Urteurrenek duten xarmarekin igaro dugu aurtengo ekainaren 20a Ignacio Ellacuria Fundazioaren ingurumarian gauden pertsona eta taldeak. Hogei urte dira Jesusen Lagundiak ausardiaz eta konpromisoz erabaki zuela garai hartako biztanle atzerritarren beharrizanetarako antolatuko zela; 2006. urtean %4Â ziren.
Kopuru txikia izanik ere igarri zuten ez zela denborarekin kopurua txikituko; aitzitik, gure gizartea gero eta aniztasun gehiagoz apaintzen joango zela. Aurreikuspen harekin, garai hartan migratzaileen beharrizan zehatz batzuen bidelagun nahi zuten izan Ellacuria Fundazioaren bitartez. Eta erakundeari behar zuen hauspoa emateko prest aurkitu zituzten CVX, Arrupe elkartea eta Mariaren Lagundia.
Hiru erakundeek, Fundazioaren bitartez, migratzaileek gizarte partaidetzarako, antolamendurako eta ahalduntzerako prozesu kolektiboetan parte hartzeko eta kulturen eta erlijio askotarikoen arteko harremanak eta topaketak ahalbidetzeko espazioak sortzeko aupada eman zuten.
Ausardiaz eta konpromisoz errealitate berri bati aurre egin behar zion erakunde hark izen aproposa behar zuen, eta horregatik Ignacio Ellacuria jesuita portugaletetarrarena aukeratu zen. Ignacio Ellacuriak ausardiaz eta konpromisoz egin zuen bere ibilbidea El Salvadorko errealitatetik abiatuta. Munduko edozein lekutarako lehentasun eta irizpideak baliagarri egin zituen.
Ellacuriaren ereduari esker, errealitateaz jabetu, errealitateari aurrez aurre begiratu eta errealitateaz arduratzeko lekukoa hartu zuen Fundazioak, bere neurri apalean, gehiengo pobretuen artean aurkitzen diren migratzaileen aldeko konpromisoa gauzatzen joateko.
Fundazioaren bitartez, migratzaileek gizarte partaidetzarako, antolamendurako eta ahalduntzerako prozesu kolektiboetan parte hartzeko eta kulturen eta erlijio askotarikoen arteko harremanak eta topaketak ahalbidetzeko espazioak sortzeko aupada eman zuten
Bidea jorratu zen heinean migratzaileen aldeko konpromisoa zein eratara eraiki ikasten joan gara. Bide honetan ezaguterraz egiten den gure eredu propioari forma eman diogu. Eredu honek erakutsi duenez, pertsona eta familia migratzaileak, talde profesionalak eta harrera komunitateak dira abegikortasunaren funtsezko indar eraldatzaileak. Hiru eragile horien artean sortzen diren elkarren arteko eraginek errealitate berri bat eratzen dute, aurretik existitzen ez zena, eta abegikortasunarekin edo ospitalitatearekin antz handia du.
Hiru protagonista horien arteko elkarreraginek ez lukete ibilbidea egin ahal izango sarean lan egiteko ahaleginik gabe. Gizartea komunitate bat bezala ulertzen dugunontzat, elkar topatzeko komunitatea bederen, ezinbestekoa zaigu gizartea saretzen joatea, saiatzen joatea behintzat. Horregatik, ibilbide honetan ezinbestekoak izan dira komunitate sareak eta administrazioak, gertukoak eta urrutikoak; erakundeak, handiak, txikiak eta ertainak, eta herritarren elkartasun sareak.
Bide oparoa egin dugu. Bidelagun ederrak izan ditugu. Jakin badakigu gure herri eta hirietako kaleetan pertsona abegikor asko daudela. Anonimotasunean, isilean, protagonismo nahirik gabeko pertsona askok euren etxeak zabaltzen dituzte, gure auzoak toki xamurrak bihurtzen dituzte. Denon gizartea dugun hau, benetan, euskaltasuna askotariko eratan eraikitzen dute.
Gizarte anai-ahizpakorrago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu. Ausardiaz eta konpromisoz bizi diren pertsona asko dago gure artean. Baita erakundeak ere. Bide berriak behar ditugu aurkitu eta sortu. Horretan gabiltza. Hor aurki gaitezke.