1977ko udan amnistiaren eta askatasunaren alde egin zen ibilaldi hark aztarna utzi zigun. Askatasunaren Ibilaldia Euskal Herrian ezagutu den mobilizaziorik handiena izan zen. Zarautz, Gernika, Agurain eta Lodosatik abiatutako lau zutabetan: Erribera, Txikia, Matalaz-Apala-Txirrita eta Martxoak 3; azkenean, 49 eguneko ibilaldiaren ondoren, lau zutabeen bat egitea Oltza Zendeako Arazuri herrian egin zen, 200.000tik gora lagun batuz. Ibilaldiak 1.847 kilometro egin zituen, eta 500 udalerri inguru zeharkatu.
1977ko uda hartatik 40 urtera gatoz 2017ko uztaileko Kalera Martxara. Oraingoan, uztailaren 20an Gernikan abiatuta, zortzi egunekoa izango da ibilaldia, Lakuntzan bukatzeko uztailaren 27an.
Esaten da kantatzen duen herria dela gurea, eta amesten duen herria garela, baina, ezer izatekotan, dabilen herria da gurea, geratu gabe dabilen herria, geldiezina eta nekagaitza. Herri hau ibili egiten da bere gogoa adierazteko, egitasmoak aurrera eramateko, elkartasuna gauzatzeko eta askatasuna bilatzeko. Ibili egiten gara geure hizkuntzaren alde, ikastolen alde, Ama Lurraren eta naturaren alde, preso politikorik gabeko gizarte baten alde, katerik gabeko herri aske baten alde.
Bila dabilen herria ere bagara. Gure askatasunaren bila dabilen herria gara, askatasuna nola lortu asmatu nahian dabilen herria, eraikitzen dizkiguten hormetan zirrituak bilatzen dabilen herria, ixten dizkiguten ateak irekitzeko giltzen bila dabilena, esperientziaz dakigulako inork ez digula gakorik oparituko, ez bide lau eta erosorik eskainiko.
Gure herri ibiltari honek hamarkada asko daramatza aginte arrotzaren menpe. Eta hamarkada gehiegi daramatza espetxearen, erbeste eta deportazioaren itzaletik askatu nahian eta ezinean. Gure aurreko belaunaldiek borrokatu behar izan zuten itzal horren azpian ez itotzeko, eta haiek erakutsi ziguten bidetik abiatu ginen geu ere askatasunaren alde. Duela 40 urte ez ezik, gaur ere presoak eta haien askatasuna dugu gogoan, haien askatasuna urrats handi bat delako guztion askatasunean, haiek gabe ezin garelako aske izan.
Iazko abenduan ekin zioten euskal preso politikoek barne eztabaidari, eta lehengo hilean argitara eman zituzten eztabaida horren emaitzak. Etorkizunari begira, bide berriak urratzen hastea erabaki dute, bide berrietan abiatzeak berarekin duen ezjakintasunez baina aldi bereko gogo eta ilusioz. Aurrera begira, beste behin ere euren burua Ezker Abertzalearen ildoaren baitan kokatzen asmatu dute presoek, eta eman berri duten pausoa garrantzitsua da eremu sozial zabal bat eraikitze bidean. Haien erabakia gizarteratu eta errotzea premiazkoa dugu. Eta premiatsua da gatazkaren konponbide integral baterako presoak kalean behar ditugulako ahalik bizkorren, eta premiatsua da aldebakartasuneko ildoan aukera berrien bila ahalegindu behar dugulako, ezin garelako egon egunen batean adostu litekeen balizko irtenbide baten zain. Baina premiatsua da, baita ere, gaixotasun larriak dituzten presoengatik, adinean aurrera doazenengatik, espetxean urte kopuru handia daramaten presoengatik, espetxean jaio eta bertan bizi diren haurrengatik, haien gurasoengatik, presoak ikusteko urrutietako espetxeetara joan behar duten senideengatik... guztiengatik.
Behin eta berriz urratsak egitea eskatu zaie euskal presoei, eta badakigu eztabaida honen ondoren ere gehiago eta gehiago eskatuko dietela, trabak eta trabak ezarriko dizkieten bitartean, lehengoez gain. Iragana partekatu dugu euskal preso politikoekin, beraiekin egin ditugu gogoetak eta borrokak, gose grebak, txapeoak, kondukzioak, eta beraiekin hartu ditugu erabakiak eta paseatu dugu patioan. Iragan hurbil edo urrunago horretan ez ezik, orainean ere jarraitzen dugu kezkak eta galderak, egonezinak eta etorkizunari begira asmoak partekatzen. Eta etorkizun horretan bidaide izan nahi dugu gaur oraindik preso daudenekin, biharko herri askatua delako guztion asmo eta amets.
Erronka eta zeregin handiak ditugu aurrean, eta erronka horiek erabakigarriak izango dira errepresaliatuen esparruan. Erronka horien artean gatazkaren konponketa integrala daukagu, eta horren alde gehiengo sozial bat osatu beharra, herri honentzat bakea lor dezagun, ondorengoentzat herri aske eta baketsu bat eraiki dezagun. Herritar guztion onurarako izango da, eta herritar guztion ardura da. Eragile politikoak, sindikalak eta instituzionalak behar ditugu gehiengo sozial horretan; baldintzak daude guztion artean bide orri sendo bat adosteko eta ahaleginak bikoiztu behar ditugu ekinbide horretan.
Ezker abertzaleari dagokio herri honetan esparru zabal eta gehiengo hori erraztea, bultzatzea eta olioztatzea. Konfiantza izan behar dugu herri honengan, gure herriarengan.
Presoen alde antolatzen diren ekimenetan parte hartzea eta horiek bultzatzea dagokigu ezker abertzaleko kideoi. Uztailaren 20an Gernikatik abiatuko dugu Kalera Martxara. Udaberrian, preso politikoen nazioarteko egunean Gernikako lorea, duela laurogei urteko Gernika suntsitu hartatik berpizten den lorea, eskuetan hartu genuen lekutik hain zuzen, hainbat herritatik igaro ondoren zazpi egunen buruan Lakuntzara iritsi eta Hatortxurock elkartasun jaialdiarekin bat egiteko; Kalera Martxa horretara batu nahi ditugu lehengo eta gaurko belaunaldietako lagunak eta euskal presoen askatasunaren alde urratsak eman nahi dituen edonor. Euskal preso politikoak izango ditugu gogoan ibilaldi horretako pauso bakoitzean, haiekin batera eman nahi ditugulako aurrerantzean pausorik tinkoenak. Haiek eta guk euskal jendartearekin batera eta elkarrekin egin beharreko bidea irudikatuz.
Euskal preso politikoei esan nahi diegu ez daudela bakarrik euren ibilbidean, jakin behar dute eta sentitu behar dute ez ditugula bakarrik utziko, bidelagun izango gaituztela, aurrerantzean egin beharreko urratsak ez direlako beti errazak izango, baina elkarrekin egiteak erraztuko digu bidea.
Askatasunaren ibilaldia... presoen aldeko pausoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu