Badator Emakumeen Mundu Martxa

Amaia Zufia Kattalin Miner
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Europa ia osoa zeharkatu ostean, irailean Euskal Herrian izango dugu Emakumeen Mundu Martxa. Dakizuenez, martxoan hasi zuen bere ibilaldia, Kurdistandik abiatuta, eta irailaren 28an harrera beroa egingo diogu Euskal Herrian. Hain zuzen, urriaren 4a bitarte, hainbat txoko eta herri zeharkatuko ditu aldarrikapenez beterik iritsiko zaigun karabanak.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformak azken urtea buru-belarri igaro du karabana heltzen denerako prestaketetan, eta, herri nahiz eskualdeen lana dela medio, prest gaude datorren udazkenean astebetez Euskal Herria morez blaitu eta gure borroka, aldarrikapen eta eskubideak plazaratzeko. Izan ere, ekimen berezia da karabanaren iritsiera, Europako hainbat eta hainbat herrialderi testigua hartuko diogulako, emakumeen eskubideen alde gelditu ez dadin; jakitun gara, baina, zazpi egunez herriz herriaritzeak duen lanaz.

Ez gara berriak, ordea, egiteko horretan; hain zuzen ere, Emakumeen Mundu Martxak indar handia izan du mundu zein Euskal Herri mailan bere ibilbidea 2000. urtean hasi zuenetik. Hala, bost urtetik behin martxak izaera propioa hartu izan du gure lurretan, eta txoko guztiak aldarrikapenez betetzeko gaitasuna izan du. Aurten ere, Gure gorputzak, gure territorioak lelopean, hainbat eta hainbat gai jorratzeko baliatuko dugu.

Azken urte honetan hainbat lanketa egin ditugu, hain justu EHEMMrentzatgarrantzitsuak ziren gaiak identifikatu, adostu eta lantzeko asmoz. Eta, noski, karabana heldu bitartean hainbat lanketa egin ditugu, hitzaldi, asanblada eta topaketa ezberdinetan.

Hain zuzen, lau ardatzetan banatu ditugu gure aldarrikapenak: «Sistemarteko indarkeria» EMMren ardatz nagusietako bat indarkeria izan delako, eta Euskal Herrian ere gure egiteko nagusietako bat indarkeria sexistari aurre egitea izan delako, hala nola erailketen aurreko protokoloak martxan jarriz edo salaketak eginez; «Bizitzaren iraunkortasuna», argi dugulako krisi deitzen dioten honetan emakumeok pairatzen dugun indarkeria eta prekaritatea handiagoa dela, eta alternatibak ere baditugulako, zehazki, bizitza erdigunera ekartzen dituzten politikak aldarrikatu nahi ditugulako; «Gorputzak eta sexualitateak» lantzen ditugu, hain zuzen, badakigulako gure gorputzetan inskribatzen direla esanahi eta indarkeria asko, baina badakigulako, gainera, gure gorputzak eraldaketarako arma ere badirela, hala, desirez, lesbianismoaz, transexualitateaz... ere mintzatu nahi dugulako; eta «Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea», argi dugulako helburu nagusietako bat emakume eta feministak saretu eta batzea dela, indargunea dela hau bera, eta espazio ireki eta anitza izatea nahi dugula. Noski, argi dugu aniztasuna izateko landu egin behar dugula; hala nola, denok gure tokia izan dezagun espazio komunak sortu eta mantentzen.

Lan ildo hauek zabalak eta anitzak dira, plataformaren izaera bera islatu nahi dutelako. Izan ere, EHEMMko plataforma hainbat talde, eragile, sindikatu eta GKEk osatzen dute, eta berebiziko garrantzia izan du prozesu luze honetan horiek guztiak batzeak.

Noski, parte hartzea herri, auzo eta eskualdeetan hasten da. Horregatik, azken hilabeteetan atxikimendu kanpaina batean murgilduta ibili gara, babesa ematen diguten eragile zein martxa igaroko den herrien babesa jasotzen. Pasatuko den herriekin lanketak egiten eta ideia eta borrokak batzen. Izan ere, EMMren oinarrietako bat elikadura subiranotasuna da, eta hala, landaketa sinboliko baten bidez, hamarnaka eragile zein herrik haien aldarrikapenak landatu dituzte babesa emateko.

Horrekin, EMMri babesa adierazteaz gain, frogatu ahal izan dugu Euskal Herrian izugarrizko sarea garela, eta, nola ez, martxa heldu aurretik indarra erakusten duela. Beraz, norbanako zein kolektiboen atxikimenduen mapa oparoa bildu dugu eta biltzen jarraituko dugu. Hori baita oinarria, herrietan antolatu eta tokian tokiko behar eta aldarrikapenak jasotzea.

Izan ere, irailaren 28an martxa Tafallatik sartzen den unean, egunean hiruzpalau herri edota geldialdi egingo ditu, eta bertan hainbat egitasmo eta harrera antolatzen dihardugu herriz herri. Deia egiten diegu horregatik Euskal Herriko emakume guztiei inguruko plataforma, asanblada edo taldeetara batzeko eta martxan parte hartzeko. Ongi etorri emakume, ideia eta parte hartze guztiak.

Bestalde, norberaren herrietan parte hartzeaz gain, urriaren 4an Bilbon egingo dugun ekitaldi nagusirako deia ere zabaltzen dizuegu, Euskal Herri osoa gurutzatu ostean, eta herriz herri haziak jaso ostean, Galiziara testigua pasa aurretik egun osoko egitaraua duen jaia antolatuko baitugu.

Izan ere, lelo orokorrak dioen bezala, Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte, eta horretan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.