Bai amnistiari

2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan berriro jarri da mahai gainean euskal preso eta errefuxiatuen amnistiaren inguruko eztabaida. Hori gertatu da, funtsean, amnistiaren aldeko mugimendu berri baten jaiotzari eta, ostean, aldarrikapen hori zabaltzeko eta hura lortzeko lan egitearen alde 93 errepresaliatu ohik argitaratutako gutunari esker (egun 140 inguru dira gutun horri atxiki zaizkionak).

Bi gertaera horiek, amnistiaren aldeko mugimendu baten agerpena eta errepresaliatu ohiek euren iritzia eman izana, ez dira Euskal Herriak bizi duen errealitatetik isolatuta azaltzen zaizkigun jazoerak, eta eragile ugari gai horri eman behar zaion irtenbidearen inguruko proposamenak egiten ari diren une zehatzean gertatu dira.

Alabaina, gaur kaletik baina lehenago ere beraien ziegatik eta egoerarik gogorrenetan indartsuenaren arrazoian oinarritutako bake faltsuaren ordez justizian oinarritutako benetako bakea bermatzeko irtenbide gisa amnistiaren aplikazioa defendatzen dutenen aurka, hainbat dira esaldi txepel edo bidegabeak zuzenduz amnistiaren inguruko eztabaidari zilegitasuna kendu eta berau baztertu nahian dabiltzan sektoreak. Eta zilegitasuna kentzeko saiakera horren helburua zera da, eztabaida irabaztea eztabaida bera burutu gabe, jakina baita menperatzen duen pentsamoldearentzat gauzen inguruan hausnartu gabe ere zerbait ziurtzat ematea baino garaipen handiagorik ez dagoela.

Unea iritsi da bakoitzak amnistiaren inguruan mantentzen duen jarrera argudioz azaltzeko, gureak argiak baitira. Amnistiak errepresaliatu politiko guztien askatasuna biltzen du, baita azken 55 urteetan eta inolako etekin politikorik espero gabe milaka pertsona kartzelarako, erbesterako edo zuzenean heriotzarako bidea hartzera bultzatu zituen arrazoien gainditzea ere. Amnistiak neurri hau aplikatzea exijitzen zaien estatua demokratikotzat ez onartzea dakar, dela euren arerio politikoen aurka tortura modu sistematikoan erabili duelako, edo gerra zikina praktikatu duelako, edo etsaiaren lege penala erabili duelako, edo etekin politikoak lortzeko kartzeletan biolentzia erabili duelako, edo euren krimenak salatzen zituzten komunikabideak itxi dituelako, edo polizia eta armada (Guardia Zibilaren kasuan) gustuko ez zituzten manifestazioak kaletik ezabatzeko erabili dituelako, edota aurreko denak batera modu konbinatuan erabili dituelako.

Estatu espainolak aipatutako biolentzia guztiak erabili ditu eta frantsesak gehienak, eta gainontzekoetan espainolarekin kolaboratu du. Zentzuzkoa da estatu terrorismo horren aurka borrokatu direnen askatasuna exijitzea, zelan egin duten gehiago ala gutxiago gustatzen zaigun alde batera utzita, gerora gertatutako guztiaren oinarrian estatuen indarkeriazko izaera baitago.

Batzuk amnistia ezinezkoa dela saltzen ari diren argudioa faltsutzat baino ezin daiteke kalifikatu. Elefante batek hegaz egitea ala ilargira bizikletaz bidaiatzea ezinezkoa da lege fisikoen aurka doalako, baina amnistia aplikatzea pertsonen borondatearen pean baino ez dago, edo beste era batera esanda, norbaitek aurrera eramateko ezinezkotasunaz hitz egiten badigu politikoki interesatzen ez zaiolako da, eta are gehiago ukapen hori kondenak bete gabe kartzelatik estatu terrorismoa praktikatu duten hiltzaileak eta era guztietako torturatzaileak askatzeaz gain, hauekbetiko ezgaituta egon beharko luketen karguetarako maila igoera eman dien estatu batengandik datorrenean.

Gai honekiko ezagutzen ari garen gainontzeko proposamenek amankomunean daukatepreso politikoak jasaten ari diren eskubide urraketen ondorioz pairatzen egon daitezkeen sufrimenduaren arduradun bihurtzen dituztela. Pertsona hauek egin zutena txarto dagoela onartuko balute etxetik gertuago egon litezkeela esaten denean, edo euren militantziari uko egiten badiote beraien eskubideekin bateragarriagoa den beste espetxe politika bat aplikatuko zaiela esaten denean, pertsonaren eta ondorioz militantearen deuseztapena helburu duen xantaia politiko argi baten aurrean aurkitzen gara.

Estatu biolentziaren beste adibide bat da hau: estatu horren aurka gehien arriskatu duenak bere borrokaz arnegatzea dakarren etekin politikoa lortzeko biolentzia, hain zuzen ere. Horixe da estatu baten helburu gorena, hori baita inoiz eta inork borrokaren bidez Espainiaren kasuan Francok lotuta eta ondo lotuta utzi zuen hori zalantzan jarriko ez duenaren bermerik handiena. Eta errepresaliatuentzako exijentziak biltzen dituen proposamenak egiten dituena xantaia horri eta estatu bortitz eta antidemokratiko baten aurpegi zuritzeari laguntzen ari zaio.

Azkenik, azpimarratu nahiko nuke kaletik amnistia eskatzea, norbaitek esan duenaren kontra, ez dela erosoena, eta are gutxiago amnistiaren aldeko gutunaren sinatzaileetako batzuek bezala kartzelan 30 urte igaro eta gero, ahaztu gabe lehenago ere Espainiako Estatuak hamarka pertsona torturatu eta kartzelatu zituela aldarrikapen hori defendatzeagatik. Erosoagoa litzateke etxean atseden hartzen gelditzea zure egoera pertsonala konpondu dela pentsatuz, baina benetako iraultzailearen mentalitateak dio bidaiako kideak ez direla inoiz abandonatu behar, eta horregatik bidezkoa dena aldarrikatzen jarraituko dugu. Osasuna eta askatasuna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.