Ataka estutzen denean, bidelagun egokia

2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskararen etorkizunari begira jartzen garenean, ez dugu denak argazki bera ikusten, baina hori normaltzat hartu beharrean gaude, begiak ere, ez baitira berdinak. Hala ere, ez dirudi zalantzagarria denik Euskal Herria izena nondik datorren, eta hasiera batez hizkuntzak markatzen zuela Euskal Herriaren espazioa. Beraz, lekuko jendearen mintzaira izanik, mugak ez zirela finkoak, hiztunen araberakoak baizik.

Euskaldunen mugimenduen arabera, mugak ere mugitu ziren, eurekin batera. Denborarekin, ordea, euskaraz hitz egiten zen espazioa finkatuz joan zen, eta, euskara alde batzuetatik galdu arren, historian zehar eraikitako erakundeetatik iraun zuten zazpiei, Euskal Herri izena ematen zaie gaur egun. Hori bai, interpretazio politiko interesaturik tartean agertzen ez denean.

Lurraldetasuna dela eta, egia da, maila politikoa dela agerian geratzen dena, baina hala ere, askoz sakonagoa den maila soziala gaineratu nahi nuke. Lehena da gehien ikusten dena, baina bestea sakonagoa dela uste dut.

Nire ustez, nazionalismoaren lurralde helburu estrategikoa, maila politikoan eskatzen dena baino eskakizun zabalagoa da, eta barneratuagoa dago. Denboran zehar gizarte euskaldunak argi agertu duen zerbait da. Estatua osatzea baita nazionalismoaren helburu politikoa, eta asmo horren aurka, eraikitako estatuaren edo estatuen erreakzio bortitza etor daiteke. Egin kasu Jean-Rene Etxegaraik dioenari.

Horrela gertatu da euskal nazionalismoaren kasuan, Espainiak eta Frantziak arma guztiak erabili eta erabiliko dituzte, proiektu banatzaileak baliogabetzen. Ongi dakigunez, euskal lurraldetasuna erreibindikatzea eta bere alde borrokatzea ez da lan erraza izaten ari abertzaleentzat. Horregatik, helburua zen eta den burujabetza ez da lortzerik izan, oraindik.

Hala ere, emaitzak ez dira hain kaskarrak. Euskal abertzaletasunak jakin izan baitu zazpi herrialdedun Euskal Herriaren irudia ezagutarazten eta hedatzen, alde edo aurka egonik ere, marko hori baita aspaldidanik, agenda politikoaren eta eguneroko bizitzan, eztabaiden zati handien biltzen duena.

Askok uste baino prozesu gogor eta tirabiratsuagoa izaten ari da, zalantzarik gabe. Kanpotik, estatuetatik asma zitezkeen erasoak jasan behar izan dira -eta datozenak-, eurek ezarritako legalitatea betetzea delarik aitzakia.

Baina barrutik ere, desadostasunak ugariak eta sakonak izaten ari dira. Alde batetik, biztanleriaren zati batek Espainia eta Frantziarekiko lotura nahi duelako. Eta bestetik, abertzaleen artean, batzuetan lurralde helburu desberdinak direla medio, eta besteetan pauso taktiko-ekonomikoak ez direlako modu berean ulertzen.

Hemen eta horrelako arrazoi ankerretan bilatu behar dira, euskal kirolariek duela urte batzuk emandako urrats dotore bezain zuzenari, eskaini zizkioten presio eta mehatxuz beteriko irainak.

Hainbeste desadostasun nabarmen tartean izanik, nolabaiteko lotura punturen bat bilatu beharko bagenu euskal nazionalismoaren jokaera politikoan, subiranotasun nahia eta autodeterminazio eskubidearen eskaera aipatuko nituzke. Eta hauek biok aplikatzeko marko fisikoa, gaur egun aldarrikatzen diren zazpi herrialdeak.

Lurralde ikuspuntutik begiratuta, baieztapen hauek nazionalista guztiek onartu beharrekoak direla esango nuke, eta horrela ez egitekotan, euskal nazionalismoaren definizio berria egin beharko litzateke.

Hori dela eta, bitarteko urratsek ezin dute lurralde helburu estrategikoa nahita gorde, autonomia markoen lurraldetasunak bultzatuta, benetako marko orokorra ahazteko arriskua izan daitekeelako. Jakinik horixe dela estatuaren helburua.

Horrez gain, maila politikoan eskatzen denak maila sozial honetan onartua izan behar du, nahi den arrakasta eduki dezan, bestela iruzurtzat hartua izan daiteke. Horrela gertatzen da, estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean, erakunde nazionalistak eskatzen duena baretzeko.

Beraz, bi maila hauetako helburuak bat ez datozenean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango den herri sostengua lortzeko. Gaur egun horrela ez da, baina horrela beharko du izan, gurekin ez bada, datozen belaunaldiekin.

Horrelako jarrera harro plazaratzen duenaren aurrean, nahi dut agertu nazionalismo guztietan bezala, asko direla erabiltzen diren tresnak, eta helburu horri eusteko elementuak etajokaerak. Euskarak, antzinako instituzioek, historiak, ohitura edo kirolak, denak lotura elementu gisara egiten dute, eta batasun sentimendua sortzen eta indartzen laguntzen dute.

Hain zaila da hori ulertzen? Hain oker dabiltza euskal kirolariak, euskal selekzioa Euskal Herria izendatzea nahi dutenean? Eta alde agertuz bat egin zuten eta duten- kirolari uholdeak, denak oker dabiltza, erabat «kutsaturik» daude, edo eredugarriak dira? Nor da edo nor dira, ilunpean gordeta, herriari hitza uka eta erabakiak hartzen dituztenak?

Duela gutxi EAJren dardarak ikusi ditugu, baina hori ez da berria, denak ibili gara aldapa igo ezinik. Ikasgai polita da, ez gozoa, baina bai mamitsua.

Nik uste, EAJkoei —beste batzueibezala— ataka estutzen ari zaiela. Eta oraindik bide asko egiteke dagoela jakinik, bidelagun egokia aukeratzen, zorte opa diot. Ea ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.