Bahitura Haritzalderi

Mikel Alfonso Toribio
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azkenean Donostiako Udalak egin du. Bertako zuhaitzen haziak kalean debalde banatzeagatik kobratu nahi izan zigun eta guk uko egin genion ordaintzeari. Mehatxuzko gutunak iritsi ziren eta azkenean burutu dute. Kontutik bahitu dizkigute eskatzen zizkiguten 18 euroak. Kontua ez da kopurua, baizik eta ekintza bera eta horren atzean dagoena.

Bitxia da, gehiegitan gizarte mugimenduek eta elkarteok egin behar dugu Administrazioak berak egin beharko lukeena: babestu, kontserbatu eta ongi kudeatu natura, aldi berean gizartearen konplizitatea bilatuz sentsibilizazio eta heziketaren bidez. Gainera, oztopoak eta trabak topatu izan ditugu eta burokraziarena edo tasak kobratu nahi izatea adibideak baino ez dira. Esan bezala, harrigarria bezain mingarria da erakunde publikoek, gure ondare naturala eta biodibertsitatea babestu beharko luketenek, etengabe eraso egiten diotela ikustea, horiek arriskuan jarriz. Beraiek zaindu beharko lituzkete politikariek beraiek onarturiko legeak, naturaren kontserbazioa errealitate izan dadin. Araudi hori guztia betearazi beharko lukete gauza guztien oinarria den lurra babeste aldera. Beraiek dira lehenak, ordea, horiei muzin egiten edo, egileak interes pribatukoak direnean, beste aldera begiratzen. Ingurumen alorrean legeak batitugu, baina, maiz, ez nork aplikatuko dituen. Naturaren kontserbazioan, antzeko. Agindua oso argia da, artikuluek garbi esaten dute mehatxaturiko espezieen habitata kontserbatu beharra dagoela eta ezin dela kaltetu. Bereziki larria da galtzeko arriskuan dauden espezieen kasuan, baina erasoak egunero gertatzen dira, eta maiz administrazioaren oniritzi edo, behintzat, konplizitatearekin.

Argi ibili edozein falta egiten baduzu. Legea urratuz gero, zigorra dator. Orain ingurumen alorrean badirudi denak balio duela, dena dela posible. Isurketa dela, ibai batean, airean, «kontuz ibili» esan eta kitto. Beti da «hurrengoan...». Nola salatuko da penaletik pertsona bat ehizaren inguruko delitu batengatik edo sute bat eragiteagatik! Harrigarria da zenbat delitu izaten den beste erkidego batzuetan eta zein gutxi hemen. Euskadin ez da ezer gertatzen, eta Gipuzkoan are gutxiago. Hori saldu nahi dute eta, besteak beste, horregatik ez zaie interesatzen. Esan bezala, lege batzuk berebiziko garrantzia dute: lurralde antolaketa tresnak, gidalerroak eta planak bete behar dira, eta nahi dutenean ahalegin guztiak eta bi egiten dira onarturiko helburuak lortzeko. Ingurumenari eta naturaren kontserbazioari dagokienez, asmo onak, baina asmoak besterik ez. Hor ez da indarra egiten eta gai horiek, gure biziraupenerako funtsezkoak badira ere, ez dira lehentasun. Hortik bitartekoen eskasia eta borondate falta.

Zorionez, gero eta gehiago dira konprometituriko herri langileak, eta gero eta herritar gehiagok salatu egiten dituzte ingurumenari eginiko erasoak. Ingurumen fiskaltza badago, apenas ikusten den arren. Ertzaintzak badu unitate berezia: zortzi lagun Erkidego osorako! Hor daude ere basozainak, udaltzain batzuk... Pertsonal gutxi eta medio eskasak agintariek batere interesik ez dutelako delitu horien ikerketan.

Bestalde, administrazioak ingurumen zein balio naturalen inguruko gizartearen heziketa eta sentsibilizazioa bultzatu beharko lituzke era berean. Hemen ere hankamotz. Berdeak saltzen du, eta erakusleiho polita da, baina diskurtsoetatik ekintzetara pasa behar da. Krisi ekologikoa globala da, orokorra, eta balizko irtenbideak gizarte osoaren inplikazioa behar du. Erakunde publikoek egiten ez duten kontzientziazio lana, ordea, elkarteok egin behar izaten dugu, eta, maiz, administrazioak lagundu beharrean trabak jartzen dizkigu. Oraingoan Donostiako Udalak, hogei urte baino gehiago hazi banaketa egiten generamatzanean, kobratu nahi izan digu, eta, azkenean, dirua bahitu digu. Espero dezagun hiriko zuhaitzak moztuko dituzten motozerren erregaia ordaintzeko ez bideratzea behinik behin.

Haritzaldetik, egintza penagarria salatzearekin batera, administrazioak medio gehiago jartzea eta legeak betetzea eta betearaztea eskatzen dugu. Guk hor jarraituko dugu lanean jo eta su, beti aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.