Orain dela 39 urte Hego Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanaria uharteek ezetz esan zioten NATOri; duela 36 urte lehenengo intsumisoek euren burua aurkeztu zuten Gobernu Militarretan. Garai hartan Gerra Hotzaren izua hedatuta zegoen, blokeen arteko gatazka, gerra nuklear baten mehatxua. Aldi berean, urte horietan Europan barrena ezkerreko ideologia berriak hedatu ziren. Bakezaletasun iraultzailea, antimilitarismoa, feminismoa, ekologismoa... Euskal Herriak ere ekarpena egin zion garai historiko horri.
Europako mendebaldean, nagusiki, hiru gatazka armatu zeuden: Korsikan, Irlandan eta Euskal Herrian. Testuinguru zail horretan Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak borroka soziopolitikoa egiteko bide alternatiboak jorratu zituen. Ajuriaeneko Itunaren aroan biziki zaila zen harresi horrek sortu zuen sakabanaketatik at proposamen eraldatzaileak jorratzea. Aldiz, lortu genuela esango nuke.
Euskal antimilitarismoaren arrakastaren ardatzetako bat aipatu dut; borroka armatuak eta Ajuriaeneko Itunak sortutako zatiketaren gainetik aritu ahal izatea, alegia. Haatik, bazituen bestelako ezaugarri interesgarriak, lan egiteko modu berriak ekarri baitzituen: borrokarako bestelako moldeak, taldeak antolatzeko erdu berriak; eta nola ez, aldarrikapen berriak. Beste ezaugarri garrantzitsua aniztasuna zen. Mugimendu antimilitarista ezker iraultzailearen eremutik jaio bazen ere, eremu soziopolitiko zabalera iristeko gauza izan zen, eztabaida eta hausnarketak sakonagoak proposatuz eta norbanakoaren ardura bultzatuz.
Aniztasun hori gabe ezinezkoa izango zen lortu zituen arrakasta eta hedapena ulertzea. Horren zatituta zegoen gizarte hartan zubiak eraikitzeko gai izatea, eta zubigintzatik gizarte sektore anitz jardun eraldatzailera hurbiltzera lortu izana funtsezkoa izan zen. Hiru koordinakunde antimilitarista zeuden: KEM-MOC, Kakitzat eta Ipar Euskal Herriko MAIA. Koordinakunde bakoitzak ezaugarri ezberdinak zituen eta bakoitzak egindako ekarpenari esker gehiengo sozialarekin bat egin genuen.
Korronte ideologiko guztiek emandakoa beharrezkoa izan zen, baina, gaurkoan, azpimarratu nahi nuke antimilitarismo abertzaletik egin genuen ekarpena, konplexutasun handiagoa zeukalako eta gure testuinguruan ezinbestekoa zelako mugimendu independentistan eragina lortzea.
Nazionalismoa ideologia gisa eta antimilitarismoa uztartzea ez da ohikoa. Euskal abertzaletasunak beti izan ditu mugimendu nazionalistentzat ezohikoak diren ezaugarriak, eta horri esker, zirrikitu bat aurkitu ahal izan genuen antimilitarista independentistok. Euskal independentismoaren baitan sen antimilitarista errotu ahal izan genuela uste dut.
Harrokerian erori gabe, urte asko iragan direla kontuan hartuta ere, nire ustez, ekarpen hark ondare bat utzi zuen. Orain arte bizirik egon dena, eta jasaten ari garen militarizazio prozesu berri honi aurre egiteko baliagarria izan daitekeena.
Europak militarizazio prozesu sakon eta beldurgarri bati ekin dio eta gure erakundeek, inolako lotsarik gabe, egoera latz hau aukera gisa kudeatu nahi dute.
Ondorio larriak ekarriko ditu jokaera honek: ekonomikoak, sozialak, kulturalak, ekologikoak. Gerraren logikan kokatu nahi izatea erabat kaltegarria da. Prozesu honekin eten egin behar dugu, pertsona gisa, baita euskal herritar lez ere.
Egoerak behartuta berraktibatzen ari den mugimendu antimilitaristari, duela 35 urte bezala, gehigarri bat eskain diezaiokegu, Euskal Errepublika desmilitarizatu baten aldeko hautua. Euskal Herriaren desmilitarizazio prozesu baten aldeko jarduna. Hautu honek kokapen sinboliko batetik harago joan behar du, asko dago-eta jokoan. Euskal Herriak ezin du bere burua lerratu mundua gerra egoera iraunkor batera eraman nahi dutenekin.
Urrats zehatzak eman ditzakegu. Garrantzitsuena, euskal armagintzaren konbertsio prozesuari ekitea, Euskal Herrian gerrarako ekoizten diren armak egiteari utz diezaiogun. Onartezina da etikoki, ekologikoki eta politikoki gerretan erabiltzen diren armak edo bestelako osagarriak ekoiztea, defentsa ezizenez mozorrotzen badira ere, ekoizten den ia %80 nazioarteko arma komertzioan saltzen baita.
Ulergaitza da halaber, independentista gisa, gure lurraldea okupatzen duten ejerzitoentzako armak ekoiztea edota euren interesen araberako nazioarteko aliantza militarretako kideak izatea. Euskal Herria harrera herria da, nazioarteko harreman baketsuak eta solidarioak bultzatu behar dituena. Lerra gaitezen hor, herrien adiskidetzearen alde, gatazken konponbideen alde, herri guztien autodeterminazioaren alde, etorkizunaren alde, distopien aurka.
Armagintzaren lobbyaren, NATOren eta PSOEren argudioak irentsiko al ditugu? Lobby militarrak aberasteko diru publikoaren xahuketa onartuko dugu? Energia eta lehengaien xahuketa ontzat hartuko dugu? NATOren politika erasokorra gure egingo dugu? Gure gain hartuko dugu milioika pertsonaren heriotza ekartzen duen armen komertzioa? Arakako tankeak gure defentsarako daude? Edo, agian, orain bat-batean espainiar eta frantses armadak gure aliatuak dira, eta diruz hornitu behar ditugu?
Zorionez, euskal erresistentzia independentistaren sektore politiko guztien desmilitarizatzea lortu genuen. Orain, hurrengo urratsa dagokigu: euskal ekoizpen sistema desmilitarizatzea, euskal lurraldeak desmilitarizatzea, erakunde publikoen aurrekontuak desmilitarizatzea, Euskal Herria ejerzitorik gabeko gune aske eta bakegilea izan dadin lortzea.