‘Esnatu ala hil’ liburuaren egileak

Bagara, eta esnatuko gara

Garikoitz Goikoetxea eta Iñaki Iurrebaso
2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bagarela, euskararen hizkuntza-komunitatea bizi-bizirik dagoela erakutsi du Korrikak beste behin ere. Gorputza jarri diogu euskarari: burua eta bihotza, zangoak eta eskuak, irribarreak eta malkoak. Hori da Korrika: lasterkaren nekea eta ibili nahiaren ilusioa. Euskara garela erakutsi dugu. Euskara ez dela eskakizuna, indizea, derrigortasuna, inposizioa; euskara ez dela zenbakia, diagnostikoa, plangintza, esku-hartzea. Euskara gu geu garela. Eta bagarela.

Bagarela, horixe bera sentitu dugu azken hilabeteotan, Esnatu ala hil liburuak nolako harrera izan duen ikusita. Egarria sumatu dugu, euskararen egoeraz hausnartzeko gogoa, eta, are, premia gorria: mito batzuk eraisteko beharra, geure buruari bizkarrekoka ez aritzekoa, zer gertatzen ari zaigun ulertzekoa. Hirugarren edizioan doa Esnatu ala hil, 55 aurkezpen-saio egin ditugu, eta 2.100 lagunek parte hartu dute —liburua argitaratu aurreko aurkezpenak ere batuta, 114 hitzaldi eta 4.900 entzule dira—. Gehiago izango dira datozen hilabeteetan.

Bagarela, eta zer-nola gauden jakiteko bidea ematen dute herriz herriko saioek. Aldartean nola gabiltzan, alegia. Joera izan da euskararen egoera eta bilakaera irizpide dikotomikoen bidez epaitzeko: zuri ala beltz, ondo ala gaizki, arrakasta ala porrota. Arrakastaz mintzo dira batzuk, eta ez zaie arrazoirik falta: euskararen indarberritze-prozesua eredu da munduan. Hutsuneez mintzo dira beste batzuk, eta badituzte motiboak: ez gara espektatiba guztiak betetzen ari. Bietatik daukagu: asko egin da, baina ez aski. Eta horrek ezinegona sortzen du.

Bagarela, baina ez gaude momenturik distiratsuenean. Kaleko euskaltzaleen artean nabari da halako neke-giro bat. Denbora daramagu euskararen bidegurutzeaz hizketan, beste bide batzuk bilatu nahian, aurrera egiteko pizgarri berrien esperoan, eta lainoaldi luze honek badu eragina euskaltzaleen aldartean. Tentuz zaindu behar da hori: euskaltzale aktiboen premia handia du euskarak, eta horiek etsitzeak komunitate osoa makaltzea ekarriko luke.

Herriz herriko saioetan, sumatu dugu badagoela gazte euskaltzaleen masa interesgarri bat, ilusioz datorrena eta erreleboa hartzeko prest dagoena. Baina lekua egin behar zaie, baita fisikoki ere

Bagarela, baina izan ginenari begira gaude maiz. Nostalgiaz. Ez da harritzekoa, alde batetik. Olatu handi batetik gatoz, hizkuntza gutxituetan erabat ezohikoa den goraldi handi batetik, oso berezia zen testuinguru batetik. Baina aldatu egin da egoera: mundua azkar aldatzen ari da, Euskal Herria ere bai; herritarren bizimoldeak nabarmen eraldatu dira, euskaldunenak ere bai. Geure begiekin ikusi dugu nola ari den euskararen olatu hori aparra galtzen. Egoera horretan, izan dezakegu arriskua iragana idealizatzeko eta egungo egoeran porrota soilik ikusteko. Pesimismoan erortzeko arriskua benetakoa da euskaltzaleen artean: uste izatea egindako lanak ez duela ezertarako balio izan, alferrekoa izan dela dena. Ez da hala: ez ditugu bete amets guztiak, baina euskara sendoago dago orain 40 urte baino.

Bagarela, baina gazteak falta omen ditugu, gazte euskaltzale aktiboak. Bada zer hausnartu. Batetik, hizkuntza-biografiak: euskararekin zer bide egin duten belaunaldi batzuetako eta besteetako euskaldunek. Konparazio azkar bat. Zein da Euskal Herriko 65 urtetik gorako euskaldunen profila? Gehienek etxean jaso zuten euskara, erraz egiten dute euskaraz, eta beren larruan ezagutu dute euskararen agonia eta euskaldunen bizi-nahia. Eta zein da gazte euskaldunen profila? Gutxiengoak du etxean jasotako hizkuntza, gutxiengoa moldatzen da euskaraz erraz, eta euskararen ametsa herentziaz jaso dute. Euskaraz dakitenen bolumena askoz handiagoa da gazteen artean, bai, baina bestelako ibilbidea izan dute gehienek, eta oso bestelako testuingurua. Horrek guztiak eragina du haien hautuetan. Bestetik, hazkura handiagoa sor dezakeen galdera: euskaltzaletasun-espazioetan prest ote gaude gazteei benetan lekua egiteko, haien ikuskerak eta moldeak aintzat hartzeko, eta, finean, euskararen etorkizunerako ametsa haiek ekoiztuko dutela onartzeko? Herriz herriko saioetan, sumatu dugu badagoela gazte euskaltzaleen masa interesgarri bat, ilusioz datorrena eta erreleboa hartzeko prest dagoena. Baina lekua egin behar zaie, baita fisikoki ere. Adibide interesgarri bat. Aiaraldean prozesu bat hasi berri dute Esnatu ala hil liburua abiapuntutzat hartuta, eta lehen batzarrean ehun lagun bildu dituzte, gonbidapen bidez. Lehen mugarria: parte-hartzaileen erdiak 35 urte baino gutxiagokoak izan dira, aurrez irizpide hori finkatuta; horra lekua egiteko ariketa. Eta bigarren gako garrantzitsua, gonbidapenean argi adierazi dutena: «Maitasunez eta errespetu handiz diogu: nekatuta edo etsita bazaude, ez zaitez etorri. Egoeraren larria ulertu, eta etorkizun ilun hori gainditzeko energia eta anbizioa behar dugu».

Bagarela, eta izan nahi dugula. Euskara gara aldarrikatu dugu Korrikan, eta ez genuke bistatik galdu beharko nondik garen euskara: aurreko hamarkadetan eraikitako oinarriak eta eginahalak ekarri gaitu gaurdaino. Gisa berean, orain egingo ditugun urratsek zehaztuko dute zer-nola izango den euskara datozen hamarkadetan. Pausoak nola eman, gogoeta batzuk plazaratuko ditugu orriotan datozen asteetan. Korrika segitu behar baitugu bihartik aurrera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!