Baga bat Igeldon

Martin Garitano.
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Gipuzkoako oposizioko alderdien nahia, eta geldiarazi egin du, erresalbuz, Igeldo udalerri izateko bidea. Denborak nori bere arrazoia, eta, hilabete gutxiren buruan, auzia amaituta egongo da. Orduan jakingo dugu Igeldok eskuratzen ote duen igeldotarrek nahi duten egoera eta, herri izateaz gain, udal ere izango den, ala EAJ, PSOE eta PPren iritzia gailentzen den, eta Igeldok jarraitu behar ote duen, ofizialki, Donostiaren auzo izaten.

Bide luzea egina du auzi honek, urte luzetan egon da korapiloa askatu gabe, eta eztabaida amaiezin antzuetan murgildu nahi ez badugu, komeni da gauza batzuk argi uztea.

Komeni da, esate baterako, gogoan izatea herritarrei iritzia galdetu zaien bakoitzean udal izateko aukeraren alde izan dela, beti, gehiengoa. Argiagoa izan zen hautu horren erakusle azken galdeketa, Foru Aldundiaren babesean eta berme guztiekin egina, herri partaidetza prozesu eredugarri baten ostean.

Igeldo ezagutzen ez duenari—ez naiz ari gipuzkoar guztiok ezagutzen dugun jolas parke kutun horretaz, noski— esango nioke herriak bere nortasuna duela, bere ezaugarri propioak dituela, bere kultura, bere ohiturak, bere hizkuntza… Hitz batera, alboko herrietatik bereizten dituen ezaugarriak. Bergararrak ez gara oñatiarren, arrasatearren edo plaentxiarren berdinak. Ezagutzen gaituzuenok ez duzue dudarik izango. Donostiarrak eta igeldotarrak ezagutzen dituzuenok zalantza gutxiago izango duzue oraindik.

Aitortu beharra dago, gainera, arrazoi juridikoak beti lagundu izan diela hamarkada luze hauetan desanexioa eskatzen aritu izan direnei. Izan ere, herrigune bat da, Donostiatik zenbait kilometrotara bereizia; behar adina biztanle ditu, espedientea abiarazi zenean foru arauak eskatzen zuen gutxienekoa; eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa guztiek erakutsi dute, behin eta berriz, udala kudea daitekeela arazo berezirik gabe, Gipuzkoako gainerako 88 udalek gainditu beharrekoez gaindi.

Garrantzizkoena, baina, hauxe da: herritarren borondate aske eta demokratikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak soilik ariketa demokratikoa egin du Igeldon; erabakitzeko duten eskubidea praktikan jarri du. Eta batzuen erantzuna auzitara jotzea izan da, erabakitzeko eskubidea judizializatzea. Epaile batek erabaki dezan igeldotarren ordez. Ez zait oso zuzena iruditzen.

Aitor dezagun garbi: Igeldo ez da inoiz ongi zaindua izan Donostiako auzoen artean. Ez Donostiako Udalak hartu izan du hiriaren partetzat, ez inbertsioak egin ditu beste auzoetan bezala, ez aintzat hartu ditu herritarren eskaerak. Axolagabekeria horrek sakondu egin du Igeldoren askatu nahia. Izan ere, Igeldok uste du hobe izango duela bere baliabideak antolatu, bere bizikidetasun arauak erabaki, bere hirigintza kudeatu, bere gastuen lehentasunak erabaki… Donostiaren makineria burokratiko indartsu horretan jarraitu baino, lehentasun guztietan azken lekuan gelditzen baita.

Horrenbestez, hausnarketa bat egin nahi nuke, Aldundiak emandako erabakiaren koherentzia eta zuzentasuna argi ikus dezagun. Herri galdeketaren emaitzak jakin zirenean, Igeldoko plaza pozez gainezka ikusi nuen. Ondo ezagutzen ditut, badakit une historikotzat bizi izan zutela, bide berri baten hasiera ikusten zutela, denek lagundu beharrekoa, etorkizun hobea sortzeko. Egun hartan, nik ez nuen donostiarren artean saminik edo etsipenik ikusi. Igeldok hor jarraitzen du, beti egon den lekuan, eta hango bazterrak, jendea edo sagardotegiak atsegin ditugunontzat bertako antolamendu ereduak ez digu ezer kentzen. Ezer ere ez.

Hortik aurrera, galdetu beharko dugu zein arrazoi duen EAJ, PSOE eta PPren oposizioak halako zakarkeriaz jotzeko erabaki natural, zibilizatu eta demokratiko baten aurka. Zergatik sortu nahi dute alarma, argudio xelebre horiekin, autobus linea bat finantzatu beharra aipatuz, adibidez? Gipuzkoako gainerako herriak bakartuta bizi ote dira lehorrez, itsasoz eta airez? Zergatik asaldatu nahi dute donostiar jendea, Igeldoren lur sailaren galera argudio apokaliptiko bat bihurtu nahirik? Zertan eragiten digu Antiguan, Grosen, Altzan edo Amaran bizi garenoi? Erantzuna argi dago: ezertan ere ez.

Aurkakoek diote Donostia txikiagoa izango dela Igeldok bere bidea egiten badu. Oker dira, okerrago ezin. Donostia handiagoa izango da herritarren aukera askatasuna errespetatzen badu, ulertzen badu herrien arteko harremanak senidetasunean, elkarren errespetuan eta lankidetzan oinarritu behar direla, inposizioak albora utzita.

Orain, igeldotarren nahia hain argi azaldu denean, eta sortu duten frustrazioagatik larritua, beste formula batzuk aipatzen hasi dira: deszentralizazioa, elkarlana, herritarren eskaerak aintzat hartzea… Susmoa dut berandu datozela. Hamarkada luzetan bizi izan dira Igeldori bizkarra emanda, eta han goian, jendeak beste bide bat hartu du. Gipuzkoako 89. udala izan nahi du Igeldok. Eta baga hori ez du geldiaraziko kautelazko neurri batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.