Baserritarra

Arraun egin dezagun elkarrekin lehen sektorea babestuz, euskal gizartearen alde

Jokin Arrospide Arrate
2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen sektoreari buruz, beharbada, gero eta gutxiago hitz egiten da gaur egun. Sektorean inpaktu aktibo gutxiago dagoela izango da arrazoietako bat, nire ustez. Gizartea gero eta kaletarragoa da edo nekazaritzarekiko gertutasuna galduz doa behintzat. Indar gabezia handi bat daukagu gure barrenean sektore bezala, salbuespen bat edo beste kenduaz, agian.

Duela lau hamarkada, esango nuke, gure garai modernoko unerik ederrena geneukala sektore barrenean: Europako merkatuaren sorrera, teknologiaren integrazioa, oso sektore gaztetua, lana egin eta borrokatzekoa. Kausarengatik, bola handi eder bat zen.

Instituzioetatik bazegoen baserri eredu handi baten alde apustu egiteko helburua, kondizionatuz eta presionatuz. Alde batera uzten ziren baserri bakoitzean orografiak sortzen zituen ezaugarriak, oztopoak eta bertuteak. Baserri bakoitzean lantzen ziren ezaugarri horien alde on eta txarrak. Berezko sormenak pertsona baserritarra eta baserria handituko ditu beti.

Lau hamarkada hauetan gauza askotaz, toki askotan, asko hitz egin da: baserriak bertako lurrarekin lotura izan behar duela, argi geratuz baserriak bolumen egokia izan behar duela, orekatua alegia, inbertsioak ere bakoitzak behar-beharrezkoak soilik egin behar dituela… Eta gero Europako hainbat tokitan ikusia dugun moduan, Ipar Euskal Herriko adibide ezin hobea daukagu, elkar lagunduz, bai lanean eta erakutsiz, batez ere, makina lanak elkarren sinergiaz baliatuz izan behar dutela.

Lau hamarkada pasatu ondoren, gaur egun, lehen aipatu bezala, sektoreaz gutxi hitz egiten da eta oraindik gutxiago baserri errealaz. Errealitatearen barruan gaudenok ezagutzen dugu batez ere, nahiz eta gure agintariak gure iritzia kontuan hartu gabe behin eta berriz ausartzen diren pausoak ematen.

Lehen sektoreak gutxienez klase politikoarekin parekatuta egon behar du lehen sektoreari eragiten dien gaietan, erabakietan, eta hori ez da ia inoiz gertatu. Politikarien arteko liskarretan ere beti lehen sektorea da galtzaile

Gaur hain bogan dauden kontzeptuak, ongizatea, bizi baldintza duinak, duintasuna, aktiboari errespetua... lehen sektorera ez dira iritsi oraindik. Besteak beste, aurtengo neguan Tolosaldean gertatu dena aipatu nahi dut.

Lehen esan bezala, urte hauetako erronketako bat zen makina zerbitzu integral bat ematea nekazaritza jarduerari begira. Ba, hori egin da Tolosaldeko Tolomendi elkarteak eta Belarmendi SL-k kudeatuta 80 baserritarri zerbitzua emanez. Ondoren, proiektua bertan behera uzteko era txarreko idatzi batekin topatu gara eta presio egin ondoren zerbitzua pribatizatuta ematen jarraituko dutela azaldu dute. Behin eta berriz elkarlan bat eskatzen badugu ere, garbi ikusten dugu sektorea barrutik indartu beharra dagoela eta ez beste helburu batzuk dituen proposamenak sortzetik. 80 baserritarrek jasotzen zuten zerbitzua bertan behera geratzearen ondorioz, urtarrilean egindako protestan, foro zabal bat sortzea eskatu genuen, baina ez dugu erantzunik jaso.

Azkenengo lerro hauek idaztea gogorra egin zait, inor ez dut mindu nahi baina gertatutakoa horrela da, horrela azaltzea tokatzen da. Instituzioetatik diote arriskuak daudela, kudeatzen zaila dela, bildu direla ez dakit norekin…

Lehen sektorean ere sektorearekin jende konprometitua behar dugu, kargua izateak ardurak hartzea dakar, ardurarik gabe ez dago lehen sektorerik. Lehen sektoreko jendeak ez dugu egiten lana diruagatik soilik. Hori izango balitz helburua, inor ez ginateke lehen sektorean jardungo. Odolean daramagulako erabaki dugu. Maite dugu egiten duguna. Oso lan pasionala da, ederra. Bizia eta arduratzen gaituena.

Lehen sektoreak gutxienez klase politikoarekin parekatuta egon behar du lehen sektoreari eragiten dien gaietan, erabakietan, eta hori ez da ia inoiz gertatu. Politikarien arteko liskarretan ere beti lehen sektorea da galtzaile. Baina politikari eta teknikari onak behar ditugu.

Nik garbi daukat horrela izan behar duela. Ziur naiz badaukagula gazteria potentzial ederra eta nahikoa eta beraiengan sinetsi behar dugula. Gidaritza hartu behar dute, baina metodologiak aldatzen ez ditugun bitartean munduko hainbat tokitako indigenak desagerrarazi ziren bezala euskal mendialdeko lehen sektore aktiboa ere desagertuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA