Oihane Amantegi (L)

Azken nobedadeak

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Banindoan aurrekoan Bilboko zabalguneko kale random batean barrena oinez, eta han non ikusi nuen ordura arte fitxatu gabeko liburu-denda bat. Liburu-dendaren erakusleihoan, azken nobedadeen artean eta azken nobedadea balitz bezala, Natalia Ginzburgen liburu bat gaztelerara itzulia eta argitaratu berria: Familia y Burguesía. Bi nouvelle, biak liburuki bakarrean bilduak, autoreak 1977an publikatu zituenak eta izenburutik asko aldendu gabe izenburuei buruz ari direnak. Ez ditut oraindik leitu; ez familia, ez burgesia.

Ez diot baina, horratio, egundo Ginzburg irakurtzeari utzi. Ez dut hemen egingo ez promoziorik –edo bai–, ez erreklamorik –edo bai–, datozen egunotan liburuaren eguna ospatuko dugula eta, baina ni beti bueltatuko naiz italiarraren obrara, eta gelditzen zaidan bizitza marabilloso honetan zehar haren obrara bueltatu nahi duen pertsona izaten jarraitu nahi dut. Dena den, txokea eragiten dit oraindik aspaldi hildako autoreen lanak liburu-dendetako eta azoketako nobedadeen artean ikusteak, ze mikrosegundo batez bada ere, eta modu total irrazional eta fanatiko batean, pentsatu nahiko nuke, egiaz egiaz, ostia ze ondo Ginzburgek atera duela bere azken lana, zenbat denbora zain. Bizirik balego bezala. Gustatuko litzaidakeelako, hilda egonda ere, emakume fantastiko hark zerbait berria bidaltzea noizean behin, baina ez naiz ibiliko ni, gauzak dauden moduan egonda, inor molestatzen.

Zeren eta niri beti irudituko zait ondo Ginzburg, guztiz kroniko Turinen edo Erroman Einaudi argitaletxeko eskuizkribuak zuzentzen 1970eko urteetan; edo guztiz anakroniko 2026an, hil eta hogeita hamabost urtera, Ertzilla edo Henao edo Colon de Larreategiko kaleetako erakusleiho batean nobedadetzat agertzen.

Datozen egunotan libururen bat erosten baduzue, pentsatu literaturaren unibertso zabalean badaudela idazketara Ginzburgen besteko debozioz emanda bizi izan diren eta bizi diren idazleak

Eta beti irudituko zait ondo Ginzburg, baina azken berrirakurketatik, batez ere, erreskatatu nahi izan dut testutxo bat izugarri ederra, Bertute txikiak liburuaren baitan lotsati gordetzen dena eta idazle italiarrak bere ogibideari, bere bizibideari eskaintzen diona: Il mio mestiere. Idazketaren ofizioari eskainitako maitasun eskutitza da, hain humanoa, biluztua eta konprometitua, ezen manifestua balitz bezala sinatu nahi duzun. Eta bertan dio: «Nire bizibidea da idaztea eta nik hori aspaldidanik dakit. Espero dut gaizki ez ulertzea: idatz dezakedan horren balioaz ezer gutxi dakit. Neure bizibidea idaztea dela, hori baino ez. (…) Aspaldi ulertu nuen nire bizibidea zela. Bost eta hamar urte bitartean zalantzak neuzkan oraindik, eta pentsatzen nuen ahalko nuela marraztu, edo ahalko nituela herrialdeak konkistatu zaldi gainean, edo ahalko nituela makina garrantzitsuak asmatu. Baina behin hamar urteak bete eta gero beti jakin izan dut». Ginzburgek kontatzen du nola idazten zuen gazte-gaztetatik, eta nola berak egin zituen bere poesia bildumen aurkibideak, eta nola berak apaindu zituen haientzako atzeko eta aurreko azalak. Idazten ez zuenean erbestean sentitzen omen zen. Erbestean. Eskolara joan behar izaten zuela, eta grekoa estudiatu, eta latina eta matematika, baina berak sufritu egiten zuela eta erbestean sentitzen zela idatzi ezin zuelako.

Gazte zela, gizonek eskribitzen zuten moduan eskribitu nahi zuela, terrorea ematen ziola idazten zituenengatik emakumetzat har zezaten. Gero, erditu zenean haurrez eta haiei emanda zegoela, nostalgia sentitzen zuela bete-betean egin ezin zuen lanagatik. Eta geroago, jada ez zuela nahi gizona balitz bezala idatzi, haurrentzako tomate saltsa prestatzen ikasi zuen guztiak bere literaturari eman ziezaiokeenaz ohartu zelako. Edonola ere, argi zeuzkan bizibidearen zuriak eta beltzak, idazteak asko eskatzen ziolako eta batzuetan gutxi bueltatu, baina, hori horrela ere, «beti egon da hor, ez nau sekula ere abandonatu, eta loaldian zegoela uste izan dudanean, orduan ere niri begira sumatu dut bere begi ernaiekin».

Datozen egunotan libururen bat erosten baduzue, pentsatu literaturaren unibertso zabalean badaudela idazketara Ginzburgen besteko debozioz emanda bizi izan diren eta bizi diren idazleak, eta ez ote zaituzten horrek, pixka-pixka bat bada ere, bizitzarekin errekontziliatzen.

* Irene Hurtado de Saratxo Mendietak ekarri zuen Bertute txikiak euskarara 2021ean, Alberdaniarako. Itzulpena eskuetan edukitzerik izan ez dudanez, neureak dira itzulitako lerroak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA