Urtez urte, alderdi ezkertiarretatik hainbat kontzeptu, erretorika eta narrazio nabarmentzen dira, eta, horien bidez, gure inguruan egunez egun itotzen gaituen sistema suntsitzailearen aurkako pentsamendu kritikoago bat eskaini. Kolonizatutako nazioen askapen mugimenduek, inperialismoaren edo kapitalismoaren aurkako kritikek, teoria feministaren ekarpenek zein beste hainbat gogoetak lagundu izan digute galderen bidez eztabaida sortzen. Horrez gain, azken boladan eskuinaldean koka ditzakegun diskurtsoek sekulako arrakasta jaso dute, nire amonak berak ere barneratuta dituen kontzeptu ekitatibo eta aurrerakoiak elkarrizketatik baztertuta.
Baina ez da soilik trad wife estetikaren kontua, ezta landa bizitza erromantizatzearen arazoa ere. Herri txiki bateko neska izanik, itxura tradizional horrekin aurkeztu daitezkeen hainbat gauzarekin bat egin dezaket: ez dut plastikoz ontziratutako elikagairik erosten, bertako nekazaritzatik elikatzen naiz, eta abar. Oso kontziente naiz horretaz, beti nahiago izan dut mendian murgildu hirira hurbildu baino.
Argi dago gizarte bateko biztanleriaren dentsitatea eta baldintzatzaile ekonomiko zein materialak estuki lotuta daudela gizartearen ideia nabarmenekin. Horregatik, ez da batere harrigarria etxe txikietan eta jendez gainezka dauden hirietan hazi den jendeak lekuz aldatu nahi izatea, bere bizitza erabat aldatzeko nahia izanez. Hasiera batean logika honek zentzuduna dirudi, mendiko bizimoduak baldintza ekologiko egokiagoak ekar ditzake lasaiago eta estres gutxiagorekin bizi ahal izateko.
Esan nahi dudana honako hau da: hirian, auzo periferiko eta, batez ere, auzorik pobreenak eduki dezaketen banaketak eragina dutela bizirauteko moduan, ez soilik fisikoki, baita mentalki ere. Biziraupen egoera hau ezin da luzaroan mantendu. Horregatik, normala iruditzen zait jendeak bizimodu tradizionala besarkatzea, iraganeko molde horiek gorestea, familia dirudunenen nahi eta asmoetara egokitzeko idealizatua izan den bizimodu baten bila.
Ez ditut modernitatearen ondorioz sor daitezkeen arazo sozialak zein bitalak gutxietsi nahi, baina nabari dezaket sare sozialetan bizimodu tradizionalagoa goresten duen jende askok ez duela inoiz asteburu bakar bat ere igaro argindarrik, estaldurarik eta ur berorik gabeko baserri batean
Hala ere, txanponaren beste aldea ahazten zaigu. Ez ditut modernitatearen ondorioz sor daitezkeen arazo sozialak zein bitalak gutxietsi nahi postmodernitatearekin bat datorren erretorika aldarrikatzeko, baina noski, argi nabari dezaket sare sozialetan bizimodu tradizionalagoa goresten duen jende askok ez duela inoiz halako testuinguru bat bere larruan bizi izan. Badirudi inoiz ez dutela asteburu bakar bat ere igaro argindarrik, estaldurarik eta ur berorik gabeko baserri batean. Landa eremuko neskak ez gara eskuindarrak. Herri txikietako neskak ez gara eskuindarrak, ziurtatzen dizuet, benetan. Estetika hori duten neskak ere ez dira nahitaez eskuindarrak. Horregatik, honako galdera hau bota nahiko nuke: Noiz uzten dio aukera pertsonal batek aukera soil izateari, eta beste emakumeentzat arau bihurtzen hasi? Nolabait, galderaren erantzunak sakontasuna merezi du.
Ustez, erlijioarekin lotuta dago, eta, azkenaldian, gizon batek emakume baten pentsamenduan eta erabakietan izan dezakeen boterearekin. Hau da, trad wife-en eta eskuinaren estetikaren gorakadaz hitz egitean, ez gara ari askatasunez eta gizonen begiradaren kontziente izanik bizitza tradizionala aukera dezaketen emakumeei buruz. Horiek, noski, argi ulertu dezakete gizonen begiradak zeharkatu duela beren heziketa, kontzientziaz jokatu dezakete. Ez, ez, ez. Estetika honen parte kezkagarriena ez dago egiten diren jarduera ikusgarrietan, gizonei atsegin eman eta haiek asebetetzeko helburuarekin eginak direnean bihurtzen dira kezkagarri, haien botereari men egiteko helburuarekin sortuak daudenean.
Horrela, gisatu baten antzera, pixkanaka-pixkanaka propaganda eskuindarra narratiba popularrean zabaldu da, gaur egun sareetan entzun ditzakegun iritzi basatiak normalizatu arte, poliki-poliki diskurtso mota honetara moldatuta gure moral kolektiboa. Bestalde, kontsumitzen dugun edukia algoritmo jakin batek gomendatzen duenez, erradikalizazio prozesuak ia nabari ez den gradualizazio bat eduki dezake. Hau guztia neska soft izateko tutorialekin hasi zen, senarra lanean ari den bitartean janaria prestatzea eta haurrak zaintzea defendatzen zuen diskurtsoekin. Azkenean zorakeria honetan murgilduta ikusi dugu geure burua, eta hainbat emakume agertu dira, batez ere Estatu Batuetako mormoiak, etxeko boto bakarraren alde egiten. Sareetan aurkitu ditzakegun emakume horiek sufragioa lortu aurreko garaietara itzultzeko nahia defendatzen dute, hau da, boto eskubidea kendu nahi digute. Imajina ezazu momentu batez gure arbasoek zenbat sufritu behar izan zuten;Â pentsatze hutsarekin sekulako lotsa senti dezaket gaur egungo egoerarekin. Lotsagarria eta harrigarria da honelako narratibak nolabait zabaldu izana.
Diskurtso horiek mendekotasuna askatasun gisa aurkezten digun kontraesanaren menpe daude. Gezur horren baitan altxatzen dira hain famatuak bihurtu diren narratiba eskuindarrak, askatasuna hitzaren banalitatearekin batera.