Baionako besten eredua auzitan

Gabrielle Areztegi
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Egoerak gainezka egin du. 2023ko Baionako bestak jende anitzen gogoan geldituko dira neurrigabeko gehiegikeriengatik. Maite ditugu Baionako bestak, maite ditugunez. Zoritxarrez, ezin dugu onartu gaur egun Baionako Herriko Etxeak sustatzen duen besta eredua.

Erailketa bat, bortxaketak, eraso sexistak, jende mugimendu arriskutsuak, Baionako karrikak komun publiko bilakaturik, Baiona Ttipia eta Handia izarren azpiko diskoteka erraldoi gisara antolaturik, auzo horietako biztanleen ezinegona...Fenomeno horien iturburua aspaldikoa da, baina neurri ausartak hartu ezean, honek txarrera baizik ez du eginen. Argi diogu, Yves Ugalde, Baionako Kultura eta Animazio zinegotziak Sud Ouest-eko elkarrizketa batean adierazi zuenaren aurka: Baionako bestetako gertakari latzak eta giro okaztagarria erabat lotuak dira besta hauetan ematen den masifikazioarekin.

Testuinguru honetan, Baionako bestak, lehentasunez, baionarrak kontuan hartuz antolatu behar direla uste dugu. Jean-Rene Etxegaraik gidaturiko gehiengoaz eta besten batzorde extramunizipalaz harago, Baionako herritarrek hitza eta erabakia izan behar dute gai honen inguruan. Zentzu horretan, txalotu nahi ditugu bai Citoyens Bayonnais taldeak Baionako besten inguruko herri-galdeketa bat antolatzearen alde abiaturiko izenpe-bilketa, baita 2032 Kolektiboak daraman dinamika berria ere. Baionako Herriko Etxeak ezin die entzungor egin iniziatiba hauei. EH Baik Baionako herritar guziak gomitatzen ditu ekimen hauetan parte hartzera.

Baionako bestetan parte hartzen duten eragileek eta herritarrek marraztu behar dute Baionako besten eredu berria. Guk ere, baionarrak izanik, umiltasunez hartuko dugu parte Baionako bestak aldatzeko ekimen herritarretan. Besteak beste, ereduaren desazkundea, eraso sexisten aurkako politika eraginkorragoak, kultura erdigunean kokatzea, sortzen den hondakin kopurua gutxitzeko neurriak hartzea, euskarari balio handiagoa ematea edo Baionako bestak auzo gehiagotara hedatzearen gisako ideiak ditugu gure proposamenen artean. Iruditzen zaigu gaur egungo Baionako bestetan hainbat elkartek euskararen, kulturaren edo elikadura burujabetzaren arloan sustaturiko alternatibak eta haien balioak inspirazio iturri egokiak izan daitezkeela gogoeta honi heltzerako orduan.

Oro har, uste dugu beharrezkoa dela Baionako Herriko Etxeak eramaten duen turismo eta kultura politika galdezkatzea. Masa turismoaren sustapena dute oinarri Baionako bestek, Xingar Feriak edo Eguberrien inguruan antolatzen diren linternen gauen gisako ekimenek. Politika horiek herritarren parte-hartze urria eragiten dute, etekin ekonomikoetara bideraturiko kultur eredua ezartzen dute, ez dira jasangarriak ikuspegi ekologikotik, etxebizitzak eskuragarriak izateko zailtasunak sortzen dituzte... Honako galdera egin behar diogu gure buruari: nolako hiria nahi dugu gaurko eta biharko baionarrentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.