Asimilazio haziak

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Euskarazko murgiltze eredu bakarra dago Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak kudeatzen dituzten hiriburuko hamasei haur eskolen artean. Euskarazko beste aukera urriak eredu mistoetara ari dira mugatzen. Eredu mistoek euskal eta erdal adarrak nahasten dituzte, orain ingelesa ere sartuta, eta horrela, murgiltzea eta euskararen transmisioa oztopatuz. Eredu mistoen sustatzea gobernua sostengatzen duten indarren 2019-2023ko Programa Akordioan azaltzen da (3.1 Apartatua, 32. Puntua). Akordioan, Lehen Hezkuntzara eta Nafarroa osora zabaltzeko intentzioa dutela ere adierazten da.

Eredu mistoen ideologoek ez dute hizkuntza proiekturik garatu ere, edo hobeto esanda, proiektua badago, baina ez dago jasota, eta beraz, hegemonikoa den hizkuntzari gailentzen uzten zaio, eta gutxitua baztertu. Arkitektonikoki, eraikinek ez dute zertan adar bakoitzaren autonomia bermatu, eta familien harreran, barne funtzionamenduan eta abarretan erdara euskarari gailentzen zaio nabarmen. Horri gehitu behar zaio, gehienetan, bogan dauden mugimendu libre, Pitkler eta abarreko pedagogiek lehentasuna dutela. Umeari bere kabuz egiten utzi behar zaio, eta gehiegitan, pedagogia hauek euskarari gain hartzen diote, bien arteko integrazioa bilatu beharrean.

Errealitate gordin honen atzean, pintza-estrategia berritu bat dago nacionalismo lingüístico espainiarrak diseinatua, ezaguna den eskuin hegalak, eta bere burua ez-identitariotzat duen hegal ezkertiar eta progresistak sustatua. Zein dute argudiategi komuna? «Bi hizkuntzen eskaintza-eskaria doitzea» alde batetik, lege hori euren interesaren arabera erabiliz eta Iruñea erdia eskaintzarik gabe utziz, euskara aukeratzeko eskubidea ukatuz; eta bestetik, eredu mistoa = bizikidetza eufemismoaren sustapena.

Sektore batzuk haratago doaz, inoiz baino oldarkorrago, euskara hizkuntza «burgesa» eta «pribilegiatua» denaren kontua zabalduz. Kapital handiak, nonbait, euskara erabiltzen omen du erdararen ordez... Edo etorkinak (klase baxuenak) ez ditugula onartzen ere leporatzen digute. Egia omen da euskaldungoa klase ertainetan kokatzen dela gehienbat. Eta egia da etorkinek, ailegatu bezain pronto, hizkuntza hegemonikoa ikastera jotzen dutela lan eta behar materialengatik. Sekula ezker hegal honen hizkuntza-politikak euskara ezagutarazi eta sustatu du sektore hauen artean? Honetan ez dute ekitatea bilatuko, ez. Zein da hizkuntza pribilegiatua orduan?

Larriena da indar euskaltzaleek behar bezala ez egitea aurre asimilazio estrategia honi. Uxue Barkosek Aingeru Epaltzari erantzun berri dio: «Oker zaude, ez dugu euskararekin etsi, lanean jarraitzen dugu». Bueno, aspaldian, bere adierazpenetan aukeratutako gaiek eta ekintzek argi uzten dute euskara ez dutela lehentasuna izan. Bakartxo Ruizek, berriz, «UPNren eta PSNren arteko arrakala sakonduz doa» goraipatzen du, eta hizkuntza politikarekin «desadostasunak» dituztela adierazten segituan. Agian, alderdi euskaltzaleek beraien utzikerian bilatu beharko lukete euskararen kontrako oldarraldi honen zergatiaren zati handi bat.

Indar euskaltzaleek euskalduntasunaren muina ez badute zaintzen, nekez egingo dugu aurrera. Ume euskal hiztunek euskarari eusteko politikak ez baditugu ezartzen, eta euskal hiztunak ez diren ume eta familiak laguntzeko tresnak ez baditugu baliatzen, ezagutzak handitzen segituko du, bai, baina erabilpen gaitasunak txikitzen segituko du, eta, ondorioz, erabilpenak ere bai. Eta hori, jada ez da taliban honen iritzia; jo inkesta soziolinguistiko eta diagnostiko ezberdinak ikustera, edo okerragoa dena, itxaron pandemia ondorengoak.

Eta zein da orduan gure egitekoa? Oinarrira bueltatzea, ez dut besterik ikusten. Guraso elkarte eta eragile euskaltzaleetatik bultza egitea, ez bakarrik murgiltzearen alde mobilizatuta, baizik eta normalizazio planak sustatuz, pedagogia eginez, aisian eraginez, norberaren eredugarritasunetik jakina, edo, besterik gabe, euskaraz gozatuz. Horretan diharduten pertsonak dira bizikidetza hitzaren atzean dagoen asimilazioaren haziak ez loratzeko itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.