Arroilaren negarra eta hilketen ezbeharra

2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuak, Nafarroako Irunberriko arroilan gertatu hainbat hilketen nondik norakoa kontatzen du.Etakide bi Jon Lizarralde eta Susana Arregi eta guardia zibil batJose Luis Hervas hil ziren, German Rubenach etakidea ere larriki zauritua izan zen. Espainiako Estatuaren bertsio ofizialaren arabera, hildako etakideek beren buruaz beste egin zuten. Estatuak etakideen suizidioaren tesia mantentzen du egun ere. Pako Aristi kazetari-idazleak bertsio ofiziala desmuntatu du. Ikerketa-lan zaila begitandu zait.

Arroilaren negarra sentitu dut. Liburuak badu ukitu poetikorik. Badu ere saiakeratik. Nobelaren zantzuak ere baditu. Ez alferrik, Pako Aristi idazlea da. Maitasun franko dago liburuan. Hildako etakideen familiartekoen hitzetan, kasu. Liburua genero poliziakokoa ere bada, gertakarietan parte hartu zuten polizia zenbaiten lekukotasunak ere jasota daude; garaiko hainbat kazetari, politikari edota epailerenak barne. Hildako guardia zibilaren senitartekoen lekukotasunak ere badaude. Horienak ere, maitasunezko berbak dira. Nork bereak ditu maite. Arroilaren negarra hilketen ezbeharra da.

Arroilaren negarra ez da isildu. Isuria ez da eten. Euskal gatazka delakoa bizi genuenok kateatuta segitzen dugu historiaren norian. Oroimenak nekez argitzen digu iragana, gerraren ondorioz oroimina ernatzen da batez ere. Oroit eta mina.

Gerra-lurraldean maitasuna loratzen ei da. Alta bada, iragan 60 urteetan ez da gerrarik izan gurean. Izatekotan gaizki ulertutako gerra izan da. Alde batekoen aldetik, diot. Bestaldekoek —bortxaren monopolioa dutenek— gerra suerte bat egokitu zuten euren beharren arabera.

Historia garaileek idazten omen dute. Irunberriko gertakarien harira, ordea, galtzaileek ere idatzi dute. Lan eskerga hau duzu horren froga. Liburuak ez du soilik Irunberriko gertakariaren lekukotasuna ekarri, liburuak 80 eta 90eko ETAren izaera eta modus operandi-a ere ematen ditu ezagutzera. Euskal Herriaren izenean diharduen erakunde politiko-militarraren eta Espainiako Estatuaren talde armatuen arteko konfrontazio mota. Aristik Nafarroa komandoaren duintasuna eta birtuosismoa begietaratu dizkigu. Lerro honetan duzu ageriko: komandoaren «laguneko egitura suntsitu ostean, ez da beste zortzi urtetan ETAk hildakorik izango Nafarroako erresuman». ETAk Tomas Caballero Iruñeko zinegotzia hil zuen 1998an. «[ETA] Zinegotzien aurkako ekintzak egiten hasia zen», diosku Aristik.

«Gerran» ari diren bi aldekoen modus operandi-ak erkatu ditu. Alde batekoen eta bestekoen jardueren izaera ezberdinak dira, jakina. Baina... Beti dago baina madarikatu bat. Eta horrek hurbiltzen gaitu etsaiarengana. Hona diodanaren adibide bat. «[ETAk] tregoak errespetatu egiten ditu, 2006koa salbu», idatzi du Aristik, egiari atxikia. Zuzen. Baita idatzi ere: «[ETAk] esandakoa egiten zuen, eta egindakoa esan...». Ez da guztiz erreala. Eta hori jakin beharko luke. ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa liburua irakurri badu behintzat.

Suizidioaren tesiaz. Liburu honetako protagonista nagusiak kristautasunean heziak izan dira. Espainiako Estatuaren kontra ari direnak, hala nola haren aldekoak ere bai. Alde batekoak katolikoak dira, baita beste aldekoak ere. Hots, gu barne. Euskaldunon euskaldun fededun ezaugarria lekuko. ETAko militanteek egindako hilketen mina gainditu ahal izateko bitarteko nagusia erlijio-sinesmena izan zuten. Halatsu izan da ere geroago. Auzi unibertsala duzu. Ez da soilik euskaldunon aiurria. Horiek horrela, liburuak ontsa islatzen duenez, etakideen suizidioa ez da beren jitekoa izan.

Alabaina, baina madarikatua, horretan ezin ere absolutistarik izan. Hainbat etakidek beren buruaz beste egin izan dute espetxean. Egiteko horretan ez da egia ez egia edota sinesmen ez sinesmen dilemarik izan. Etakide horiek beren buruaz beste egin zutela onartu genuen denok.

Ez dut kontu teologikoaz jardun nahi, lurreko gertakariez ari naiz: «Estatuaren jokabide maltzurrak» suizida-arazi egin zituenaren argudioa ez zait duina egundo izan. Nolatan beren kideez inguraturik beren buruaz beste egitea? Inguraturik diodanean babesturik erran nahi dut.

Kristautasunari uko egin ostean, filosofia suerte guztiez elikatu gara. Nork berea. Ismo haiek eta ismo hauek laguntzen digute gaur egun ere. Ordea, erlijioaren ildoan ez dago guztizko askatasunik, ezta filosofiaren ildoan ere. Filosofia, hots, idealismoaren ildoa. Askatasuna eta egia errealean daude. Eta hori helezina dugu betiere. Ismoen ildoan ez dago kontzientzia askatasunik. Hitzek bidea argitzen eta trabatzen digute. Adibiderako, Aristik ere, unibertsal hitza darabil: «Legea unibertsalki biztanle guztiei ezartzen ez zaienean ereiten baitira injustizia, bazterkeria, partzialtasuna eta estatu-krimenak».

Alabaina, zein dira balore unibertsalak? Biblian agertu zen lehen aldizkoz. Unibertsala, jainkoaren hitza da beraz. Hor nonbait. «Ez, ez, ez...», gaztigatu dit gogoak. «Platon eta Aristotelesekin hasi ziren unibertsalei buruzko hausnarketak». Literatura Unibertsala badugu halaber. Hots, unibertsala zilegitzat jotzen dugu. Unibertsoa lurra al da? Unibertsoa lurraz harago doa? Edo Lurra planetara mugatzen da? Metaforak dituzu. Jainkoaren ideia metafora den legez.

Etor nadin liburuaren funts lurtarrera. Etakideek beren buruaz beste egin al zuten? Ez. Liburuak eskaintzen dizkigun gertakarien bertsioa sano aintzat hartzekoa da. Alabaina, bertsio ofiziala desmuntatzen duen arren, ez da nahikoa berau deuseztatzeko. Alde batekoon ustez, liburuko bertsioa «haizu» da legezko bertsioa deuseztatzeko. Alabaina, Aristiren bertsioa ez dago ofizialki eratuta. Jainkoaren hitza nolakoa halakoxea estatuarena.

Estatuak etakideek ez zutela «beren buruaz beste egin» bestelako bertsioa onartuko du, «egia hori» onartzeak bere izaera berretsiko duenean. Onarpen molde hori hagitz lurtarra duzu. Funtsean, estatuak hori onartuko du lurtarron kontzientzia hautu libre bat izanen denean.

Liburu honek estatu-munstroaren erraiak erakusten dizkigu, hots, Leviatán; estatuaren izaera munstroa. Estatua ankerkeriaren, basakeriaren eta gogorkeriaren adierazle eta egile handiena duzu. Baina, hona paradoxa: etakideek estatu bat zuten helburu. Euskal Estatu bat helburu estatu-munstro tipia bihurtzea zilegitzat joz. Haizu ote!?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.