Azken hilabeteetan Donostiako Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Carlos Santamaria zentro zuri eta dirdiratsua bisitatzeko aukera izan baduzu eta ehunka ikasle dauden ikasgela erraldoietara sartu bazara, neguko janzkeraren argazki ederra jasoko zenuen: berokiak, txanoak, bufandak… Horixe da unibertsitateko ikasleon egunerokotasuna. Izan ere, Gipuzkoako Campuseko liburutegi handienak ez du berogailua pizten, eta horrenbestez, sekulako hotza egiten du barruan. Kontuan izanda ikasketa ez dela jarduera bereziki aktiboa eta ordu asko igarotzen direla bertan, ikastearen esperientzia erabat desatsegina bihurtzen du honek, bai ikasleontzat, bai bertako langileentzat.
Dena den, hotzak pentsatzen uzten didan une horietan, berogailua ez piztearen erabaki horren atzean zer dagoen hausnartzen dut. Azkar iristen da norbera ondorio hauetara: EHUk ekologikoki zuhurra izatearen izenean, kontsumo energetikoa murriztea iruzur hutsa dela, eta jasangarritasun horren mozorroa erortzean prekaritatea azaleratzen dela. Zergatik diodan hau? Berogailuaren kontuari eraikinak dituen itogin zenbakaitzak, hilabete matxuratuta daramaten komunak eta gabonetan ixten duten liburutegiak gehitu behar zaizkiolako. Eta barkaidazue zinismoa, baina ez dut uste errektore edo dekanoen bulegoetan arazo berak pairatzen dituztenik.
Azken honetan sakondu nahiko nuke, unibertsitatea ezagutzen duen inori astakeria bat irudituko litzaiokeelako. EHUn, beste unibertsitate gehienetan bezala, azterketak eta, beraz, gehien ikasten den denboraldiak, bi garai nagusitan pilatzen dira: urtarrilean eta maiatzean. Hor arazo txiki bat suertatzen da: gabonak. Bi aste horietan, ikasleok jo eta su ikasten gabiltzanean, EHUko liburutegiak itxi egiten dituzte, milaka ikasle non ikasi ez dakitela utzirik. Jakina, denok dugu atseden hartzeko eta jaiegunez gozatzeko eskubidea, baita energetikoki arduratsuak izateko betebeharra ere. Hori guztia ukatu gabe, baina, azterketa garaian ikasleei ikasteko leku bat eskaintzea ez da eskakizun burugabea, unibertsitateak eskaini beharreko ezinbesteko zerbitzua baizik. Hau urteetan aldarrikatu dugu ikasleok eta, zoritxarrez, hau irakurtzen ari zaren heinean, berdin jarraitzen dugu. Azken finean, ikasketaren eta hezkuntza akademikoaren babesle eta sustatzaile nagusia behar luke Unibertsitateak erakunde gisa, baina, dirudienez, gabonak igaro arte itxaron beharko dugu haren baliabideez gozatzeko.
Gauzak horrela, EHUko ikasle donostiar bezala kexa hau mahaigaineratzeko beharra ikusi dut, horixe baita jendeak egoeraren berri eduki dezan bidea, eta aldaketaren bat lortzeko saiakera. Pentsatzen dut hezkuntza sistema publiko eta euskalduna defendatzen dugunon artean badagoela beti egoera onartzeko joera, dagoena dagoela. Askotan ikusten dugu hori, hain zuzen ere, EHUn euskarak duen garrantziarekin. Nire iritziz, ez baditugu sistemaren akatsak nabarmentzen, hau ez da inoiz hobetuko, eta, beraz, guk geuk izan behar dugu kexaren, iradokizunen edo kritikaren bozeramaile handienak.
Batek pentsa zezakeen urte berriarekin aldaketa etorriko zela Carlos Santamaria eraikineko termometroan. Aitzitik, Euskal Herria zuri utzi duen azken borraskak ez ditu gauzak aldatu. Horregatik, eutsi goiari, ikasle! Eta bitartean, ez ahaztu berokia.