Gizartea eta hizkuntza elkarrekin bizi diren eta elkarri eragiten dioten elementuak dira: hizkuntza beharrezkoa da gizartea eraikitzeko zein eraldatzeko, eta, era berean,
gizarteko gorabeherek zuzen eragiten diote hizkuntzari, nola forman, hala arnasan. Elkarreragin horrek zera ahalbidetzen du: hizkuntza-praktikak aztertuz, jendartearen argazki osoagoa lortzea, praktika horiek gizartearen isla edo ispilu izaten baitira. Besteak beste, horregatik dira baliagarriak Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen hizkuntzen erabileraren kaleko neurketak, datu kuantitatiboak emateaz gain jendartean gertatzen ari diren fenomenoez ohartarazten digutelako.
Gure herrian, Berrizen, duela bi urte egin genuen hizkuntzen erabileraren kaleko neurketa, eta harritu beste larritu ninduen neurketa hartan azaldutako datu honek: herriko 15 eta 24 urte bitarteko neskatoen euskararen erabilera %34,8koa da; adin-tarte bereko mutikoena, aldiz, %13,6koa; ia herena neskatoenaren aldean. Hala ere, beste herri batzuetako neurketek agertzen dutenez, gazteen arteko hizkuntza-praktika desorekatu horrek ez dio Berrizko herriari bakarrik eragiten, eta ez da atzo goizekoa. Paula Casaresek eta Eneko Anduagak 2018an dagoeneko piztu zuten fenomeno horri begirako argi gorria BAT Soziolinguistika Aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Bertan, 2016an Nafarroan egindako kaleko neurketaren emaitzak aztertu ondoren, kezka hau agertu zuten: «Nesken eta mutilen (hau da, gazte gizonezkoen eta gazte emakumezkoen) arteko aldea 1,5 puntukoa da, inoizko altuena. Hala bada, gaztaroan euskararen erabileraren nolabaiteko feminizazioa
atzematen da [...] Aurrerantzean joera berri horri arretaz jarraitu beharrekotzat deritzogu, belaunaldi gazteen artean gertatzen delako eta, arestian aipatu dugun bezala, Nafarroan lehen aldiz gertatu delako». Beraz, gure bazterretan aurretik ere bazegoen joera da, baina azken hamarkadan biderkatu egin du bere abiadura. Zergatik?
Kasu honetan, euskarak bizi duen egiturazko hizkuntza-zapalkuntzak ez digu erantzun gisa balio, zapalkuntza horrek euskaldun guztioi eragiten digulako; ezta pantailek zein sare sozialek gazteengan duten eraginak ere, hor ere guztiak baitira kaiola bereko bazka. Hortaz, saia gaitezen fokua beste nonbait jartzen, eta, horretarako, hausnar dezagun honetaz: zer ari da nerabeen artean gertatzen kulturari lotutako espazioetan eta aisialdian?
Mutikoak, salbuespenak salbuespen, desagertzen ari dira espazio eta aisialdi kulturaletik; kirolak erabat kolonizatu ditu, futbolak batez ere
Erantzuna nahiko argia da: mutikoak, salbuespenak salbuespen, desagertzen ari dira espazio eta aisialdi kulturaletik; kirolak erabat kolonizatu ditu, futbolak batez ere. Gure herrian behintzat bistakoa da fenomeno hori: literaturari lotutako tailerrei, trikitixa- eta pandero-eskolei, edo herrian horren sustraituak dauden dantza-taldeei erreparatuz gero, garbi ikus genezake azken hamarkada eta erdian nola argaldu den mutikoen kopurua; futbol-zelaian, ordea, ez da halakorik gertatu. Azken hori Berrizko errealitatea da, baina gainerako euskal herrietan ere antzeko argazkia ikus daitekeelakoan nago. Eta kasualitatea al da bi fenomeno horiek, kultura-espazioetatik desagertzea eta euskararen erabilerak nabarmen behera egitea, batera gertatzea? Ez.
Joxe Manuel Odriozolari irakurri nion Xalbadorren herria da gorputza, hizkuntza bihotza esaldiari hirugarren osagai bat gehituko ziokeela berak: kultura, zainak. Eta arrazoi du. Izan ere, kulturak hizkuntzari zentzua ematen dio eta herriarekin lotzen du, zainek bihotza eta gorputza lotzen dituzten eran. Horrez gain, kulturgintzak izaera kritikoa bultzatzen du, eta hegemonien nagusitasunak zalantzan jartzeko zein horiek sortutako askotariko zapalkuntzen inguruan hausnartzeko tresnak eta bideak eskaintzen dizkio norbanakoari. Horregatik ez daude eroso hegemoniak (maskulinotasun hegemonikoa batez ere) kultura-esparruan, haien nagusitasuna kolokan jartzen duelako. Kritika-gaitasun hori hizkuntza-erabileraren alorrera ekarrita, hiztun kontzienteak sortzeko bide bihurtzen da, hizkuntza-zapalkuntzak identifikatzeko eta hizkuntza-hautuen aurrean jakintzaz jokatzeko baliabideak ematen baitizkio hiztunari. Hori gutxi ez eta, hiztunen hizkuntza-gaitasunari ere eragiten dio kulturgintzak, Iratxe Retolazak Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean konferentzian azaldu zuen lez: «Kulturgintza zergatik da, nire ustez, arnasbide emankorra? Ba, kultur hezkuntzak eta kultur esperientziek hizkuntza-gaitasuna elikatzen dutelako [...] Kultur esperientziek are gehiago elikatzen dituzte errepertorioak, hizkuntza-adierazkortasuna, erregistroak eta harremantzeko modu batzuk». Ttak.
Jar dezagun eskoletan LHtik Batxilergora arte mailaz maila askotariko arte-diziplinak (dantza, musika, literatura…) propio landuko lituzkeen 'Kultura-sorkuntza' izeneko ikasgaia
Beraz, inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna nahi badugu, nahitaezkoa dugu euskarazko kulturgintza indartzea eta kultura-sormena lantzea, beren buruaren jabe izango diren norbanako kritikoak sortzeko eta euskal hiztun kontziente zein konpetenteak lortzeko bidea delako. Hortaz, har ditzagun neurriak berandu baino lehen. Jar dezagun eskoletan LHtik Batxilergora arte mailaz maila askotariko arte-diziplinak (dantza, musika, literatura…) propio landuko lituzkeen Kultura-sorkuntza izeneko ikasgaia, eta balia dezagun ikasgai hori, sormena lantzeaz gain, ikasleak inguruko sortzaileekin harremanetan jartzeko. Bultza ditzagun instituzioetatik asmo handiko kultura-planak, kultura herritar guztientzat irisgarri izateko eta sortzaileen lan-baldintzak duintzeko. Sor edo berreskura ditzagun komunitatea batzen eta harekiko atxikimendua indartzen duten herri-ekimen kulturalak, Bidasotik iparralderako lurretan libertimenduekin egin duten bezala, dena ez baita instituziogintza.
Egoera gorrietan pizten omen dira argi berdeak. Ea, bada, semaforoa kolorez aldatzen den, edo aldarazten dugun.