Astakirtenen kirolaren balioak

Rebeka Ubera. Inaki Irazabalbeitia
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren bigarren asteburuan errugbiko Europako finalak jokatu izanak baloi obalatuaren kirolak ohikoa duena baino oihartzun handiagoa izan du Hego Euskal Herriko hedabideetan eta herritarren berriketetan. Bestelako kontua pasatzen da Ipar Euskal Herrian, non errugbia kirol nagusietakoa den eta zeinak hango herritarrei poz handiak eman dizkien.

Alabaina, maiatzean errugbia ez da soilik berri izan Bilboko finalengatik. Eta hortik hasi nahi dugu gogoetatxo hau. Izan ere, udazkenetik aurrera Euskal Herri osoko klubak bilduko dituen liga abian jarriko da, kanporaketa-sisteman hasieran eta liga-sisteman 2020tik aurrera. Izugarrizko berria herri bat garela sinesten dugunontzat! Errugbiaren munduan, Gales eta Eskozia bezala, nazio moduan agertzeko lehen urratsa izan daiteke. Zorionak aurrerapauso hori posible egin duten guztiei! Zorionak Euskadiko Errugbi-federazioari, oinarri-oinarritik hasita denbora daramalako euskal kirol-lehiaketarako markoa lantzen ikuspegi integraletik, erpin anitzak josiaz eta landuaz. Finaletatik eta kirol-ikuskizunetik harantzago, egunerokoa baitago; eguneroko isila, ez dena ikusten, laguntza gutxi izaten duena oro har erakundeetatik, baina ehunka lagun ari dira errugbian, baita gainerako kirol gutxituetan ere oztopoak gaindituz, maite duten kirola aurrera ateratzeko ahaleginetan.

Errugbia astakirtenen kirola dela entzutea ohikoa da gure artean. Esapide ingeles ospetsu hori ere hor dago: ¬ęzaldunek jokatzen duten astakirtenen kirola¬Ľ. Egia da indarra eta kontaktu fisikoa oinarrian dituen kirola dela, ikusleari bortitzaren eta biolentoaren irudia eman diezaiokeena. Zortzina lagun melee batean uztarturik eta elkarri bultzaka ikusteak sorrarazi dezake ideia hori. Alabaina, errealitatetik urrun dago. Errugbian indarra eta kontaktua nekez bihurtzen da biolentzia. Izan ere, elkarrenganako errespetua da errugbiaren baliorik handiena. Konpartitu egiten ditu, jakina, gainerako talde-kirolek amankomunean dituzten balio horiek: elkartasuna, sufritzen jakitea edo talde-lanaren garrantzia.

Errespetua lehenik aurkariarekikoa da. Jokoan aukera asko dago aurkariari min egiteko. Pentsa lurrean ezin mugitu zaudenean zein erraza den boten takoekin nahita zapaltzea edo beste gaiztakeriaren bat egitea. Egoten dira liskarrak. Ikusita izango dituzue inoiz bi uztartzeak zutitzea eta elkarri ukabilka hastea. Uneko beroaldi da, gaiztakeria baten ondorio beti. Horretan gelditzen da, barkamena eskatu eta partidak aurrera darrai. Gero, bukatutakoan, zelaitik irteteko korridorea aurkaria zoriontzeko eta, azkenik,hirugarren zati ospetsuan, garagardoak eskuetan etorriko dira gertatutakoaz komentarioak eta iritziak.

Errespetua bigarrenik arbitroarekiko. Epailea jainkoa da. Bere erabakia ez da eztabaidatzen, okerra dela uste izanik ere. Onartu egiten da umiltasunez eta errespetuz. Errugbian ez da ikusten jokalariak arbitroa inguratuz kontuak eskatzen aritzea. Sarritan ikusleek, eta baita lantze konkretuan ez dauden jokalarik ere, ez dakite arbitroak zergatik zigortu duen jokaldi bat. Pentsa ezazue uztatzeetan geratzen diren falta teknikoez! Halaber, errugbia lehen kiroletakoa izan zen baliabide teknikoak usatzen hasi zena lantze eta jokaldi nahasiak argitzen laguntzeko. Epailearen autoritatea indartzea izan zen helburua, ondorioz errespetua sendotzen delako.

Errespetua hirugarrenik aurkariaren zaleekiko. Beste taldeko zaleak ez dira aurkari bezala ikusten, komunitate bereko kide bezala baizik. Horregatik ohizkoa da bi zalegoak nahastuta ikustea tabernetan tragotan. Estadioko harmailetan zalegoak nahastuta ipintzen dituzte. Zale horiek garagardoa edaten dute harmailan eserita eta ez da sesiorik gertatzen.

Errugbiaren elkarrenganako errespetuaren balio hori beste kirol batzuetara, maila ezein delarik, eramatea dugu erronka. Ez genituzkeen horrela ikusiko negu-udaberri honetan Bilbon gertatutakoaren moduko irudi penagarriak edo eskola-kirolean pasatzen direnetako batzuk. Kezka, ordea, ez ote gerta litekeen errazagoa kontrako bidea.

Amaitzeko, bi hitz alkoholaren kontsumoaren inguruan. Kirol-ikuskizunetan egon daitekeen biolentziaren kontrako borrokak ezin du ardatz nagusietako moduan alkoholaren kontsumoa izan. Alkoholak lagun dezake biolentzia sortzea, baina sakoneko beste faktore batzuk daude. Hooliganismoaren sorterri den Britainia Handian argi dute hori. Estadioetan alkoholaren kontsumoa debekatuta dago goi-mailako futbolean soilik. Alegia, arazoa dagoen kirolean. EAEko legeak kirol-ikuskizunetan alkohola debekatzen du, baina arrazoia ez biolentzia borrokatzea, kontsumoa murriztea baizik. Berehala ikusi zen, indarkeria arazo ez zen kirol eremuetan zer nolako ondorioak eragiten zituen. Legeak, gero, zuloak ditu. Ondorioz, ikustea besterik ez behin onartu zenean indarrean sartzerakoan egin behar izan diren interpretazioak garapen normatiboan... Zerbait konpondu nahian. Egokia da, indarkeria borrokatu nahi bada, indarkeriarik egon ohi ez den kirol-eremuetan debekatzea? Zuzena da kontsumoa murriztu nahi bada, jomuga nagusitzat kirol-eremua ardatz printzipal hartzea? San Mamesen VIPek edan ahal dute eta herri xeheak ez. Itxi egiten al dituzte maratoi bat edo txirrindulari-lasterketa bat pasatzen den kaleetako tabernak? Bestetik legeak kalte ekonomiko nabarmena egiten die instalazioetan tabernatxoa duten kirol-talde xumeei, hortik lortu ahal izan dituztelako aurrekontua osatzeko sosak. Legea berraztertu behar da gure iritziz eta errealitate sozialaren neurrira ekartzeko ahalegina egin. Eta bestetik, aztertu eta neurriak hartu beharko lirateke orotariko indarkeria gailentzen den kirol edo eta kirol-eremuetan, horren arrazoiak eta horri aurre egiteko neurriak.

Bien bitartean, gora hirugarren zatiak adierazten dituen balioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.