horregatik, diktaduraren lehen urteei buruzko ikerketak amaitu ostean, tokiko erakundeak esparru kronologikoa zabaltzeko eskatzen hasi ziren, hau da, azken hamarkadetako indarkeria politikoaren esparruan izandako biktima guztiek eskubide duten egia hori bilatzeko eskatzen.

Horrela, 2016az geroztik, hamar bat euskal udal (gipuzkoarrak, gehienbat) Aranzadirekin elkarlanean ari dira kaltetuak identifikatzen. Kasu guztietan, aurretiazko adostasun politikoa izan zen udaletan ordezkaritza zuten indar politiko guztien artean. Utziezina eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hori, proiektu horien inpartzialtasuna eta asmo integratzailea, eta ez baztertzailea, islatzen baititu.

Bestalde, ikerketa horietan ezinbestekoa izan behar duen beste puntu bat da, berme duten adostasun politikotik datorren eskakizuna, osoak izan behar dutela eta ez zati batenak. Hau da, ikerketa-objektua ez da biktimagilearen araberako biktima-tipologia zehatz bat, baizik eta biktima guztiak, biktimagilea gorabehera. Biktimak kuantifikatzeak, indarkeriazko ekintzen eta horien eragileen tipologiak egiteak, gertaerak testuinguruan jartzeak eta biktimagileen azterketek eztabaida publikoa, politikoa eta soziala sortuko duten emaitzak emango dituzte; baina kuantifikazioak eta identifikazioak motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztiak hartu behar ditu bere baitan, batik bat giza eskubideen urraketa larriak eman dituen indarkerien kasuan. Azken finean, erabilera publikoko tresna bat sortzea da, egiaren printzipioa lortzen lagunduko duena, ezinbesteko lehenengo urratsa justizia eta erreparazioa lortzeko.

Hori bai, lan honetan ari garenak, metodologia zientifikoa erabiliz lan egiten dugun diziplina askotako profesionalak gara (batez ere historialariak, antropologoak eta forentseak), Aranzadiko hainbat diziplinak bere historiako 75 urteetan egin duten moduan. Ez gara, beraz, eragile moralizatzaileak, ezta erakunde memorialista edo bakezale bateko kideak ere; eta beraz, ez gaude printzipio etikoak sendotzeko, ezta justifikatzeko edo zilegitasuna kentzeko ere; identifikatzeko eta azaltzeko gaude. Ez dizkigute ikerketa hauek eskatzen kontakizun bat, unitate didaktiko batzuk edo fikziozko serie baterako gidoia sortzeko, baizik eta indarkeria politikoko testuinguru batean (edo testuinguru ezberdinduetan), tokiko erakundeei giza eskubideen urraketak jasandako biktimak identifikatzen laguntzeko.

Ez gehiago, ez gutxiago. Funtzio espezifiko baterako lan zehatz bat. Hotza, hotzegia agian, baina azken urteotan, ahaztutako ehunka biktima identifikatzen eta froga dokumentalak eta lekukoenak aurkitzen lagundu du, haiei aurpegia eta ahotsa jartzeko aukera emanez. Gure aldetik, historialariok, datu guztiak mahai gainean ditugula, zintzotasunez sakondu ahal izango dugu duela gutxiko gertaerak testuinguru batean interpretatuz; baina ez dezagula ahaztu: testuinguru horren parte izan gara, eta gizarte anitz bat bizi da bertan elkarrekin, eta baditu eskubidea eta nahikoa heldutasun, gertaeren ezagutza osoa eta ez partziala izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.