Herrialde normal batean, eskandalua litzateke agintari gehienek beraien hizkuntza arauak sistematikoki urratzea, ezohiko egonkortze prozesu batean garbitzaileak, egoitzetako zaintzaileak eta beste langile publiko interino asko lanetik baztertzeko. Baina Euskadin hori ez da horrela.
Gure kasuan, hizkuntza eskakizunentzako derrigorrezko indizeen 1989ko erregela dugu. Horren arabera, Euskadi osoan oinarrizko hizkuntza eskubide berberak bermatzeko, ezberdinak dira beharrezko eskakizunak Barakaldon eta Azpeitian. Baina pellokeria hori haustea ohikoa bihurtu da, eta aldarrikatzea probokatzailea dela dirudi.
Eta batzuk antolatzen garenean lanean baztertuak izan diren pertsona horietako gutxi batzuei laguntzeko, neurrigabeko (eta horregatik ilegalak) hizkuntza oztopo horien aurrean dagokien babes judiziala jasotzeko helburuarekin, erantzuna eraso zital eta sektarioa izan da.
«Praktika antidemokratiko eta pseudomafiosoak» leporatzen dizkigute, gure jokabidea lan eskaintza publiko bati errekurtsoa jartzera ausartzen ez direnei guk jarritako diruarekin laguntzea izan denean. Kasu honetan, udal bateko administrari postuen %100erako HE3-C1 eskatzen zuten, tokiko %53ko indizea urratuz eta, horrela, hori egiaztatzen ez duen euskal biztanleria helduaren %83 baztertuz.
Pelikula honek gure hizkuntza politikaren desbide antidemokratikoari buruzko gakoak mahai gainean jartzen ditu. Beraz, baliagarria izan daitekeelakoan, Euskara Denontzat, por un euskera sin barreras elkartearen aurkako azpijoko hirukoitz hau azaldu nahi dugu.
1. atala: Sator bat mugimendu sozial batean infiltratzea
Kaltetuak antolatu nahi genituenean, haien beldurrak taldean gainditu ahal izateko eta/edo aurpegia jartzeko prest zegoen jendea aurkitu nahi genuenean, infiltratua agertu zen. Pertsona horrek, bere egonezina eta prekaritatea alegatu ondoren, oposizioa berari ere irekitzeko laguntza eskertu zuen. Tranpekin ateratako Whatsappeko audio eta mezu pribatuekin nahikoa ez zuen izan, eta geroago bueltatu egin zen, ustezko konfidentzia intimo batekin, gure aldetik euskararen aurkako iruzkinak lortzeko asmoarekin. Bistan da hori ez zuela lortu.
Hainbat urtez eztabaidetan beraien betoa pairatu ondoren, sektore ultranazionalista-gorripardoak gure izena zikintzeko eta gu inhabilitatzeko sator bat erabili izanak bere gupidagabeko hagin schimittiarra agerian uzten du. Jakingo ote dugu zein erakunderen atzean dagoen Maider Garcia hura? Alabaina, jakin badakigu gogaitu egiten dituela guk hizkuntza eskakizunen neurrigabekeriei aurre egiteak, eta orobat aldarrikatzeak euskaltegien doakotasuna, euskara ikasteko liberazioak, belarriprest tituluak, BECeko makroazterketa-errebalidak gainditzea edo Estatuko Administrazio Orokorraren arreta euskaraz behingoz ematea (https://euskaradenontzat.github.io/).
2. atala: Anaia handi konspiranoiko bat, diru publikoarekin finantzatua
Azpijokoaren bigarren elementua hizkuntza eskakizunei buruzko zilegizko errekurtso judizialak sistematikoki monitorizatzen dituztenena da. Kontseiluak, diru publiko dezenterekin, urteak daramatza auzitegien babes eragingarriaren eskubidea –demokrazia guztietan oinarrizkoa– erabiltzera ausartzen den herritar partikularren jarraipena eta ikerketa egiten.
Eta ezohiko egonkortze prozesu historiko batean, dozenaka mila plaza eskaini diren honetan, gure hizkuntza arauak urratzea arduragabekeria dela onartu beharrean, «euskararen aurkako oldarraldiaren» konspiranoia eraikitzen ibili dira. Bere kontuen arabera, «ehundik gora epai» egon dira. Bada, Euskara Denontzat elkarteak lau kasutan beldurrak jotako jendea lagundu du, eta, aldi horretan Euskadiko CCOOk adierazi dituen bederatzi kasuei gehituta, erreklamazioen zati txiki bat baino ez da. Izan ere, arazoa larria izateaz gain, handia ere bada.
3. atala: Sindikatu guztietako afiliatuen inplikazioa ezkutatzea
Azpijokoaren hirugarren zutabea Argia-k jarri du, beharrezko bozgorailu gisa jokatu duen astekari historikoak. Bere libeloa kaleratu baino hamabi ordu lehenago, «errekurtsogile gaiztoak» erantzun zienean inpugnatu egin zuela ELAn afiliatuta hamar urte zeramatzalarik (eta 22 urte bitartekotasun baztertzailea jasaten), nahita ezkutatu zuten. Guztia CCOOren testaferroen obra zela mantentzeko, eta ez aktibista sozialena, sindikatu guztietako afiliatuak tartean geundela. Ez zuten nahi egiak beren filmaren muntaketa zapuztea.
ESK, Steilas, LAB eta ELAko afiliatuek (azkenengoaren delegatuak ere bai), abokatu partikularrekin eta kasuren batean beren zerbitzu juridikoekin, errekurtsoa jarritako prozesuak ezagutu ditugu. Errenteriakoan, gainera, ELAren udal atalak afiliatu batzuk CCOOren atalera bidali zituen, enplegu publikoaren legez kanpoko eskaintzaren aurrean zerbait egin zezaketen galdetzeko. Gauzak horrela, biktimistak eta hipokritak garela entzun beharrak orwelliarra dirudi, non beltzari zuria deitzen zioten eta alderantziz.
Honaino, hau izan da gure istorioa, hizkuntza eskakizunen euskal araudia defendatzeagatik guk ordaindutako prezioa. Badakigu ez dela erraza izango joko zikin hauek amaitzea, baina behintzat saiatzen jarraituko dugu.