AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Atzerako kontaketa

Aize Otaño Lizarralde
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nolakoak dira zure atzerako kontaketak? Irudikatzen dut nork bere erara bizi dituela eta, atzerako kontaketek zer ezkutatzen duten, sentipen bat edo beste
sortzen dizkigutela. Izan liteke ezinegona, poza, tristura, lotura eta/edo askatasuna. Baina atzerako kontaketek, sentiarazten digutena sentiarazten digutela, gertakizunen bat ezkutatzen dute beren atzean. Gertaera baten iratzargailu ditugu; gertaera bati hasiera emateko erloju edo makina baten beti-bateko hotsaren iragarle dira: «Tik-tak, tik-tak, erlojua aitzinera doa, ezin gara gelditu, ezin dugu denborarik galdu, hasi da atzerako kontaketa...».

Atzerako kontaketak jazarpenerako ere izan litezke; mendera ekartzeko eta suntsiketarako. Herri zapalduetako herritarrak beren lurraldetik botatzeko edo bertan erailtzeko. Komunitate zapalduak are eta gehiago zapaltzeko. Tik-tak, tik-tak hotsa entzun liteke, zapalduen olerkia balitz bezala. Zeren eta herri ikusezin asko baitago munduan, baita bonbardaketek estaltzen duten samin handia ere. Atzerako kontaketak, Ekialde Hurbiletik munduko beste hainbat bazterretara... Halakoez osterantzean, bestelakorik ere bada. Xiberutikan Mendebaldera entzun genezake: tik-tak, tik-tak, irrintzi zahar batek aho gazteetan dakarren atzerako kontaketa.

Kirioak dantzan jarri zaizkigu, belarriak erne, bihotz-taupadak bizi-bizi. 24. Korrika ate-joka dugu! Eta izan dadila euskara ardatz duen komunitatea batzeko, zapalkuntza orotatik babesteko. Izan dadila kohesionatzailea, babes-esparru, erosoa eta irekia, berdinzalea eta solidarioa, Euskal Herria eta euskara diren lez. Une estrategiko honetan, inoiz baino indartsuago etor dadila 24. Korrika. Zeharka dezala Euskal Herria, herriaren aldarriak mihian dantzan egundaino baino ozenago: «Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua! Guztiok herri bat gara! Euskara gara! (...)». Tup-tup, bihotz-taupaden erritu lasaia hastapenean; tum-tum, bihotz-taupaden kolpe gogorra segidan. Euskal Herriko milaka lagunok hori bera sentitzen dugu Korrika pasatzen den aldiro. Antolaketan aritu garen milaka herritarrok pozarren hartzen dugu, eta orduan ohartzen gara, beste behin ere, merezi izan dutela elkarlanak, konplizitateak, guztion artean Korrikari aurrerabidea emateko prestasunak.

Atzerako kontaketak aurrerako kontaketa izan behar luke. Horixe behar dugu. Marraz eta idatz dezagun euskararen etorkizuna, aurrerako kontaketarako istorioaren lehen orrialdea. Eta denon arduratik eta konpromisotik, orrialde horrek segida izango du: euskararen Pizkunde berria

Atharratzetik Bilbora. Euskarak galera handiena jasan duen eskualdea, bata; hainbat arrazoi tarteko, bereziki erdalduna den hiriburua, bestea. Korrikaren bueltako herri-indarrak zuzenki horretan guztian eragitea nahi dugu, horretan eta Euskal Herri osoko txoko guztietan. Tamalez, euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak, askotariko zapalkuntzak, erasoak eta beste pairatzen ari gara, euskararen etorkizuna jokoan jartzera iristeraino.

Horretaz gain, bestelako faktore batzuek ere artez eragin dute euskararen eta euskal komunitatearen larritasun-egoeran: gizarte-aldaketa sakon eta azeleratuek, globalizazioaren muturreko aldaerek, bizitzaren digitalizazioak... Eta, jakina, ezbairik gabe, orain arteko hizkuntza-politikek jada eman dute eman beharrekoa. Horrexegatik da ezinbestekoa herri-indar hori, herri-mugimendua (eta, nola ez, euskaltzaletasuna) aktibatzea. Korrikan hori guztia gertatzen da, Korrika herriak bere egiten baitu.

Eta gero, zer? Elkarlanerako deia izaten da Korrika, eta abiaburuan halaxe izan zen. AEK (eta, beraz, Korrika ere bai) herri-mugimendua da; herrikoitasuna eta izaera irekia funtsezko oinarritzat ditugu, Euskal Herri osoaren batasuna adierazteko. Ezin dugu, bada, hori guztia ahanzturaren hautsetan desagertzen utzi. Korrika amaitzearekin batera, ezin gara geldirik lotu, eskuak gurutzatuta eta arnasestuka, izerdia xukatzen.

Korrika ez da euskararen aldeko lasterketa hutsa: giltzarri izan liteke, baldin eta hori ikusteko, ulertzeko eta erronkatzat hartzeko prest bageunde. Testuinguru jakin batean gertatuko da, zeinetan asko eta asko sinetsita gauden jauzia egiteko unea dela. Hizkuntza-politiketan harago joan behar dugu, eta horretan eragiteko urrats bateratuak egin behar ditugu.

Bai, argi dago, ezinbestean horrela izan behar du; hau da: atzerako kontaketak aurrerako kontaketa izan behar luke. Horixe behar dugu. Marraz eta idatz dezagun euskararen etorkizuna, aurrerako kontaketarako istorioaren lehen orrialdea. Eta denon arduratik eta konpromisotik, orrialde horrek segida izango du: euskararen Pizkunde berria.

Euskaltzaletasunak ereingo du euskararen geroa bermatzeko hazia, marraztuko du bidegurutzetik ateratzeko bidea, eta indar-metaketa hori izango da botere politikoa dutenengan eragiteko giharra, euskararen normalizazioa eta biziberritzea auzi politikoak direlako. Euskaltzaleon garaia da! Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu dadila Korrikaren garra!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA