Musikaria

Aste Santu donostiarra

2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txuri-urdin himnoaren egilea, Ricardo Sabadie, jaio zeneko mendeurrena betetzen da aurten. Inork ez zukeen esango garai hartan, 1970.aren inguruan, hainbesteko arrakasta lortuko zuenik. Baina izan du. Eta Errealak, laugarren Kopa irabazita, ere bai. Arrakasta handiagoa izango litzateke Kopa horiei Errege eta Erreginen izenak kentzea, aldaketa sozial onaren seinale litzatekeelako.

Igandeko mezetatik ateratzean, auzoko lagun santujale batek belarrira esan dit: hau zeruetako saria da, Donostian Ostiral Santuko segizioa errekuperatu delako. Ez dut nik zeruarekin telefono zuzenik, baina ez zait iruditzen. Agian apirilaren 18an eliza katolikoaren santoralean San Perfekto eguna ospatzen denez, Sabadieren mendeurrenari ospakizun perfektoa eman nahi izan zitzaion.

Segizio santu horrek, aldiz, perfekziotik gutxi samar izan zuen. Donostiak bazituen beste Aste Santuko ospakizun erlijiosoak egun horretan. Goiz berritan, Urgull mendiko Gurutze-bidea, ederra, hunkigarria eta diskretua. Goikoak diskrezioaren bertutea estima handian baitu. Eta egun berean, iluntzean, hirurogei urte baino gehiago dira Pasioaren antzezpena egiten dutela Amara Zaharrean Done Jakue parrokiako Mundu Berriko gazteek. Berrasmatutako segizioa horren ordu berean jarri zuten, kortesia gabezia nabarmenez. Eta hainbeste danbor festa dagoen herrian, ehunka danborrada eta manifestazio-batukada, to beste bat. Zaratak eskasia asko estaltzen baitu.

Errespetuz esan nahi nuke ez dudala uste horrelakorik behar zuenik Donostiako elizak. Denboraren tunelean atzera joatea iruditu zitzaidan. Askok horixe nahi lukete munduan eta gure herrian, iraganera itzultzea. Baina, nahi eta nahi ez, bizitzak bere bidea, maiz gurutze-bidea, gelditu gabe egiten du. Eta kristautasunak aurrera eta itxaropenez begiratu behar du.

Askorentzat benetako Aste Santua azkeneko hau izan da. Errealaren garaipenarena. Denboraldi hasieran gurutze-bidea pasa zuen taldea berpiztu egin da. Segizio handiak Donostian, baita jokalarien busa pasatzen zen txoko guztietan ere. Danborrak ere ez dira falta izan. Nolakoak eragiten dituen futbolak gurean, Erromako Inperioan gladiatoreek bezalakoak.

Kantatu ordez garrasika egiten duten jokalariak jartzen dira jendaurrean, mikroa eskuan. Publikoaren aurrean hitz egiten ez dakiten kirolariei, hizketa moduari buruzko mugarik zehaztu gabe, uzten zaie zabarkeria ugari-merkeak behin eta berriz errepikatzen, gure agintariak han balkoian denari onarpen irribarreak jartzen

Anoetara, Errealaren partida ikustera joan zen behin gure osaba kaputxinoa, beste hiru lagun fraiderekin. Familiako batek lau sarrera zituen eta, oporretara zihoazenez, eskaini egin zizkieten. Baina aurretik oharra esan: «Ondoko lekuan astotzar bat jartzen ohi da eta izugarrizkoak botatzen ditu, epailaren, jokalarien edo mugitzen den edonoren aurka». Ez ziren kikildu kaputxinoak eta hara joan. Astotzarra uste baino okerragoa izan eta santu eta birjina guztiak maiseatu zituen, biraoka partida osoan eta dena garrasi bizian. Amaitu zenean, fraideak oraindik eserita daudela, hurreratu zaie basapiztia eta, ozpinezko grinaz, aurpegiratu: «Horrela egoteko, isilik, geldo eta oihurik gabe, hobe ez etortzea». Fraideak mutu geratu, koldartu itxurak egin eta, harroputzak alde egin zuenean, barrez lehertzen hasi ziren.

Hurrengo urtean Raoul Follereau hil zela berrogeita hamar urte beteko dira. Honek ere himno sarkor eta eraginkorra sortu zuen, musika isilez egina. Legenarraren Munduko Eguna abiatu zuen 1954.ean. Bakearen aldeko langile nekaezina, munduko agintari nagusiei gerran gastatzen zutena legenarra ezabatzeko eta ongintzazko beste lanetan erabil zezaten eskatu zien. Beste askoren artean, hauxe du esaldi-goiburu gogoangarria: «Inork ez du bakarka zoriontsu izateko eskubiderik». Egia. Errespetua zor zaio emozio kolektiboari, inoren aurkakoa ez denean. Eta esango nuke Errealaren kontura altxatu diren emozio gehienak hor nonbait ibili direla. Andoni Egaña, bertsolari-poetaren bertsoek ederki islatu ditu: «Umil eta langile, hor gure izakera, garai txarrak pasa arren, ekaitz bortitzen ondoren, berriz zutitu gera».

Baina arrisku handia dago. Kantatu ordez garrasika egiten duten jokalariak jartzen dira jendaurrean, mikroa eskuan. Publikoaren aurrean hitz egiten ez dakiten kirolariei, hizketa moduari buruzko mugarik zehaztu gabe, uzten zaie zabarkeria ugari-merkeak behin eta berriz errepikatzen, gure agintariak han balkoian denari onarpen irribarreak jartzen. Jendetza, gehienak uniformea jantzita, dena txalotzeko eta asaldatzeko prest. Hedabideetan hura eredutzat aurkezten. Ez dakit nola harritzen garen munduan gertatzen ari denaz.

Hemen ere gehiegikeriaren ertzean gaude. Sortzen den zarataz, kutsaduraz eta biltzen den zikinkeriaz ari bagara, mugak aspaldi gainditu ditugu. Martxa honetan robotek, humanoen aurkako karreretan bezala, portaera zibikoetan ere aise gaindituko gaituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA