Euskara ikuskari ohia

Bakardadea

Jakes Sarraillet
2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den hilabetean, Estatu Batuetara joan ginen euskal herritar talde batekin, bidaia antolatu batean, bost urtetarik behin Idahoko Boise herrian antolatzen duten Jaialdi besta dela eta.

Parada baliatu genuen hainbat estatutan ibiltzeko (Kalifornia, Nevada, Idaho) eta hango euskal jatorriko komunitatea ezagutzeko. Los Angelesera heldu ginen, eta handik abiatuta, egunero bazkaltzen edo afaltzen genuen Euskal Etxe, txoko edo jatetxe batzuetan. Leku hauek ikurrin, lauburu, koadro eta, oro har, euskal sinbologiaz nasaiki apainduak dira.

Bereziki markatu nauena da hango bazterren handitasuna. Baina ez bakarrik bazterrak. Amerikarren bizimodua ikusteko parada ere izan zen dudarik gabe. Han, dena handiagoa da. Autopistetan —bost edo sei bide zentzu bakoitzean— eta hirien hedadura ikaragarria, besteak beste. Bestalde, konturatu ginen amerikarrek denbora pasatzen dutela jaten eta edaten, kalean, kotxean, denetan eta beti.

Baina idazki honen helburua ez da hango bizi manera aipatzea, burutazio bat adieraztea baizik. Izan ere, gehienetan, oso zaila izan zaigu Euskal Etxeetako jendearekin harremana izatea, haiek ingelesa baizik ez baitakite. Badira jende adindu batzuk, Euskal Herritik hara joanak orain dela berrogeita hamar edo hirurogei urte, gure hizkuntza menperatzen dute, baina azken dinosauroak direla ematen du eta gazte gehientsuenek ez dakite hitz bat ere euskaraz. Kasu hoberenean, gaztelera pixka bat badakite.

Hala ere, euskal jatorri / nortasuna goraki eta harrotasunez aldarrikatzen dute, bereziki kulturaren bidez, baina hizkuntzarik gabeko kultura da haiena, eta nik pentsatzen dut —ziurtasun osoa dut, gainera—, euskararik gabeko euskal kulturarik ez dela; baizik eta itxurazkoa dela, folklorikoa.

Ematen du Idahoko bidaia egin duen Euskadiko lehendakaria ere horretaz jabetua dela, zeren egunkarian irakurri baitut euskara ikasteko laguntzak iragarri dituela, bereziki hango jende batzuk formatzeko, haiek gero kurtsoak eman ahal ditzaten.

Ulertzen dut konplikatua dela baina hizkuntza bermatzea beharrezkoa dela deritzot. Bakersfieldeko unibertsitatean euskal artzainei buruzko erakusketa bat ikusi ahal izan genuen, hor ere dena ingelesez eta arduraduna erdaldun...

Renoko unibertsitateko euskal liburutegia ere bisitatu genuen eta horko zuzendari gaztea, aldiz, euskalduna da, Gipuzkoan sortua. Herri berean, euskal artzainaren bakardadea oroitarazten duen Nestor Basterretxearen monumentua ikustera joan ginen; horko idazkiak bi hizkuntzetan dira.

Gardnerville herrian afaldu baino lehen, Etienne izeneko mutil gazte batek bere familiaren jatetxearen historia euskaraz kontatu zigun. Gure galderei erantzunez, azaldu zigun hizkuntza ikastea beharrezkoa sentitu zuela euskalduna izateko, eta, horretarako, Lazkaoko barnetegira etorri zen bizpahiru aldiz. Baina galdeturik norekin hitz egiten duen euskaraz, erran zigun bere buruarekin egiten duela...

Boisen bertan, beste gazte bat ezagutu genuen, Dani. Hark entzun gintuen euskaraz hitz egiten eta argazkia atera zigun Basque Blocken ondoko monumentu baten alboan. Hitz egiteko gogo handia zuen, eta hari ere galdetu genion nola ikasi zuen hizkuntza. Erran zigun bere aitarekin ikasi zuela, hura markinarra delako. Baina galdeturik norekin hitz egiten duen euskaraz, erran zigun bere aitarekin bakarrik egiten duela...

Bi gazte haiek pena itzela eman ziguten. Artzainen bakardadea euskaldunen bakardadea bilakatua da. Ameriketan ez da gehiago euskal artzainik; bide horretatik segituz, laster ez da gehiago euskaldunik izanen, eta ez du ezer aldatuko Boiseko ikastola txikiak, non dozena bat ikaslek euskara zerbait ikasten duten 6 urte arte.

Argi da hizkuntzaren transmisiorik ez dela izan belaunaldien artean eta ulergarria da, zeren hemen, euskararen herrian, jadanik zaila baldin bada, pentsa han!

ETB2n Boiseko Jaialdiari buruzko Vascos por el mundo emankizuna ikusi dugu, erdaraz. Hor, aho beteka ari ziren los euskaldunes hemendik, los euskaldunes handik! Ez, jaun andereak: euskararik ez dakiten Euskaldunes horiek ez dira existitzen; baskoak edo vascos izan daitezke, besterik ez, eta lerratze semantiko hori oso mingarria da!

Hizkuntza da euskaldun egiten gaituena, ez dantzak, ez kirolak, ez musikak, ez jantziak, ez eta ikurrinak ere. Han eta hemen berdin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.