Nekane San Miguel.

Arduraz

2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengo batean entzun nuen: zenbait erabaki adimen artifizialaren esku uzten omen du jendeak. Espero ez dena baletor, inori kargu hartzeko modua ere delakoan.

Christian Millet-Barbe (Baionako Udaleko Seguritate arduradunetako bat) aurtengo festen aurretik hiri horretako gurasoengana zuzendu zen: 12-13 urteko umeak kaletan mozkortuta pairatzea kezkatzeko situazioa izanik, hala agertzen ziren umeen gurasoei leporatuko zitzaiela erantzukizuna. Udal Arduradunak lehen mailako osasun arazotzat eman zuen geroz eta sarriago ikusten den egoera, eta ez zuen baztertu Epaitegietara jotzeko aukera, ardura hartu ezaren ondorio zelako ume horiek hordi egotea kalean. Guraso batzuk oldartu ziren oharraren edukia ezagutu zutenean, ez omen dute bidezkotzat ardura hori hartzea eta. Umeen arduradun askoren horrelako erreakzioak bakanak ez diren garai hauetan, Joxan Artzek idatzitako poema ekarri ohi didate gogora (2013an argitaratu zuen bildumatik hartuta) «haurrek… bakean utz gintzaten bideojoko autistatzaileak oparitu eta telebistaren aurrera bideratu genituen… geroztik saiatu arren, dena alferrik, ezin orain atzera gure ondora ekarri… telebistak irentsi dizkigutelako, telekume petoak ditugu gaur», eta beste poema batean dioen moduan, «behar dutena ez baino nahi dutena emateak» zer-nolako ume eta aurrerago nagusi (diot nik) uzten diguten.

Españako legedian bada Adingabeen (adinen bat badute ere) erantzukizun penala arautzen duen Lege Organikoa. 2000. urtean sartu zen indarrean, eta legearen aurre-solasean iraultzaile definitzen da gero 61. artikuluan zehazten den araua: gaztetxoek egindako delituen kalteen erantzule zuzenak gurasoak (edo gaztetxoaren une bakoitzeko arduradunak) izango dira. Iraultzaile izaera hori justifikatzeko orduan, arrazoi pare bat ematen dira: batetik, biktimaren alde aritzea; hartara, gurasoen erantzukizuna objektibotzat ematen denean, frogatzeko zama arindu egiten zaio kaltea jasan duenari; bestetik, modu horretan gurasoek gaztearen sozializazio prozesuan parte hartze sakonagoa izango dutela. Kontua da, legearen arabera ez dagoela modurik erantzukizun zibil hori ekiditeko; arintzeko aukera bai, baldin eta gurasoek demostratzen badute ondo hezi dutela umea, arretaz; ez direla arduragabe aritu gaztearen formakuntzan.

Españako legedian bada ‘Adingabeen’ erantzukizun penala arautzen duen Lege Organikoa: gaztetxoen delituen kalteen erantzule zuzenak gurasoak izango dira

Auzitegi Nazionala deritzanak epaituko zituen gaztetxoei ere arau hori aplikatuko zitzaiela jakin zenean, ezker abertzaleko ideologia zuten gurasoak epaitzeko zehar-bidea ez ote zen izango galdetu zuenik gogoan dut; baita erantzukizunik baretzeko aukerarik ezin zela espero Epaitegi hartatik hemengo kontuaz aritzen zirenean Madrilen zioenik ere. Kontuak kontu, lege horrek indarrean dirau, eta azken urteotan hainbat gaztek pertsonen aurkako delituak burututakoan gurasoen erantzukizunaren inguruan ea zer-nolako argudioak utzi diren idatzita sententzietan azterketa interesantea izango litzateke. Baita gurasoek, euren buruen defentsarako zeintzuk erabili dituzten ere.

Pertsonen ongizatea, ondasunen babesa eta eskubideen gauzatzea eman dadin kezka erakusten duenak hartuko du bere gain ardura, aldez aurretik, ondare haiek printzatu ez daitezen, eskubide oro kaltetuak suertatzeko bidetik ez daitezen abiatu. Ardura hartu eta ahalegin zintzoak eginik ere, kalteak eta hondamendiak etortzen direla ezin uka, baina halakoetan legez eta epai bidez deklaratuko diren erruak eta ezarriko diren erantzukizunak utzikeriatan aritu denari eskatu behar zaionarekin ezin parekatu. Eta ez naiz ari fede txarrez edo berariaz aritzen direnez.

Ez da samurra gaia, errua eta erantzukizuna beti inorenak diren ustea aspaldikoa da; ez da berria gaur egungo panorama. Arduraren oihala hariz hari ehuntzen dugu. Zein izan den bakoitzak irun duena galdetzea noizbehinka ez litzaiguke gaizki etorriko. Sarritan zaila dela agerian geratzen zait, emakume hura gogora etortzen zaidan aldian bezalaxe: erabat haserretu zitzaidan aipatu dudan ariketa egiteko eskatu nionean. Bere seme kuttunaren gixontxo, matxito keinuak nondik zetozkion galdetu nion, eta ea ez zen kezkatzen halako jarrerekin jarraituz gero ekar zekizkionaz. Aipatze hutsarekin asaldatu zitzaidan, ea ez nintzen jabetzen sistema heteropatriarkalaren errua eta erantzukizuna zela matxismo eta sexismoa, eta akabo berbeta!.

Arduraren oihala hariz hari ehuntzen dugu. Zein izan den bakoitzak irun duena galdetzea noizbehinka ez litzaiguke gaizki etorriko. Sarritan zaila da

Duela urte batzuk euskararen erabileraren etorkizunaren inguruko jardunaldi batzuetan gure erruaz aritu nintzen. Euskara gure hizkuntza dugunok erabileraren galeraren aurrean zer-nolako erantzukizun eta errua genuen aztertzeko ordua ere bazela nioen. Taldekide haietako bat oldartu zitzaidan, berak ez zuela inolako asmorik bere burua flajelatzeko (hitz hori erabili zuen) eta txorakeriarik ez esateko bota zidan. Errugabea ahalmen-gabetzat nuela nik esan nion. Ezin baduzu ezer egin, ardura, errua eta erantzuna beti inorena baldin bada, non geratzen da gure aukera, eskua, ahala edo fakultatea? Alperrik orduan ere, hori bai Poetaren bertsoa ahoan (Hizkuntza bat ez da galtzen….). Dudarik ez gure jarrera ez dela hondamendiaren arrazoi bakarra; ez honetan, ez hamaika arazo latz eta mingarrietan, baina agian zertan ari garen aztertzea ez litzaiguke gaizki etorriko adimen artifizialaren esku uztea ere erabaki modu bat dela konturatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.